Wikipedia, Entziklopedia askea

Irulegiko Eskua

Ikasi Otsorekin zer den Irulegiko eskua

Irulegiko Eskua brontzezko objektu arkeologiko bat da. Esku baten forma du eta 2.000 urte baino gehiago ditu. Nafarroako gune arkeologiko batean aurkitu zen 2021. urtean, Irulegi mendian, arkeologoak ikertzen ari ziren Burdin Aroko herrixka batean.

Oso objektu baliotsua da arkeologiaren eta historiaren ikuspuntutik, baina are garrantzi handiagoa du, eskuak hitz batzuk idatzita dituelako aspaldiko idazkera edo alfabeto batean; gainera, hizkuntzalariek –hizkuntzaz arduratzen diren ikertzaileek, alegia– uste dute testu horrek agian zerikusia duela euskararekin, hau da, duela 2.000 urte baino gehiagoko euskaraz idatzita egon litekeela. Aditu batzuen arabera, aspaldiko baskoien hizkuntza izan liteke, hots, gaur egungo euskaldunen arbasoen hizkuntza; horregatik, euskara deitu beharrean, baskoiera deitu diote ustezko hizkuntza horri.

Nola dakite zer dagoen idatzita?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzalariek badakite alfabeto horretan agertzen diren zeinuak nola irakurri, iberiar alfabetoan idatzita dagoelako; hau da, erromatarren aurreko Iberiar penintsulako alfabeto batean. Zoritxarrez, testuak dioena oraindik ez da ulertzen; baina badago zeinu multzo bat “sorioneku” moduan irakur daitekeena, eta horregatik pentsatu da gaur egungo euskarazko “zorion” hitzarekin erlazionatuta egon litekeela; gainerako hitzak, ordea, ez dira ulertzen gaurko euskararen laguntzaz. Dena dela, ezin da seguru esan “sorioneku” hitzak benetan euskarazko “zorion” hitzarekin zerikusia duenik, ez behintzat testu guztia ulertzen ez den bitartean.

s102o3r1i1o3n1e1ku1p3 n1
te1n1e1ke2be1e1ki1ŕ3a2te1ŕ3e1
o3T1i1ŕ3ta1n1p5 e1s102e1a2ka1ŕ3i1
e1ŕ3a1u3ko1n1p3

  

sorioneku · {n}
tenekebeekiŕateŕe[n]
oTiŕtan · eseakaŕi
eŕaukon ·

Adituek noizbait frogatzen badute euskara zaharrean edo euskararekin zerikusia duen hizkuntza batean idatzita dagoela, garrantzi oso handia izango du guretzat. Izan ere, duela 21 mende Euskal Herriko leku horretan euskararen forma zahar bat hitz egiten zela frogatuta geratuko litzateke; eta, gainera, argi geratuko litzateke garai hartako jende hark bazekiela bere hizkuntzaz idazten: euskararekin zerikusi zuzena duen lehen testu idatzia izango litzateke.

Dena dela, aditu eta ikerlariei oraindik asko geratzen zaie argitzeko.