Wikipedia, Entziklopedia askea
👶
Jaiotza
1947ko irailaren 21a
Portland
🔨
Lanbidea
telebista-ekoizle
📷
Argazkiak
ikusi
Stephen King 2005ean.

Stephen Edwin King beldurrezko nobelak idazten dituen idazle estatubatuar bat da. Idatzi dituen liburu eta kontakizunek 350 milioi ale baino gehiago saldu dituzte mundu osoan. Berrogeita hamar eleberri, berrehun kontakizun eta fikzio laburreko bederatzi bilduma baino gehiago idatzi ditu.

Lehenengo nobela, Carrie, 1974an argitaratu zuen. Eleberriak berehala izan zuen arrakasta eta King beldurrezko literaturaren barruan maisu gisa ospetsu egin zuen. Carrie eta gero, laster idatzi zituen beste zenbait beldurrezko istorio, horietako asko arrakasta handiko film bihurtu zirenak.

Liburuetan, izua sortzen duten gaiak aztertu ditu, hala nola banpiroak, zakur amorratuak, hiltzaile zoroak, mamuak, gerra biologikoa edo auto gaizto bat. Azken lan batzuetan, beldurrezko generoa alde batera utzi eta egoera zailei aurre egin behar dieten pertsonaia nagusien erretratu psikologiko zehatzak eskaini zituen.

XXI. mendearen hasieran, Kingek 350 milioi liburu inguru salduak zituen mundu osoan. Night Shift (1978) eta Just After Sunset (2008) liburukietan jasotako kontakizun laburrak ere idatzi zituen. Zenbait eleberri zinemara egokitu zituzten zuzendari ezagun batzuek, hala nola John Carpenter, Brian De Palma eta Stanley Kubrickek.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stephen Edwin King Portland hirian (Maine, Estatu Batuak) jaio zen, 1947ko irailaren 21ean. Gaztetan hasi zen idazten, eta irratian, zineman zein egunkarietan beldurrezko ipuinak entzun nahiz ikusteak piztu zion irudimena. Ingeles ikasketak egin zituen Maineko Unibertsitatean eta 1970ean lizentziatu zen. Idazle profesional gisa jarduten hasi zenean, dirua lortzeko eskolak eman eta beste lan batzuk egin zituen.

Lanik ospetsuenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Carrie (1974)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kingek liburu honexekin lortu zuen arrakasta lehen aldiz. Torturatzaileez mendekatzeko, telekinesi bidez objektuak mugitzeko ahalmena duen neska gazte baten istorioa kontatzen da liburuan. Lanean izua, gauza makabroak, fantasia eta zientzia-fikzioa nahastu zituen Kingek eta beste ondorengo liburu askotan ere gai horiek landu zituen.

Salem’s Lot (1975)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberri honetan, banpiroek Jerusalem's Lot izeneko hiri lasaia ikaratzen dute. Eleberriaren ardatzean Ben Mears izeneko idazle bat dago, zeina haurtzaroko etxera itzultzen denean, bere bizilagunak banpiro bihurtzen ari direla deskubritzen baitu. Sorgindutako etxe beldurgarri bat, desagertutako pare bat haur eta bere fedea zalantzan jartzen duen apaiz bat batu eta istorio beldurgarri bat sortzen du Kingek.

The Shining (euskaraz Distira, 1977)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istorio honetan, Jack Torrance idazle izan nahi duen alkoholiko batek Overlook hotel urrunera eramaten du bere familia, nobela bat bertan idazteko asmoz. Zoritxarrez, hotela sorginduta dago eta aurreko bisitarien mamuek laster eromenera eramaten dute Jack. Bere seme Dannyk, trebetasun psikikoak ditu eta inguruan gertatzen ari dena ikus dezake, aita gero eta erratikoago eta arriskutsuago bihurtzen den bitartean. Kingek dioenez, Shirley Jacksonen The Haunting of Hill House liburuaren eragin handia izan zuen eleberri honek eta Mendi Harritsuetara zihoala idatzi zuen.

The Stand (1978)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberri hau garai postapokaliptiko batean girotuta dago, hain zuzen ere, ia gizateria osoa hil duen mundu mailako gripe izurri ikaragarri baten ondoren. Bizirik atera direnak talde txikietan batu eta herrialdea zeharkatzen dute, Boulderrera (Colorado) bidean, gizarte berri bat osatzeko itxaropenarekin.

Ama Abigail talde bateko gidaria da eta ongiaren bideari jarraitu nahi diotenen eredu bihurtzen da. Bien bitartean, Randall Flagg "beltzezko gizona" jarraitzaileak biltzen ari da Las Vegasen, mundua kontrolatzeko asmoz. Kingen gaizto prototipo nagusia da Flagg, naturaz gaindiko botereak dituena eta aurre egiten dion edonor torturatzeko prest dagoena.

It (1986)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gauza gutxi dira pailazoak bezain beldurgarriak, batez ere haur txikien atzetik dabiltzanak, haiek jateko asmoz. Derry herrian kokaturik dago kontakizuna, Kingen irudimenezko herririk gogokoenetakoan, hain zuzen ere. Haur talde baten istorioa kontatzen du; haur horiek elkartu egiten dira belaunaldi bakoitzean Derry beldurtzen duen gaitz deskribaezin baten aurka borrokatzeko.

Pennywise pailazoa Kingen pertsonaia zital beldurgarrienetako bat da, neurri handi batean, haren biktimak haurrak izaten direlako. It-eko protagonistak jaioterrira itzultzen dira behingoz Pennywiseren aurka borrokatzeko, baina gauza beldurgarri eta tragikoak gertatzen dira.