Txikipedia:Nabarmendutako artikulua/2024/04

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ekonomiako hirugarren sektorea ondasun materialak ekoizten ez dituzten jarduerak biltzen dituena da. Lehen eta bigarren sektoreek ondasun materialak (lehengaiak eta produktu landuak edo erdi-landuak) ekoitzen dituzten bezala, hirugarren sektoreak zerbitzuak ematen ditu: merkataritza, turismoa, garraioa, elektrizitate, gas eta erregaien hornikuntza, hezkuntza eta osasungintza, besteak beste; horregatik, "zerbitzuen sektorea" ere deitzen zaio.

Hirugarren sektorearen garrantzi ekonomikoa nabarmen handitu da lehenengo eta bigarren sektoreen aldean, XX. mendearen bukaeratik aurrera. Esaterako, Australian, 2007an, enpresa guztien % 85 zerbitzuen sektorean zeuden. 2009an bederatzi milioi langile baino gehiago zeuden Australian zerbitzuen sektorean, eta hori lanpostu guztien % 86 zen. Indian, zerbitzuen sektoreko enpresak izugarri hazi dira, eta horiek Indiako BPGaren % 55 osatu zuten 2006-2007an.

Zer dira zerbitzuak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zerbitzuak ukitu ezin diren gauzak dira, enpresa batzuek biztanleei oro har edota beste enpresa batzuei eskaintzen dizkietenak, hala nola garraioa, turismoaren alorreko ekintzak, aholkularitza, irakaskuntza, osasun-arreta, esperientziak, edo aisialdia.