Mus
Wikipedia(e)tik
Musa Euskal Herrian asmatutako karta-jokoa da. 40 kartako karta-sortarekin jokatzen da, eta jokalariei launa karta ematen zaizkie. Kartok banatu ondoren, lau fase (edo jokaldi) izaten dira, hurrenkera honetan:
- Handira: kartarik handienak nork dituen.
- Txikira: kartarik txikienak nork dituen.
- Pareak: parerik onenak nork dituen; nolabait, zenbateraino diren antzekoak suertatu zaizkizun lau kartak.
- Jokoa: jokorik onena nork duen. Karten balioen baturaren araberakoa da, eta 31 puntu behar dira gutxienez. Inor ez bada horrenbestera heltzen, puntura jokatzen da.
[aldatu] Arau orokorrak
Bi bikotek elkarren aurka jokatzea da ohikoena, bikote bakoitzeko jokalariak aurrez aurre paraturik.
Joko bakoitzaren amaieran tantoak kontatzen dira, hurrengo jokoari hasiera emanez.
Batzuek 4 erregerekin jokatzen dute, eta beste batzuek ordea, 8 erregerekin (hirukoei erregeen balioa emanez, eta bikoei, batekoena).
Mus partida bat 30 edo 40 puntura (ohituren arabera) iristean amaitzen da.
[aldatu] Keinuak
Musean keinuak egin daitezke jokalari batek dituen kartak bikotekideari jakinarazteko, betiere aurkariak ikustea saihestuz:
- Bi errege: beheko ezpainaren erdialdean hozka eginez.
- Hiru errege: beheko ezpainaren ertz batean hozka eginez.
- Bi bateko: mihia atera ahoaren erdialdetik.
- Hiru bateko: mihia atera ahoaren ertz batetatik.
- Mediak (hiru karta berdin): ezpainak ahoaren alde batera estutu.
- Dupleak (bi pare): bekainak jasoz.
- 31 puntu jokoan: begi batekin keinu egin
- 30 puntuan: sorbaldak jaso (edo begi batekin keinua egin zenbaitetan)
- Itsu (ez pare eta ez joko): begiak itxi
- Hiru errege eta bateko bat: ahoarekin zirkulu bat eginez (musu bat); hala ere, hau ez dago lar zabalduta.