Subjuntibozko perpaus konpletibo

Wikipedia, Entziklopedia askea

Subjuntibozko perpaus konpletiboa adizkia subjuntiboan duten perpaus konpletiboen mota da.

Zenbait aditzek bere mende duen konpletiboaren aditza era berezian izatea eskatzen dute. Adibidez, borondatea adierazten duten aditzek (NAHI IZAN, ERREGUTU, ESKATU, AGINDU, etab.) beren mende doan perpaus konpletiboaren adizkia subjuntiboan joatea eskatzen dute.

Gogoan izan subjuntibo direla -dadi- /-deza- saileko [-AHAL] adizki laguntzailez osatuak, eta adizki hori -EN edo -ELA atzizkiaz horniturik dagoela.

  • a. Berehala etor zaitezen nahi dut.
  • b. Liburu hori liburutegira itzul dezazula eskatzen dizut.
  • c. Isil zitezela agindu zieten kaleko neska-mutikoei.

Perpaus horien ezaugarria, hortaz, adizkia subjuntiboan joatea da, hots: laguntzaile gisa *EZAN edo *EDIN-en orainaldi ez-ahalezkoa izatea. Hortik aparte, perpaus horietako adizkiak konpletiboei dagokien atzizkia izango du: -ELA edo -EN. Hortaz, perpaus horien egitura eta gainerako konpletiboena, funtsean, bera da: [perpausa + -ELA/-EN]. Diferentzia adizkian dago. Oraingoek *EZAN eta *EDIN-en ez-ahalezko formak dituzte laguntzaile.

Noiz -ELA eta noiz -EN?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontu hau ez dago erabat argi, baina joeraren bat nagusitzekotan, badirudi aditz nagusia borondate-aditza izateaz gainera komunikaziozkoa ere baldin bada, orduan -ELA agertzeko aukera handiagoak daudela. Ostera, aditz nagusia komunikaziozkoa ez bada (NAHI IZAN edo BEHAR IZAN, esaterako), orduan -EN da normalena.

Nahiak nork bere barnean gorde ditzake, inori komunikatu gabe. Erreguak, aginduak, eskariak eta horrelakoak, berriz, nahitaez komunikatu beharrekoak dira. Horregatik, aipatutako aditz nagusien ordez bestelako predikatuak badaude (ON IZAN, EDER IZAN, KOMENI IZAN, etab.), halakoak ez dira komunikaziozkoak, eta, horrenbestez, hipotesia zuzena bada, -EN eskatuko dute:

  • d. On da denok zerbait egin dezagun. (eta ez, dezagula).
  • e. Komeni da norbait zuzendari izenda dezaten. (eta ez, dezatela).

Subjuntiboa eta aditz jokatu gabea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohartzekoa da orain arte subjuntiboan emandako adibide horiek badituztela aditza jokatu gabeko ordainak:

  • a. Berehala etortzea nahi dut.
  • b. Liburu hori liburutegira itzultzeko eskatzen dizut.
  • c. Isiltzeko agindu zieten kaleko neska-mutikoei.
  • d. On da denok zerbait egitea.
  • e. Komeni da norbait zuzendari izendatzea.

Azken bost adibide horiek aurreko bosten erabat baliokide dira, bai funtzioz, bai esanahiz.

Subjuntibozko forma horien beste balio batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Subjuntiboa adizlagunetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konpletiboez gainera, subjuntibozkoak izan daitezke beste perpaus txertatu batzuk ere. Bereziki, xedea edo helburua adierazten dutenak:

  • f. Tori hogeita hamar euro, liburua eros dezazun.
  • g. Liburuak hobeki sal zitezen, azal koloretsua ezarri zieten.

Kasu honetan ere, subjuntibozko adizki horiek adizki jokatu gabeek ordezka ditzakete:

  • f. Tori hogeita hamar euro, liburua erosteko.
  • g. Liburuak hobeki saltzeko, azal koloretsua ezarri zieten.

Baina konpletiboak osagarri diren bezala, esan behar da azken adibide hauetako perpaus txertatuek adizlagun-funtzioa betetzen dutela; hau da, (f) eta (g) adibideetakoak (jokatuak zein jokatu gabeak) ez dira perpaus konpletiboak.

Subjuntiboa perpaus erlatiboetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkenik, aipatu beharrekoa da subjuntibozko adizkiak ager daitezkeela perpaus erlatiboetan ere:

  • h. Neska hori agur dezazun momentuan ohar zaitez haren janzkeraz.
  • i. Inoiz kronika zirtzil hau irakur dezan irakurle prestuak nik esana gogoan izan beza.

Horrelakoak, burua isilarazia duten sintagmetan errazago gertatzen dira:

  • j. «Madarikatua izan bedi Itsasoa sal dezana» (Txillardegi, Haizeaz bestaldetik, 105)
  • k. «Batzarrak erabagi dagiana [=dezana], horixe da gure lege zaharra» (E. Erkiaga, Irribarrea galtzen denean, 107).

Eta are errazago «buru» isilpekodun horiek denborazkoak direnean: -ENEAN formakoetan, alegia:

  • l. «Eldu dadinean, atera bear da eskuz, ez ebagi igitaiez» (J. A. Mogel, Peru Abarka, 94)
  • m. «Zer eginen duzu (…) handi dadinean (P. Axular, Gero, 132).

Gaurko hizkera arruntean, hala ere, IZAN / EDUN-en orainaldia erabiltzen dira. Adibidez, azken bi adibideak honela emango lirateke:

  • l. Heltzen denean, atera behar da eskuz, …
  • m. Zer egingo duzu handitzen denean?

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]