Wikipedia, Entziklopedia askea
UNESCOren logoa.

UNESCO Nazio Batuen organismo bat da. Hezkuntza, zientzia eta kultura bultzatu edo sustatzea du helburu. UNESCO hitza, berez, ingelesezko laburdura bat da eta euskaraz "Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Antolakundea" esan nahi du.

Antolakunde hau 1945ean sortu zen, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta gutxira, Nazio Batuen erakundeak gerrak ekiditen edo eragozten laguntzeko. Herrialde gehienetako ordezkariek uste zuten, mundu osoan bakea lortzeko, ezinbestekoa zela pobreziaren aurka lan egitea. Honez gain, zientziaren, hezkuntzaren eta kulturaren garapenaren bitartez garapen iraunkorra sustatu nahi zuten.

Zein helburu ditu UNESCOk?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hau da UNESCOk bere helburu nagusiak betetzeko egin behar dena:

  • Muturreko pobrezian bizi diren pertsonen kopurua erdira murriztea.
  • Lehen hezkuntza unibertsala lortzea; hau da, ume guztiek eduki ahal izatea gutxienez lehen hezkuntza (6 eta 12 urte bitartekoa).
  • Sexuen arteko desberdintasuna ezabatzea lehen eta bigarren hezkuntzan.
  • GIB/HIES, malaria eta beste gaixotasun batzuei aurre egitea.
  • Garapen iraunkorra sustatzea (garapen ekonomikoa lortzea, baina ingurumena errespetatuz).

Hezkuntza arloan:

  • Haur Hezkuntzako umeentzako arreta eta hezkuntza bultzatzea.
  • Ume guztientzako doako eta kalitatezko hezkuntza sustatzea.
  • Gazte eta helduek ikasteko aukerak handitzea.
  • Helduen alfabetatzea %50 hobetzea.

Kultura arloan: 1972. urtean, UNESCOk Munduko Kultura- eta Natura-Ondarearen Babesari buruzko hitzarmena onartu zuen. Hitzarmen nagusi horretan adostu zen bezala, munduko toki batzuek balio oso handia dute mundu osoarentzat, eta, horregatik, gizateria osoaren ondare komunaren parte izan behar dute. Beraz, herrialde guztien betebeharra izango da nazioarteko gizateriaren ondare horiek babestea.

Horretarako, UNESCOk Gizateriaren ondarea zerrenda osatu zuen. Zerrenda horretan urtero munduko zenbait toki, eraikin eta paisaia berezi sartzen dituzte; horrela legeen bidez babestuko dituzte eta oraindik existituko dira etorkizunean. 1990tik aurrera, zerrenda horretan "ondare immateriala" deritzen elementuak ere gehitzen dituzte: hau da, tradizioak eta kultura elementuak, hizkuntzak, mitoak, dantzak eta musika, besteak beste.