Wikipedia, Entziklopedia askea
Heriotzaren kultura oso berezia dute Mexikon.

Heriotza bizitzaren amaiera da. Izaki bizidun bat hiltzen denean, haren gorputzak jada ez du funtzionatzen. Bizidun guztiak hiltzen dira, bai animaliak bai eta landareak ere.

Nola gertatzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakien heriotza modu askotara gerta daiteke. Jende gehiena zahartzearen ondorioz sortzen diren gaixotasunengatik hiltzen da. Minbiziak, bihotzeko gaixotasunek eta beste gaixotasun batzuek ere heriotza eragin dezakete. Beste pertsona batzuk istripuetan eta indarkeriaren edo hondamen naturalen ondorioz hiltzen dira. Munduko toki batzuetan jendea gerraren, gosearen edo elikadura txarraren erruz hiltzen da.

Gorputzeko organo garrantzitsuenek (bihotzak, birikek eta burmuinak) jada funtzionatzen ez dutenean dago pertsona bat hilda. Behin organo horiek hiltzen direnean, beste organo batzuek ere uzten diote funtzionatzeari, gaixorik egon ez arren. Banakako zelulek denbora gehiagoz bizirauten dute, baina denborarekin hil egiten dira.

Lehen, pertsona bat hiltzat ematen zen bihotza gelditzen zitzaionean eta jada arnasarik hartzen ez zuenean. Baina, gaur egun, medikuntzako baliabide eta teknika bereziek bihotza eta birikak berriro martxan jar ditzakete. Orain, jende askoren arabera, garun-heriotza da gizakion bizitzaren amaiera. Garun-heriotza garun edo burmuinak jada funtzionatzen ez duenean gertatzen da, baita ospitaleetako makinek bihotza eta birikak funtzionatzen mantentzen badituzte ere.

Sinesmenak eta ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kultura bakoitzak bere ohiturak ditu heriotzari dagokionez. Kultura gehienetan, hildakoen gorpuak lurperatu edo erre egiten dira; gainera, normalean jendea hiletetan (edo bestelako zerbitzuetan) biltzen da hil den pertsona ohoratzeko.  

Erlijio-sineste batzuen arabera, behin gorpua hiltzen denean, pertsona horren arimak edo gogoak bizirik jarraitzen du heriotzaren ondorengo beste bizitza batean. Pertsona askok, ordea, uste dute gorputzaren heriotza pertsonaren amaiera dela.

Jendeak betidanik jakin nahi izan du zer gertatzen den heriotzaren ondoren, baina hori inork ez daki.