Txikipedia:Edurne Pasaban

Wikipedia, Entziklopedia askea
Edurne Pasaban eskalatzailea.

Edurne Pasaban Lizarribar (Tolosa, Gipuzkoako, 1973ko abuztuaren 1a) alpinista da, munduko hamalau zortzimilakoak igo dituen lehen emakumea.

Ikasketak bukatu eta gero, 4 urtez, etxeko enpresan aritu zen lanean, makinak ekoizten zituzten lantegi batean.

Bere zaletasuna eta interesa mendiarekiko oso goiz hasi zen eta familiak lagundu zion horretan. 14 urterekin, Tolosako mendi elkartearekin hasi zen arroka eskalatzen eta, pixkanaka, alpinismoan sartzen joan zen, Pirinioak, Alpeak, Andeak, Himalaian...

1998an, Himalaiara joan zen lehen aldiz. Tolosako mendi elkartearekin joan zen eta bere lehen zortzimilakoa, Dhaulagiri (8.167 metro), egiten saiatu zen. Alferrik, ordea, 272 metro bakarrik falta zirenean, amore eman behar izan zuen zegoen elur pilagatik. 10 urte geroago lortuko zuen helburu hura.

Behin baino gehiagotan saiatu zen Everestera igotzen. 1999an eta 2000n, eguraldiak zapuztu zizkion ametsak, eta asmoa bertan behera utzi behar izan zuen. Hirugarren saiakeran, 2001eko maiatzaren 23an, lortu zuen Everestera (8.848 metro) igotzea.

2002ko maiatzaren 16an, bigarren zortzimilakoa etorri zen, Makalu (8.465 m), Txina/Nepal.

2005eko uztailaren 20an, berriz ere Himalaian zen, eta Nanga Parbat (8.125 metro) igo zuen. Itzuli zenean, depresioan erori zen, eta urte eta erdian abandonatuta izan zuen 14 zortzimilakoak egiten zituen lehen emakumea izateko asmoa. Depresioa gaindituta, berriz zortzimilakoetara.

Pasabanek munduan dauden hamalau zortzimilakoak igo ditu:

  1. 2001eko maiatzaren 23a - Everest (8.848 m), Txina/Nepal
  2. 2002ko maiatzaren 16a - Makalu (8.465 m), Txina/Nepal
  3. 2002ko urriaren 5a - Cho Oyu (8.201 m), Txina/Nepal
  4. 2003ko maiatzaren 26a - Lhotse (8.516 m), Txina/Nepal
  5. 2003ko uztailaren 19a - Gasherbrum II (8.035 m), Txina/Pakistango
  6. 2003ko uztailaren 26a - Gasherbrum I (8.068 m), Txina/Pakistango
  7. 2004ko uztailaren 26a - K2 (8.611 m), Txina/Pakistango
  8. 2005eko uztailaren 20a - Nanga Parbat (8.125 m),Pakistango
  9. 2007ko uztailaren 12a - Broad Peak (8.047 m), Txina/Pakistango
  10. 2008ko maiatzaren 1a - Dhaulagiri (8.167 m),Nepal
  11. 2008ko urriaren 5a - Manaslu (8.156 m), Nepal
  12. 2009ko maiatzaren 18a - Kangchenjunga (8.598 m), Indiako/Nepal
  13. 2010eko apirilaren 17a - Annapurna (8.091 m), Nepal
  14. 2010eko maiatzaren 17a - Shisha Pangma (8.046 m), Txina


Zortzimilakoen irudiak, igotako hurrenkeran[aldatu | aldatu iturburu kodea]