Wikipedia, Entziklopedia askea

Bergara/Ekonomia

Bergarako garapen ekonomikoa aztertzean ezinbestekoa da Aro Modernora jo eta garai horretan dolare-baserriak, artaziak eta ganibetak aipatzea.

Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldetagañekoa baserria, Bergaran.
Dolarea, antzinako baserri batean.

Dolare-baserriak unitate ekonomiko bezala sortu ziren eta honek etxebizitza eredu berria ekarri zuen . Produkzio-elementuak indarra hartu zuen, eta honekin batera hazkunde demografikoa gertatu zen gariaren eta sagarraren laborantza zabaltzearekin batera. Bergaran gutxienez hamar sagar-mota landatu ziren, jateko zein sagardoa egiteko. Irabazi handiak ematen zituen sagardoaren zein sagarren salmentak.

Garai honetan, ganibeten eta arma zurien langintzak ere garrantzi handia hartu zuen Bergaran. Herriko historiaren garairik onena ekarri zuen ekonomia honek. Produktu horiek penintsula osora esportatzen ziren, baita Ameriketara ere.

XIX. mende erdialdean, Industrializazioa gertatu zen eta industriaren ekoizpena asko aldatu zen: baliabide mekaniko berriei esker, berdinak ziren pieza kopuru handiak egiten ziren, eta horrek eragin kaltegarria izan zuen artisau-lanetan. Honek atzerapen teknologikoa eta atzerriko produktuekiko lehiakortasun eza ekarri zuen, eta industria hau krisialdi sakonean sartu zen.

Industrializazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gipuzkoako industrializazioak, Bergaran ehungintza eta siderometalurgia indartzea ekarri zuen. Honekin lotuta, ehungintza modernoa iritsi zen herrira La Algodonera San Antonio industriari esker. 1846ko urtarrilean sortu zen eta 300 langile izatera iritsi zen.

Nazioartean ospe handia hartu zuen enpresa honek, erresistentzia eta iraupen handiko kotoi-ehuna egiten zutelako. Material horrekin herritarrentzat laneko arropak egiten ziren gehien bat, eta oihal hauek Bergarako urdinez tindatzen zituzten. Gainera bertako langileen erdiak baino gehiago emakume oso gazteak ziren, eta fabriketan lan egiten zuten emakume gehien zituzten herrietako bat izan zen Bergara lantegi honi esker.

1860ko hamarkadan, metalurgia-sektoreko industrializazioaren lehen zantzuak azaldu ziren herrian. Honek industriari ate berriak ireki zizkion eta produkzio-teknika berritzaileak txertatu ziren.

Burdina hozten Bergarako Labe Garaietan.

1869. urtean Arrasaten Vergarajaúregui, Rezusta y Cía, gerora Unión Cerrajera izan zena sortu zen eta urte batzuk geroago, Bergarako Labe Garaiak sortu ziren Bergaran, Unión Cerrajeraren filiala izango zena. Ibarra auzoan kokatu zen eta sektoreko lehen enpresa modernoa izan zen.

Garai honen bukaera ez zen oso ona izan La Algodonerarentzat, izan ere, kapitalizazio arazoak izan zituen eta. Baina mahoi urdinezko laneko arroparen eskari nabarmen igo zen eta epe motzean egoerari buelta eman zion, herriko ehungintza-sektoreari bultzada emanaz.

Bergarako industrializazio prozesuan nabarmendu beharreko jarduera duten beste sektore batzuk ondorengoak dira: Iringile Mekanikoa, Teileria, Harrobiak, Zerrategiak eta Energía Elektrikoaren produkzioa. 1915erako 17 lantegi zeuden Bergaran eta horietan, 1.030 langile.

Gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun ere metalurgia da Bergarako industria jarduera nagusia. Udalerrian lan egiten duten populazioaren bi herenek industrian lan egiten dute eta beste herenak zerbitzu-sektoreak dihardu. Oso gutxi dira abeltzaintza edota nekazaritzatik bizi direnak gaur egun.

Gaur egun batez ere etxeko elektra tresneria, automozioa eta siderurgian diharduen industria da gehien bat herrian dagoena.