Wikipedia, Entziklopedia askea

Samurai

Samuraien armadurak.

Samurai izeneko gerlariek hainbat mendez kontrolatu zuten Japonia. 1871n enperadore japoniarrak boterea kendu zien samuraiei. Horren ondoren ere, japoniar askok haiek ohoratzen jarraitu zuten, haien borroka-espirituagatik.

Lehen samuraiek Japoniako handikien lursail handiak babesten zituzten. Pixkanaka, samuraiak herrialde osora hedatuz joan ziren eta lursail propioak lortu zituzten, baita haien armadak sortu ere. Samurai batzuk gero eta boteretsuago bilakatu ziren. 1185ean samurai batek lortu zuen Japonia osoaren botere militarra. 1192an, shogun titulua jaso zuen. Momentu hartan, samuraiak agintari-klasea bihurtu ziren. Shogunek 1867ra arte gobernatu zuten Japonia. Japoniak enperadoreak ere izan zituen epe horretan, baina shogunek baino botere gutxiago zuten.

Samuraiek Bushido izeneko arau-sorta bati jarraitzen zioten. Bushido izenak “gerlariaren bidea” esan nahi du. Samuraiek euren gorputza trebatzen zuten, eta soldadu batek izan beharreko gaitasun guztiak ikasten zituzten. Ausartak eta zintzoak izan behar zuten, baita beren gurasoak ohoratu ere. Guztiaren gainetik, baina, liderraren esana bete behar zuten. Samurai batek borroka bat galtzen bazuen, edo bere liderra hiltzen bazuten, bere burua hil ohi zuen, bere egitekoa bete ez zuela sinetsita.

Noiz desagertu ziren?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Japonia bakean egon zen, oro har, XVII eta XIX mendeen artean. Epe horretan zehar, samurai gehienek gobernuarentzat egiten zuten lan, borroka egin beharrean. Hala ere, samurai deitzen zieten, titulua aitengandik semeengana pasatzen baitzen.

1860ko hamarkadaren erdialdean samurai asko ez zeuden konforme herrialdeko egoerarekin. Herrialdea modernotu egin behar zela uste zuten, eta shoguna erorarazi zuen iraultza batean parte hartu zuten. Meiji izeneko enperadore batek hartu zuen boterea. Meijik Japonia indartsuago egitea nahi zuten samuraiek. Halaxe egin zuen, baina aldi berean samuraiei boterea kendu zien.  Armada moderno bat sortu zuen haiek ordezkatzeko.