Wikipedia, Entziklopedia askea

Klovis I.a

Klovisen konkistak, berde ilunez.

Klovis I.a Erdi Aroaren hasieran mendebaldeko Europa menderatu zuen frankoen erresumako errege eta fundatzailea izan zen. Gerlari izugarria bilakatu zen 30 urte zituela kristautasunera bihurtu eta gero.

Frankoen tribu baten errege bihurtu zen 16 urte zituela. Garai hartan, frankoak lurralde zabal batean sakabanatuta zeuden eta hainbat errege zituzten. Aldiz, 30 urte geroago Klovis hil zenean, franko guztiak bere boterepeko nazio bakar eta boteretsu batean bilduak zeuden. 486ko bataila batean Galiako ejertzito erromatarraren aurka irabazi zuen, eta Parisen hil baino lehen bere herriarentzat erreinu bat irabazi zuen, iparraldean eta ekialdean Rhin ibairaino eta hegoaldean ia Pirinioetaraino zabaltzen zena. Frankoen konkista hain izan zen handia, non haien lurralde hori geroztik Frantzia deitzen den, hau da, frankoen herria.

496. urtean ondoko teutoi tribu baten aurkako bataila batean, Klovisen gerlariek galdu egin zuten. Odin eta Thor jainko germanikoek huts egin zietela zirudien. Orduan, Klovisek gogoratu zuen bere emazteak kristau bihurtzea eskatu ziola, eta Jesukristok teutoiak menderatzen lagunduz gero kristau bihurtuko zela zin egin omen zuen.

Klovisek bere gizonak batu eta bataila irabazi zuten. Orduan, bera eta bere gerlarietako batzuk bataiatu omen ziren. Baina funtsean, Klovisek, aurretik izandako gerlari bortitza izaten jarraitzen zuen. Monjeek Kristoren gurutziltzaketaren historia kontatu ziotenean, gerrako aizkora hartu eta bera bere gerlariekin han izan balitz Kristoren heriotza mendekatu egingo zutela oihukatu omen zuen.