Wikipedia, Entziklopedia askea
Ekosistema = Biozenosia + Biotopoa

Biozenosia deitzen zaio biotopo berean bizi eta ugaltzen diren espezieetako izaki bizidunen multzoari. Biotopoa izaki bizidunen komunitate batek bizirik irauteko behar dituen ingurumen-baldintza egokiak eskaintzen dituen tokia da.

Biozenosia "komunitate biotiko" izenarekin ere ezagutzen da; izan ere, biotopo jakin batean bizi diren espezieei egiten die erreferentzia. Espezie horiek garatzeko behar dituzten baldintzak eskaintzen dizkie biotopoak. Bestalde, biozenosiaren baitan, hiru multzo bereizten dira: zoozenosia (animaliak), fitozenosia (landareak) eta mikrobiozenosia (mikroorganismoak).

Biozenosi motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biozenosi mota desberdinak daude:

  • Biozenosi polarrak eta subpolarrak, munduko herrialde hotzenetan aurkitzen direnak.
  • Biozenosi epelak, klima epela duten herrialdeetan aurkitzen direnak.
  • Biozenosi beroak.
  • Biozenosi kontinentalak.
  • Biozenosi lehorrak, herrialde lehor eta beroetan aurkitzen direnak.
  • Biozenosi tropikalak, bi urtaro izaten dituztenak: lehorra eta hezea.
  • Biozenosi ekuatorialak, klima euritsu, egonkor eta beroak izaren dituztenak.

Karl Möbius (1825-1908) alemanak sortu zuen 1877. urtean biozenosi hitza. Möbiusek argi zeukan organismoen ikerketa ezin zela banakoetan bakarrik ardaztu eta izakien multzoa osotasunean aztertu beharra zegoela. Biozenosi berean bizi diren izaki guztiek faktore fisiko komunen eragina jasotzen dute, hezetasunarena eta tenperaturarena, adibidez.

Biozenosien ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honakoak dira biozenosiaren ezaugarri garrantzitsuenak:

  • Ez dago biozenosi iraunkorrik. Hala ere, ezin da zehazki jakin biozenosi batek zenbat denbora irauten duen aldatu gabe. Batzuk urteak edo mendeak irauten dute aldatu gabe eta beste batzuk etengabe aldatzen dira.
  • Biozenosi bateko lehenengo aldaketak mikrosegidak deitzen dira eta tenperaturaren, hezetasunaren edota urtaroaren aldaketak izaten dira.
  • Komunitate biologiko bateko edo biozenosi bateko izaki guztiek elikadura-katea edo kate trofikoa osatzen dute. Ezin da ahaztu, batak bestea jaten irauten dutela bizirik.

Biozenosiak eta biotopoak batera osatzen dute ekosistema. Ekosistemak, beraz, elkarrekiko mendekotasun-harremanen bidez loturik dauden izakiak eta izaki horiek bizi diren eremuak barnebiltzen ditu. Eremu horrek organismo bizidunen garapenean ere eragiten du.

Biologoek hondakin fosilen bidez desagertuta dauden komunitateak aztertzen dituztenean, paleobiozenosiari buruz ari gara.