Wikipedia, Entziklopedia askea

Iratze

Euskal Herriko basoetan oso erraz aurkitu ditzakegu iratzeak.

Iratzea edo garoa landare talde bat da. Bereziki toki heze, epel eta itzaltsuetan hazten da; adibidez, basoetan, arrailduretan, sakanetan eta erreka ertzetan. Beste landareak bezala, zoruari lotuta dago eta ezin da lekualdatu. Lurretan, bizitzeko behar dituen gatz mineralak eta ura hartzen ditu.

Nolakoa da iratzeen egitura?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iratzearen egitura adierazten duen irudia.

Gizakiak bezala, iratzeek ere organoak dituzte: sustraiak, zurtoina, hostoak eta ehun eroaleak dituzte. Azken horiek, barruan dituzten hodiak dira. Horregatik, iratzeak landare baskularrak direla esaten da, hodiak dituzten beste landare guztiei esaten zaien moduan. Iratzeetan, beste landareetan ez bezala, hostoak ikusten dira soilik. Iratzeen hostoei fronde esaten zaie. Hauek handiak dira, pikorrak dituzte eta pinuen antzeko forma dute. Zurtoinari errizoma esaten zaio eta lurpean dago sustraiekin batera.

Nola ugaltzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

   Ba al dakizu   
Iratzeak lur planetan denbora luzez egon dira, haien izaerari esker egokitzea eta bizirautea lortu dute eta.

Dinosauroen garaian bazeuden iratzeak eta oso handiak ziren. Leku batzuetan oraindik bizirik ikus ditzakegu iratze erraldoi horiek.

Iratzeak landare bereziak dira. Ugalketa asexuala dute. Hau da, pertsonak ez bezala, iratze bakoitza bere kabuz ugaldu daiteke, beste iratze baten beharrik gabe.

Iratzeek hostoetan esporak gordetzeko dituzten poltsatsoak.

Iratzeak ez du hazirik; horren ondorioz, ez zaizkio loreak ateratzen eta ez ditu fruituak ematen. Horren ordez, hostoen azpiko aldean bola itxurako poltsa txiki batzuk ditu. Gehienetan biribilak izaten dira, eta kolore argia izatetik berde ilun edo marroi kolorea izatera pasatzen dira.

Poltsa horiek heltzen direnean, ireki egiten dira eta barruan dituzten esporak askatzen dituzte. Horiek zelula bereziak dira, landare berri bat eman dezaketenak. Haizeak espora horiek mugitzen ditu eta, baldintza egokiak dituen tokian erortzen badira, espora horietatik beste iratze bat jaioko da. Esporak lurrera erortzen direnetik iratzea guztiz garatu arte, urte bat pasatzen da gutxi gorabehera.

   Ba al dakizu   
Zeelanda Berrian iratzea oso sinbolo garrantzitsua da, Euskal Herrian lauburua eta eguzki-lorea diren moduan; izan ere, bertako errugbi selekzioaren ikurra da.

Gainera, 2015 urtean herrialdeko bandera aldatzea proposatu zen. Proposatutako bandera berrien artean zilarrezko iratzearen bandera nabarmendu zen.

Iratze guztiak berdinak dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

   Ba al dakizu   
Gure
planetako erregai fosila den harrikatza hildako iratzeez osatuta dago. Horiek pilatuz eta aldatuz joan dira ikatz mineral bihurtu arte.

Gure planetan 12.000 iratze espezie daude gutxi gorabehera. Antzekoak izan arren, iratze espezie bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu. Espezie horien artean, hurrengoak dira ezagunenetako batzuk:

Orrazi-Iratzea.