Wikipedia, Entziklopedia askea

Neandertal

Neandertala (Homo sapiens neanderthalensis edo Homo neanderthalensis) antzinako giza talde bat izan zen. Zientzialariak ez dira ados jartzen ea espezie bat ziren edo gaur egungo gizakien azpiespezie bat. Europan bizi ziren, Pleistozenoan. duela 230.000 urte inguru sortu ziren eta duela 40.000 urte desagertu ziren, baina orain dela 130.000 urte ingurutik aurrera batez ere aurkitu dira euren arrastoak.

Nolakoak ziren?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neandertalak, laugarren eta azken glaziazioarekin bat zetorren muturreko hotzera ondo egokitutako espezie bat izan ziren. Garezur luze eta zabala zuten, altuera txikia (gaur egungo gizakiak baino pixka bat txikiagoa, baina bere garaikoak bezain beste) eta gorpuzkera sendoa, bularralde handia eta sudur zabala. Ez zuten kokotxik.

Burua eta burmuina gure espeziearen edukieraren antzekoa zen, batzuetan handiagoa ere.

Begien gainean hezurraren irteera moduko bat zuten, bisera bat izango balitz bezala. Bere gorputza oso sendoa zen, indar eta erresistentzia fisiko handia iradokiz.

Nola bizi ziren?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orojaleak ziren, hau da, denetarik jaten zuten. Horrez gain, elikagai kantitate handia ustiatzen zuten, hala nola, arrainak, haragia, etab. Ehiztariak eta biltzaileak ziren, garaiko beste gizakiak bezala. Sua egiten zuten, gaixoak zaintzen zituzten eta hileta-errituak egiten zituzten. Baita ere, harria lantzeko teknika landua zuten, eta tresna zehatzak egiten zituzten. Arrantza eta ehiza egiten zuten, baita garai hartan zeuden animalia handi batzuk ere.

Pentsatzen da ez zutela guk bezala hitz egiteko gaitasunik, baina ez dugu argi hori ere. Baliteke hizkuntza sinpleagoa izatea.

Non bizi ziren?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako mendebalde, erdialde, ekialde eta Mediterraneoan aurkitu dira, baita Asiako hego-mendebalde, erdialde eta iparraldean, Siberiako hegoalderaino eta Altai mendietaraino, Txinako mugan. Ez da aurkitu Afrikan arrastorik. Baliteke gune hotzetan bizitzeko ondo moldatuak egotea, baina baso inguruak nahiago zituzten.

Zergatik desagertu ziren?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso neandertal gutxi zeudela uste da, eta talde txikietan bizi ziren. Honela, gaixotasun genetikoak ugaritu ziren euren artean. Gainera, klima aldaketei aurre egitea zailagoa egiten zitzaien, teknologia ez zelako aurreratu beste gizakietan aurreratu zen bezala.

Badirudi kanibalismoa ere praktikatzen zutela.

Gizaki modernoekin harremana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun uste da Europako eta Asiako biztanle gehienek neandertalen geneak dituztela. Ez dakigu gizaki modernoek lagundu ote zuten euren desagerpenean edo ez, baina milaka urtez elkarrekin bizi ziren Europako leku askotan.