Wikipedia, Entziklopedia askea
Estudiantinako bandurria arrunta.

Bandurria pultsatutako hari instrumentuen (kordofonoen) familiako musika-tresna da.

Nolakoa da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lauteak bezala, udare itxurako erresonantzia kaxa du, aho edo leihoekin. Kaxa honetatik giderra ateratzen da. Giderrak traste edo koskak izan ohi ditu eta goialdean hariak afinatzeko larakoa du. Larakoaren eta zubiaren artean hariak ditu tenkatuta. Errondailetako bandurriak 6 soka bikoitz izan ohi ditu. Lautea baino zortzidun bat gorago afinatzen da.

Nola jotzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esku batekin giderra harturik, hatzekin hariak zapalduz nota ezberdinak ematen dira. Beste eskuarekin, hatzez baino maizago plektroz, hariak pultsatzen dira, bibraraztean hotsa eman dezaten.

Zein taldetan entzun dezakegu gure herri-musikan?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian honelako tresnak errondaila edo estudiantina gisako harizko taldeetan jo izan dira. Talde hauek gaur egun urriak badira ere, beste garaietan garrantzizkoak izan dira Euskal Herrian. Oraindik ere, besteak beste, Bizkaiko kostaldean Lekeition (Estudiantina) eta Mundakan (Atorrak), zein Nafarroako Erribera aldean entzun ditzakegu halakoak. Erriberan mantendu da bizien halako soinu-tresnen erabilpena, berezko izaerarekin eta herriko kulturarekiko loturarekin, joten laguntzaile bezala, besteak beste.