Txikipedia:Sanjoan-lore

Wikipedia, Entziklopedia askea

Nolakoa da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sanjoan lorea (Leucanthemum vulgare) loretan belardi batean.
Sanjoan lorea Asteracea familiako landare iraunkorra da. Altuerari dagokionez 30 zentimetro eta 1 metro arteko izan ohi da, baina normalean 70 zentimetrora iristen da. Bere hostoak kolore berde ilunekoak; oinarrikoak borobilduak eta peziolodunak; eta zurtoinekoak, luzangak eta lobuludunak. Lore kapituluak, berriz, oso ezagunak: petalo luze eta zuriz inguraturiko, botoi biribil hori bat. Lore kapituluek 2,5-6 cm-tako diametroa izaten dute, eta bi lore mota dituzte: erdialdeko loreak horixkak dira eta tutu formakoak; ertzetakoak (20 inguru), berriz, zuriak  dira eta libulatuak, mingain itxurakoak. 

Noiz loratzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udaberritik udazkena bitartean loratzen da.

Zer banaketa du?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako erdialdea eta iparraldea da, eta Asiako eremu epeletan bizi da. Euskal Herrian klima ozenikoaren eraginpeko eremu epel eta hezeetan aurkitu dezakegu batez ere. Amerikan eta Australian gizakiak eramanda zabaldu da.

Zer habitatetan bizi da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belardietan, bide bazterretan, eta baso soilguneetan bizi ohi dira, baina baita gizakiak eraldaturiko inguru erruderaletan eta baratzen inguruan ere. Edozein substratu motatan (karetsuak edo silizeoak) agertu daiteke, baina betiere, lurzoru fresko edo nahiko hezeetan. Euskal Herrian 1000 metro inguruko garaierara arte bizi da.

Nola elikatzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare autotrofoa da, hau da, fotosintesiaren bidez fabrikatzen du bere janaria, eta horretarako ura, mineralak, karbono dioxidoa eta eguzki energia behar ditu.

Nola ugaldu eta zabaltzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hazien bitartez ugaltzen da. Haziak animalien laguntzarekin barreiatu eta zabaldu ohi dira, baina bide bazterretan agertzen denean ibilgailuen bitartez ere zabaldu daiteke. Lurpean, errizoma luzeak garatzen ditu eta modu horretara (begetatiboki) ere zabaldu daiteke.

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere itxura eta edertasunagatik, lorazaintzan maiz erabiltzen da.
Bitxiloreak eta Sanjoan loreak garbitasunaren, errugabetasunaren, baldintzarik gabeko adiskidetasunaren eta maitasun garbiaren sinboloak dira.