Wikipedia, Entziklopedia askea

Ulan Bator

Ulan Bator Asian, dagoen hiri bat da, Mongolia izeneko herrialdeko hiriburua eta hiririk handiena. 2015eko datuen arabera, 1.396288 biztanle ditu. Hasieran, 1639an, budismoaren monasterioen gune bat zen. XX. mendean zehar hiriak aldaketa handiak ezagutu zituen eta, ondorioz, antzinako eraikin geheinak txikituak izan ziren. Horregatik, gaur egun Ulan Batorren batez ere hormigoizko eraikinak dira nagusi.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan dugun bezala, hasieran, 1639tik aurrera, monasterioen eta tenpluen inguru bat zen. Dena dela, urte hori aurretik, beste eraikinen aztarnak aurkitu dira, zaharrenak 3.000 urtekoak. Baina hiria, Urgu izenarekin XVII. mendean sortzen da. Txina eta Errusia artean egonik, XIX. mendean komertzio gorakada ezagutu zuen. Bi herri handi horiek inguruan izatea arazo franko ekarri dio Ulan Batorri. Txinatarrek batez ere hiru mendetan hiria eta herrialdea menperatu zuten. Beste arazo handia hainbeste monje izatea izan zen: XX. mende hasieran Ulan Batorren 25.000 biztanle inguru bizi baziren, 10.000 monje edo monasterioen langileak ziren. Hiri baten ekonomia ezin da horrela mantendu. Mongoliako buruzagi batzuk txinatarren boterearekin bukatzeko asmoz bildu ziren. 1911ko abenduaren 29an Bogd Khan mongoliar aintzindariak herrialdearen independetzia aldarrikatu zuen, Mongoliako izenarekin baina Txinak ez zuen independentzia hori onartu eta 1919an armada txinatarrak Urga okupatu zuen.

1917an Errusian komunistek boterea lortu zuten eta haien armada bat sortu zuten Mongoliatik txinatarrak eta komunisten aurkakoak kentzeko. Damdin Sukhbaatar agindupean, armada komunista antolatu zen eta, martxoan, muga gurutzatu zuten. Komunistek Urga hartu zuten eta 1924ko urriaren 29an hiriaren izena aldatu zuten: Urgaren ordez, Ulaanbaatar («heroi gorria») deitu zioten. Izen berriak urte horretan berean hil zen Sukhbaatarri egiten zion erreferentzia. Geroztik, Mongolia eta Ulan Bator Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren aliatua izan zen, hau da herrialde sozialista, eta hortik laguntza handiak jaso zituzten. Horregatik hirian ikusten diren eraikinak sobietikoen estilokoak dira. Aurretik, monasterio eta tenplu asko suntsituak izan ziren. Hau guztia gutxi balitz, 1966an uholde handiak izan zituzten eta hiria erabat txikituta gelditu zen.

1989an Ulan Batorren manifestazio handiak izan ziren eta sistema politikoa aldatzea lortu zuten. Gaur egun demokrazia bat da.

Arazoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen amaieran Mongoliako jende asko Ulan Batorrera joan zen eta horrek arazo handiak sortu ditu:

  • Kutsadura handia pairatzen du.
  • Pobrezia asko handitu da. Larria da bereziki haur askoren egoera: neguan tenperatura asko jaitsi egiten da eta haur asko hiriaren estolderian bizi da.
  • Hiriaren inguruan auzo pobreak sortu dira. Jende asko yurtetan bizi da. Yurtak nomaden etxetxo tradizionalak dira, biribilak.
Hau da salbatu den monasterio bakarrenetariko bat.