Wikipedia, Entziklopedia askea
Baso epelak kolore berdeko lekuetan egoten dira.

Baso epelak planetako bi hemisferioetako klima epeleko lurraldeetan dauden basoak dira. Haietan, urteko batez besteko tenperatura 18 °C-koa da eta batez besteko prezipitazioak 600 mm eta 2000 mm artekoak.

Hala ere, oso baldintza ezberdinak izaten dituzte urtaro eta kokapen geografiko batetik bestera. Hau da, mota askotarikoak izan daitezke, guztiak oso hezeak izan ohi diren arren (% 60 eta 80 arteko hezetasun konstantea).

Bost landaredi geruza bereiz ditzakegu:

  • Lehenengo geruzan urtaro eta likena, lurrean.
  • Bigarren geruza, belarra eta landare herrestariak.
  • Hirugarren geruzan zuhaixkak, hala nola ahabiak eta masustondoak.
  • Laugarren geruzan zuhaitz gazteak, garaiera pixka bat badutenak jada.
  • Azken geruzan, 20 metro inguru dituzten zuhaitzak.

Baso mota honetako lurra emankorra izaten da eta mantenugai asko izaten ditu, deskonposatu egiten diren hosto, adar eta bestelako materia organiko ugari erortzen delako.

Baso epelen ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso hauek prezipitazio asko modu uniformean jasotzen dituzten eremu handiak hartzen dituzte. Urtaro bakoitzaren araberako tenperatura izaten dute, bertan urtaroak argi eta garbi bereizten baitira bata bestetik.

Taigak hasi aurreko eremuetan egoten dira sarritan, eta jende askok taigekin nahasten ditu baso epelak. Ez dira beste baso mota hostotsuago batzuk bezain trinko eta zerratuak, lurretik zerua ikusi baitaiteke.

Baso hauek hainbat erliebe mota ezberdin izaten dituzte. Lautada, haran edo mendietan egon daitezke, kokapen geografikoaren arabera.

Baso epeletako fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso epelek era askotako fauna izaten dute, baina ez baso tropikalek bezainbeste. Bertako espezie askok hibernatu egiten dute izozteak dauden garaietan, hotz handi horiek ekiditeko eta udaberrian berriz ateratzeko. Horregatik, ez dira oso animalia errazak ikusteko, batzuk gauez eta beste batzuk belar artean ezkutatuta ibiltzen baitira.

Bestalde, hegazti, intsektu eta karraskari asko daude, eta baita belarjale handiak (oreinak, altzeak eta basurdeak), haragijale bizkorrak eta orojaleak (hartzak, azeriak, otsoak eta basakatuak). Katagorri, arrabio eta okil asko ere izaten dira.

Baso epeletako flora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koniferoen baso epela

Baso batzuetan espezie hostoerorkorrak dira nagusi, izozte eta elurteetara ohituta baitaude, eta beste batzuetan konifero gehiago daude. Hortaz, baso epel hostoerorkorrak eta koniferoen baso epelak bereiz ditzakegu.

Baso mistoak, hosto zabaleko baso hostoerorkorrak eta baso hostoiraunkorrak ere ohikoak dira. Baso hauetan aurki daitezke sekuoia ospetsuak, milaka urte bizi eta 275 metro garai izatera iritsi daitezkeen zuhaitz erraldoiak, orokorrean Ipar Amerikako baso epeletan.

Baso epeletan asko agertzen diren beste zuhaitz espezie batzuk astigarra, izeia eta haziak dituzten beste hainbat zuhaitz dira, intxaurrondoak esate baterako.

Non daude?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso hauek Ipar Amerikako iparraldean (Estatu Batuetan, Alaskan eta Kanadan), Europako iparraldean (Eskandinavian, Ingalaterran eta Finlandian) eta Asia iparraldean (Errusian eta bereziki Siberian, baina Txinan ere bai) daude batez ere.

Hego hemisferioan, berriz, Australiako, Zeelanda Berriko, Txileko eta Argentinako hegoaldean daude. Hemisferio bakoitzeko ingurune polarrak hasi aurreko eremuetan daude kokatuta, poloetara gehiago hurbilduz gero landareak haztea askoz ere zailagoa baita.