Nazio Batuen Batzar Nagusia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Batzar Nagusia

Nazio Batuen Batzar Nagusia Nazio Batuen organo nagusia da eta honen barne dauden estatu guztiak ordezkatuta daude bertan. Estatu bakoitzak boto bana duenez, ez dira bestelako aldagaiak aintzat hartzen, hala nola, biztanleria, Barne Produktu Gordina, arrazoi politiko edo historikoak edo bestelakoak, beste erakunde batzuetan gertatzen den bezala. Beraz, erakunde honetan subiranotasunak dauka indarra, estatu bakoitza subiranoa baita.

Nazio bakoitzak bere kezkak eta arazoak aurkez litzake bertan, guztien artean eztabaidatu daitezen. Gai garrantzitsuetan erabakiak hartzeko botoen bi herenak behar dira.

Batzar Nagusia urtean behin biltzen da. Bilera-saio hauek, gutxienez, hiru hilabeteko luzapena dauka, irailaren hirugarren martitzenean hasita. Hala ere, beharrizanaren arabera, beste edozein unetan bil daitezke.

Zereginak

Hauek dira Batzar Nagusiaren egitekoak:

  • Edozein gairen inguruan eztabaidatu eta erabakiak hartzeko ahalmena du, beti ere, bertan hartutako erabakiak aholkuak edo gomendioak baino ez direla jakinda. Beraz, Erakundearen beste organo guztien aholkulari lana egiten du.
  • Segurtasun Kontseiluaren aholkularitzat jokatzean, hurrengo gaien inguruan aritzen da: elkarlaguntza eta kooperazio internazionala, bakearen mantentzea eta desarmeari buruz.
  • Nazio Batuetako beste erakundeetako kideak aukeratzen ditu, baita kide berriak onartu ere, Segurtasun Kontseiluaren eta Idazkari Nagusiaren onespenarekin.
  • Nazio Batuetako aurrekontuak onartzea. Honetarako, kide bakoitzak zenbat diru ordainduko duen eta diru horri emango zaion erabilpena zein izango den erabakitzen du.
  • Batzar Nagusiak, 1950eko “Union Pro Paz” delako erresoluzioak dioenaren arabera; neurriak har ditzake bakearen egonkortasunari mehatxu egiten deutsan edozein egoeraren aurrean, edota bakea apurtu duten ekintzen ondorioz, Segurtasun Kontseiluak arazo horren gainean erabakirik hartzeko gai ez bada, adostasun faltagatik.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Nazio Batuen Batzar Nagusia Aldatu lotura Wikidatan