Wikipedia, Entziklopedia askea
Armentiako basilika (Gasteiz)

Basilika deitzen zaie eliza kristau garrantzitsuenetako batzuei, hala nola Erromako San Petri basilikari edo Euskal Herriko Begoñako, Arantzazuko, San Ignazio eta San Prudentzio basilikei. Hala ere, hasiera batean basilika izena eraikin zibilentzat erabiltzen zen, eta ez erlijio-eraikinentzat. Antzinako Erroman, justizia auzitegi gisa eta herritarrek bilerak egiteko erabiltzen ziren eraikinak ziren. Basilika hitza grezierako "βασιλική” (basilike) hitzetik dator, eta hizkuntza horretan “erregearen eraikin” esan nahi du.

Basilika erromatarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laukizuzen formako gela handi bat eta bi zutabe errenkada izaten zituzten, hiru habearte eratuz: habearte garai bat erdian eta bi habearte baxuago aldeetan. Basilika erromatarrek eraikinaren alde luzeetako batean izaten zituzten ateak normalean. Epaileak eraikinaren mutur bakoitzean zeuden zati erdizirkularretan esertzen ziren. Eraikinaren erdian zegoen egitura garai baten leihoetatik sartzen zen eguzki-argia.

Erromatar Inperioaren garaian, hiri guztiek zuten basilika bat, foroaren ondoan normalean, eta justizia-auzitegi gisa erabiltzen zuten. Antzoki eta bainuetxeetan ere bazeuden basilikak, askotariko bilerak egiteko erabiltzen baitzituzten, eta merkatuen ondoan ere bai, dendak izaten baitzituzten barruan.

Basilika kristauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IV. mendearen hasieran (K.o. 312an), Konstantino erromatar enperadoreak kristautasuna Erromatar Inperioaren erlijio ofizial izendatu zuen. Kristauek, beren erlijioa etxebizitza pribatuetan ezkutuan praktikatzen ibili ostean, elizak eraikitzen hasi nahi izan zuten beren erlijio-bilkuretarako. Baina ez zutenez nahi elizek tenplu erromatarren itxura bera izatea, basilika erromatarren forma eman zieten.

Basilika erromatarren forma egokia zen, handiak zirelako eta jende asko sartzen zelako barruan, eta habearteak erabilgarriak zirelako jendea mugitzeko. Mutur bateko zati erdizirkularra, abside izenekoa, leku aproposa zen aldarea jartzeko. Basilika kristauek atea beste muturrean izaten dute, albo batean izan ordez.

Konstantino enperadorearen garaian Erroman eraikitzen hasi ziren lau basilika dira basilika kristau zaharrenetako batzuk. Basilika nagusi deitzen zaie lau horiei. Haietako hiru zutik daude oraindik gaur egun, nahiz eta aldaketa asko izan dituzten azken 1.700 urteetan. Santa Maria Nagusia, San Paulo Harresiz Kanpokoa eta San Joan Laterangoaren basilikak dira hiru horiek. Laugarren basilika San Petri basilika zaharra zen, baina XVI eta XVII. mendeen artean gaur egungo San Petri basilikak ordezkatu zuen. Basilika nagusi baikoitzak tronu bat du aita santuarentzat, eta espresuki aita santuak meza emateko eraikitako aldare bat. Beste inork ezin ditu aldare horiek erabili aita santuaren baimenik gabe. Lau horiek ez diren beste basilika guztiak "basilika txikiak" dira.

Eraiki zituzten basilika garrantzitsuak antzinatean Erromatik kanpo ere. Kristauentzat sakratuenetako batzuk Nazareteko (Palestina) Deikundearen basilika eta Jerusalemgo (Israel) Hilobi Santuaren basilika dira.

Gaur egun, 1.600 basilika kristau baino gehiago daude munduan.