Wikipedia, Entziklopedia askea

Ehiztari-biltzaileak

Eduki-taula

Tanzaniako ehiztari-biltzaile tribu bateko kideak.

Ehiztari-biltzaile terminoarekin izendatzen dira ingurunean aurkitzen dituen landare eta animalia jangarriak bilatuz elikadura lortzen duten gizataldeak. Gizakien historian, gizatalde guztiak ziren ehiztari-bizaileak nekazaritza eta abeltzaintza sortu baino lehen. Gaur egun, oso gizaki gutxi bizi dira ehizatik eta bilketatik soilik, seguruenik Amazoniako tribu batzuk baino ez. Horregatik, terminoa gizaki primitiboen bizimoduari erreferentzia egiteko erabiltzen da orokorrean.

Batez ere historiaurrean, gizaki talde askok ehizatzen edota arrantzatzen zituzten animaliei eta landareetatik biltzen zituzten fruitu eta haziei esker biziraun zuten. Eskura zituzten jaki bakarrak ziren, ez baitzuten lurra lantzen. Arrazoi hori dela eta, ehiztari-biltzaileak etengabe mugitzen ziren toki batetik bestera janari bila; hortaz, nomadak ziren.

Lehen gizakiak Afrikatik irten eta mundu osora zabaldu zirenean, fruta eta fruitu lehor jangarriak bilatzen zituzten. Haziak eta sustraiak biltzen zituzten, eta arrantzale apartak bihurtu ziren. Lantza, arku, gezi, sare eta amuekin egiten zen arrantza. Denborarekin, gizaki batzuek kanoak eta txalupak eraiki zituzten ur sakonagoetan barneratzeko eta arrain handiagoak harrapatzeko.

Ehiztari trebeak ere bihurtu ziren. Batez ere animalia-taldeen atzetik ibiltzen ziren, adibidez oreinak edo mamut iletsuak, besteak beste. Arkuak eta harrizko puntadun geziak, lantzak, labanak eta aizkorak zituzten, eta tranpak eta zuloak erabiltzen zituzten animaliak harrapatzeko. Denborarekin, lehen gizakiek haragia ketzen eta kontserbatzen ikasi zuten, negu luze eta hotzetarako. Udan, aldiz, animalia-taldeak jarraitzen eta ehizatzen zituzten, eta neguan kanpamentuetara itzultzen ziren.

Gizakiak luze jo zuen toki batean finkatu eta bertan landatzen eta uzta biltzen hasi zen arte. Milioika urtez, gizakia ehiztari eta biltzaile izan zen.