Xabier Arzalluzen heriotza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Xabier Arzalluzen hiletako dolumin liburua elizaren kanpoaldean

Xabier Arzalluz, urte luzez EAJren EBBko lehendakari izandakoa, 2019ko otsailaren 28an zendu zen 86 urte zituela, astebete lehenago iktus bat izan ondoren. Haren beilatokia Bilboko Begoña auzko Bilbaina ehorztetxean ezarri zuten martxoaren 1a eta 2a bitartean, eta haren omenezko gorpuaurrengo hileta elizkizuna martxoaren 2an egin zen Azkoitia jaioterriko Andre Mari Jasokundearen parrokian. Gorpua Galdakaon ehortzi zuten martxoaren 3an, haren bizilekuan. Martxoaren 10ean EBBk eta familiak elkarlanean antolaturiko oroimen meza ospatu zen Bilboko San Bizente Martiriaren elizan.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xabier Arzalluz 2019ko otsailaren 28an zendu zen, 86 urte zituela. Aste bat lehenago iktus bat izan zuen, eta ordutik bere egoerak okerrera egin zuen. Bere Bilboko etxean hil zen, goizez, azken egunak familiaren ondoan igaro ondoren.[1] EAJk arratsaldeko laurak inguruan zabaldu zuen albistea bere webgunean eta sare sozialetan.[2] Bere heriotzak erreakzio ugari eragin zituen euskal panorama politikoan, baita hortik haratago ere.

Xabier Arzalluzen heriotzaren egunean eta hurrengoetan komunikabide zein alderdi edo eta jende ezberdinen arteko gai aipagarri bihurtu zen. Gehienbat Euskadiko komunikabideetan agertu bazen ere, Espainiakoek ere heriotzaren berri eman zuten. Behean agertzen dira erreakzio aipagarrienetako batzuk.

Erreakzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Instituzionalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Arzalluz abertzale eta gidari handia izan zela esan zuen, eta Euskal Herriaren alde egindako lanagatik herritar ororen aitortza merezi zuela adierazi zuen.[3] Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak ere doluminak igorri zizkien familiari eta EAJko kideei.[4] Halaber, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak itzal handiko gizona izan zela adierazi zuen[5], eta Patxi Lopez lehendakariak ere doluminak bidali zizkien haren lagun, senide eta alderdikideei.[6] Jose Antonio Ardanza lehendakariak "Agur Xabier Arzalluz" izenburuko zutabea idatzi zuen Deian, etxekoei doluminak emanez eta Arzalluzen ibilbidea goraipatuz, ondorengoei aurkitu zuena baino askoz Euskadi hobea utzi ziela esanez.[7]

EAJren ordezkari instituzional guztiek ere euren atsekabea agertu zuten, besteak beste Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak[8], Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak[9], Eneko Goia Donostiako alkateak[10], Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak[11], Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiako bozeramaileak[12], Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak. Maria Solanak, Nafarroako Gobernuko bozeramaileak, foru-gobernu osoaren izenean dolumina agertu zien Arzalluzen senideei eta lagunei, baita jelkide guztiei ere.

Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak euskarazko mezua idatzi zuen haren doluminak adieraziz[13], eta Carles Puigdemont presidenteak ere abertzale handi baten galera sentitzen zuela esan zuen, Euskal Herriari doluminak emanez.[14] Ildo beretik Joaquim Forn, Jordi Turull eta Josep Rull kontseilari ohiek ere mezu bana idatzi zuten Twitteren, Arzalluzen uste sendoak eta Euskadiren historia hurbilean izan zuen berebiziko garrantzia azpimarratuz.[15][16][17]

Fernando Clavijo Kanarietako presidenteak ere haren atsekabea erakutsi zuen, Arzalluzen heriotza albiste tristea zela eta abertzalestasuna umezurtz uzten zuela esanez, senideei zein jelkide guztiei doluminak helaraziz.[18]

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere doluminak eman zizkien senideei eta alderdiari, euskal politiko historiko baten galera nabarmenduz, gaztelaniaz zein euskaraz idatzitako mezuan.[19] Espainiako Gobernuko bozeramaile Isabel Celaak oso figura politiko azpimarragarria izan zela esan zuen. Azkenik, senideek Espainiako Errege Etxearen doluminak ere jaso zituzten. Felipe VI.a erregeak eta haren aita Juan Carlos I.ak telegrama bana bidali zioten Urkullu lehendakariari, Arzalluzen hurbilekoei euren atsekabea helaraz ziezaien.

Alderdi politikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euzko Alderdi Jeltzaleak atsekabe handiz hartu zuen Arzalluzen galera, eta horren seinale Sabin Etxean zein batzoki guztietan ikurriñak haga erdira jaitsi zituzten. Andoni Ortuzar EBBko lehendakariak Arzalluz erreferente bat izan zela adierazi zuen, baita jurista handia, politikari bikaina eta abertzale erraldoia ere. EAJren familia osoa lutoan zegoela adierazi zuen, eta Arzalluzen urteetako lana goraipatu zuen, egungo Euskadi eraiki zuen belaunaldiko kide izan zela esanez.[20]

Martxoaren 1ean EBBko kide guztiak Bilboko beilatokira bertaratu ziren senideei euren samina adierazteko, eta haren eredua jarraituko zutela esan zuten.[21] Alderdiak omenaldia egin zion martxoaren 2an Sabin Etxean egindako Aberri Batzarrean. Iñigo Zabalza Aberri Batzarreko mahaiburuak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, Iñigo Urkulluk eta Andoni Ortuzarrek irakurritako adierazpenean alderdiari eta Euskadiri egindako ekarpen handia goretsi zuten, eta minutu bateko isilunea zein txalo-zaparradak eskaini zizkioten. Sabin Etxeko atondoan doluminak adierazteko liburua ere jarri zuten.[22]

Halaber, heriotzaren berria zabaldu zenean alderdikide askok euren samina adierazi zuten, besteak beste Aitor Esteban Diputatuen Kongresuko bozeramaileak[23], Itxaso Atutxa BBBko lehendakariak[24], Unai Hualde NBBko lehendakariak[25], Joseba Egibar GBBko lehendakariak[26], Joseba Agirretxea diputatuak[27], Izaskun Bilbao europarlamentariak[28], EGI gazte erakundeak[29] eta Imanol Landa Getxoko alkate eta EUDELeko lehendakariak.[30] Hainbat herritako Uri Buru Batzarrek, alderdikideek eta jarraitzaileek eskaturik, hileta-elizkizunera joateko autobusak antolatu zituzten. Geroa Baik, EAJ kide duen koalizioak, ere doluminak adierazi zituen, Arzalluz pertsona zein politikari bikaina izan zela esanez.[31]

EH Bilduren aldetik Arzalluzek Euskal Herriaren eraikuntzari eta abertzaletasunari egindako ekarpena azpimarratu zuten.[32] Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak Arzalluzen tamainako abertzale batekin adiskidetasuna eta bidearen zati bat partekatu izana ohorea zela adierazi zuen, eta "gutariko bat" zela esan zuen.[33] Aitortza mezuak argitaratu zituzten, halaber, Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak[34], Miren Larrion legebiltzarkideak[35], Jon Iñarritu senatariak[36], Oskar Matute diputatuak[37] eta Laura Mintegik.[38] Honetaz gain koalizioko Eusko Alkartasuna alderdiak Arzalluzen lanaren balioa aitortu zuen[39], eta Patxi Zabaleta Aralarreko ohorezko lehendakariak ere Arzalluzekin izandako harremana ekarri zuen gogora.[40] Ezker abertzalearen aldetik, Sortuk eta haren idazkari nagusiak, Arkaitz Rodriguezek, desberdintasun politikoak gorabehera Arzalluzen itzal handia eta Euskal Herriaren historian utzitako oinatz sakona aitortu zituzten.[41]

Euskadiko Alderdi Sozialistak doluminak eman zizkien Arzalluzen senideei eta familia abertzale osoari[42], eta euren idazkari nagusiak, Idoia Mendiak, Euskadiren historia politiko zein instituzionaleko protagonistetako bat izan zela nabarmendu zuen[43]. Ildo beretik mezua argitaratu zuen PSOE Espainiako Alderdi Sozialistak, aro demokratikoan Arzalluzek izan zuen garrantzia azpimarratuz.[44] Idoia Mendiak eta Patxi Lopez lehendakariak zuzendutako ordezkaritza izan zen beilatokian, eta Idoia Mendia hiletara ere joan zen, Iñaki Arriola sailburuarekin batera.

Ahal Dugu alderdiko idazkari nagusiak, Pablo Iglesiasek, doluminak eman zizkion EAJri Twitter bidez, Arzalluz garaiera erraldoieko politikaria zela esan zuen, beti gauza interesgarriak esaten zituena eta Euskadiko historia ulertzeko ezinbestekoa.[45] Euskadiko Ahal Duguren ordezkaritza bat gerturatu zen beilatokira, Lander Martinez eta Roberto Uriarte buru.

Alderdi Popularra EAJri doluminak ematera mugatu zen. Alfonso Alonso Euskadiko Alderdi Popularreko presidenteak esan zuenez, egin zezaketen onena Arzalluzek iradokitzen ziena ez esatea zen, eta doluminak ematera mugatu.[46] Hala ere, zenbait kidek Arzalluzen aurkako deklarazioak egin zituztenː Anton Damboreneak terrorismoaren aurka lan egin ez izana leporatu zion, baita Lizarrako akordioan parte hartu izana ere. Halaber, Carlos Iturgaizek, Urkullu lehendakariaren deklarazioen harira, Arzalluzen ondarea miserablea zela esan zuen.[47] Deklarazio horiek gorabehera, Arzalluzen aldeko adierazpenak ere egin zituzten zenbait kidek, horien artean Jose Manuel Garcia Margallo eta Francisco Alvarez-Cascos ministro ohiek. Margallo jaunak Arzalluzek elkarbizitza baketsuaren eraikuntzaren alde lan egin zuela azpimarratu zuen, baita euskal abertzaletasunaren figura garrantzitsuenetarikoa izan zela esan ere, Sabino Arana eta Jose Antonio Agirrerekin batera.[48][49] Alvarez-Cascos, Asturiaseko presidente ohia, beilatokira joan zen eta familiari doluminak emateaz gain Arzalluzen oso oroitzapen ona zuela adierazi zuen.[50]

Ciudadanosen aldetik Euskadiko alderdiak txio baten bidez doluminak adierazi zituen[51], eta Albert Rivera liderrak bertxiotu zuen, baina alderdikide ugarik idatzi zituzten Arzalluzen aurkako mezuak. Horien artean, Juan Carlos Girauta diputatuak infernura Satanas baino okerragoa den pertsona bat iritsi berri zela esan zuen.[52] Antzeko mezuak zabaldu zituzten Vox alderdi ultraeskuindarretik ere.[53]

Kataluniako alderdi askotatik iritsi ziren Arzalluzentzako aitortza-mezuak. PDeCATek prentsa-oharra argitaratu zuen haren doluminak adieraziz[54], eta David Bonvehí presidenteak Kataluniaren lagun handia izan zela esan zuen.[55] Doluminak eta aitortza helarazi zituzten PDeCATeko beste zenbait kidek, besteak beste Carles Campuzano Diputatuen Kongresuko bozeramaileak[56], Xavier Trias Bartzelonako alkate ohiak[57] eta Joaquim Forn, Jordi Turull eta Josep Rull kontseilari ohiek.[15][16][17] Halaber, Eduard Pujol Junts per Catalunyako diputatuak ere doluminak igorri zituen Twitter bidez.[58] ERCren aldetik Joan Tarda diputatuak estatu-politikari gisa deskribatu zuen, eta doluminak emateaz gain Kataluniarekiko izan zuen jarrera eskertu zion.[59] Honetaz gain Democrates de Catalunya eta Units per Avançar alderdiek ere euren dolumina zabaldu zuten.[60][61] Bestalde, EAJk jakinarazi zuen Sabin Etxera dolumin mezuak bidali zituztenen artean Francesc Homs eta Josep Antoni Duran i Lleida zeudela.[21]

Galiziako alderdi abertzaleek ere Xabier Arzalluzen paper garrantzitsua nabarmendu zuten. BNG-k Euskal Herriaren historian utzitako aztarna azpimarratu zuen[62], Compromiso por Galicia alderdiak doluminak igorri zituen Sabin Etxera[21][63], eta Xose Manuel Beiras buruzagi nazionalista historikoaren Anova alderdiak ere haren samina erakutsi zuen.[64]

Kanariar uharteetan Kanariar Koalizioak babesa agertu zion EAJri, Arzalluzen lagun eta senideei doluminak emanez.[65]

Sindikatuak eta eragileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xabier Arzalluzen heriotzaz tamaldu ziren Euskal Herriko sindikatu nagusiak, tartean ELA, LAB, UGT eta CCOO. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak haren doluminak adierazi zituen, eta desberdintasun politikoetatik haratago Arzalluz politikari handia izan zela esan zuen. Halaber UGT sindikatuak ere haren doluminak eta elkartasuna agertu zituen, Arzalluzek egindako lana aitortuz.[66] Sindikatu horretako Estatuko idazkari nagusi Pepe Alvarezek zein Euskadiko idazkari nagusi Raul Arzak doluminak igarri zituzten Sabin Etxera, CCOO Euskadiko idazkari nagusi Loli Garciak bezala.[21]

Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak ere mezua argitaratu zuen, Xabier Azalluzek erabakitzeko eskubidearen alde egin zuen lana goretsiz. Gogora ekarri zuten Arzalluzek azken urteetan plataformarekin kolaboratu zuela.[67] Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohiak ere mezua idatzi zuen doluminak emateko, Arzalluz pertsona konprometitua eta zintzoa izan zela esanez.[68]

Covite terrorismoaren biktimen kolektiboak Arzalluzen heriotzaren aurrean haren figura gorestea deitoratu zuen, eta biktimen ondoan baino beti hiltzaileetatik gertuago egon zela esan zuten.[69]

Erakundeak eta kultura eragileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko Unibertsitateak eskela argitaratu zuen egunkarietan, Arzalluz bertako irakasle ohia izan zenez gero doluminak emanez. Deia egunkariak kultura eta gizarte arloko pertsonaia askoren erreakzioak bildu zituen, horien artean Garbiñe Biurrun epailearenak, Maria Jesus Cava Deustuko Unibertsitateko katedradunarenak, Ibon Areso politikari jeltzalearenak eta Euskal Kazetarien Elkarteko zuzendari Txuskan Coteronenak. Euren dolumina agertu eta Xabier Arzalluzek izandako garrantzia goraipatu zuten, halaber, Aitor Elizegi Athletic Clubeko presidenteak, Javier Clemente Athleticeko entrenatzaile ohiak, Miguel Mandariaga Euskadiko Txirrindularitza Iraskundeko ohorezko lehendakariak, Juanito Oiarzabal mendigoizaleak, Itziar Lazkano eta Gurutze Beitia aktoreek, Fernando Canales sukaldariak eta David Barbero kazetariak. Gorka Knörr abeslari eta politikariak ere aitortza egin zion[70], eta haren omenezko artikulu bat idatzi zuen.[71]

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Begoña Loroño alargunak eta gainerako senideek tamaina handiko eskela argitaratu zuten Deia egunkarian. Halaber, Miren Arzalluz alabak mezua argitaratu zuen bere sare sozialetan, aitaren argazki bati erantsia, honakoa esanezː "Herriari eman zion bizitza, guri bihotza. Gugan, beti".[72]

Beilatokia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haren hilbeila Bilbaina ehorztetxeko beilatokian ezarri zuten, Bilboko Begoña auzoan. Martxoak 1ean egun osoan zehar egon zen,10ː00etatik 14ː00etara eta 17ː00etatik 20ː00etara, baita martxoak 2 goizean ere, 10ː00etatik 14ː00etara. Bi egun horietan ordezkari politiko andana igaro zen beilatokitik, Arzalluzek bere ibilbide politiko luzean zehar lankide izan zituenak, baita beste alderdietako zein sindikatuetako ordezkariak ere.[73]

EAJren zuzendaritzako kide guztiak igaro ziren bertatik, baita buruzagi jeltzale historiko asko ereː Andoni Ortuzar, Itxaso Atutxa, Joseba Egibar, Jose Antonio Suso eta Koldo Mediavilla burukideak, Aitor Esteban diputatua, baita foru aldundietako ahaldun nagusiak eta hiriburuetako alkateak ere, beste hainbat legebiltzarkide zein ordezkari tarteko. Buruzagi historikoen artean Roman Sudupe Gipuzkoako ahaldun nagusi izandakoa, Jose Luis Bilbao eta Josu Bergara Bizkaiko ahaldun nagusi izandakoak, Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusi izandakoa, Jon Azua lehendakariorde ohia, Josune Ariztondo EBBko idazkari izandakoa, Iñaki Gerenabarrena, Iñaki Anasagasti eta Emilio Olabarria bertaratu ziren, besteak beste. Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko lehendakaria ere igaro zen beilatokitik. Honetaz gain Juan Jose Ibarretxe lehendakaria izan zen beilatokia bisitatu zuen lehenetarikoa, eta Iñigo Urkullu bere gobernuko sailburu jeltzale guztiekin batera joan zen, martxoak 2ko goizean.

Gainontzeko alderdien aldetik ezker abertzalearen ordezkaritza bat igaro zen beilatokitik, Rufi Etxeberria, Rafa Diez Usabiaga, Eugenio Etxebeste, Tasio Erkizia eta Arkaitz Rodriguezek osatua. EH Bilduren izenean Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Jon Iñarritu eta Jone Goirizelaia bertaratu ziren. Podemosetik Lander Martinez eta Roberto Uriarte joan ziren, eta PSEk Idoia Mendia eta Patxi Lopez buru zituen ordezkaritza bidali zuen. PP-k ez zuen inor bidali, baina Francisco Alvarez-Cascos ministro ohia bertan izan zen familiari doluminak emateko. Sindikatuen aldetik Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusia eta Loli Garcia Euskadiko CCOOko idazkari nagusia izan ziren. Hilbeila bisitatu zuten, gainera, Txema Montero HBko kide izandakoak eta Xose Manuel Beiras BNGko lider izandakoak.

Hileta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiletan lehen lerroan ordezkari politiko ugari eseri ziren
Xabier Euzkitzek lau bertso eskaini zizkion

Xabier Arzalluz agurtzeko hileta Azkoitian egin zen, jaioterrian, bere nahiari jarraituz. Gorpuaurrengo hileta elizkizuna martxoaren 2ko arratsaldeko 19ː00etan egin zen, herriko Andre Mari Jasokundearen parrokian. Zenbait herritatik autobusak antolatu zituzten hiletara joateko, eta elizkizuna hasi baino lehenago herritar ugari bildu ziren elizaren inguruan. Gorpua elizkinzuna hasi baino ordu erdi lehenago iritsi zen, eta elizara EGIko kideek egindako ikurrina korridore batean zehar sartu zuten, "Gora Euskadi askatuta" oihu artean eta jendearen txalo artean, Begoña Loroño alarguna eta hiru seme-alabak zein beste senideak atzetik zituela.

Ordezkaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiletara goi mailako ordezkaritza politikoa joan zen. Hilkutxaren ezkerrean familiako kideak jarri ziren, eta eskuinean aldiz ordezkari politikoak, horien artean Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos lehendakariak, Andoni Ortuzar EBBko presidentea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Juan Mari Atutxa Bilboko alkatea. Hauetaz gain jeltzaleen ordezkaritza politiko zabala izan zen elizkizunean, tartean Urkulluren gobernuko sailburu jeltzaleak, Joseba Egibar, Aitor Esteban, Itxaso Atutxa, Unai Hualde, Joseba Agirretxea, Maria Eugenia Iparragirre, Joseba Aurrekoetxea, Juan Mari Atutxa, Roman Sudupe eta abar luze bat.

Agintari politikoak elizara bidean

Nafarroako gobernuaren izenean bertan izan ziren Uxue Barkos lehendakariaz gain Manu Aierdi lehendakariordea eta Maria Solana bozeramailea. Kataluniako Generalitatearen izenean Miquel Buch barne kontseilaria bertaratu zen. Ordezkaritza instituzionalaz gain PP-k ezik gainerako alderdi politikoek ere bidali zituzten ordezkariak, tartean EH Bilduk (Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte eta Josu Juaristi), EA-k (Pello Urizar idazkari nagusia), PSE-EE-k (Idoia Mendia eta Iñaki Arriola sailburua) eta Podemosek (Roberto Uriarte). Kataluniako alderdi abertzaleek ere bidali zuten ordezkaritza; hiletan izan ziren Junts per Catalunyako Eduard Pujol, PDeCATeko Marta Pascal eta ERCko Gabriel Rufian zein Joan Capdevila diputatuak. Galiziatik Xose Manuel Beirasek hartu zuen parte.

Ordezkaritza politkoaz haratago gizarte arloko pertsonak ere bertaratu ziren, horien artean Pedro Miguel Etxenike zientzialaria, Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektorea, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria eta haren aita Leopoldo Zugaza kulturgilea, eta Gure Esku Dagoko Angel Oiarbide. Kultura arloko zenbait aurpegi ere izan ziren, Mikel Urdangarin eta Xabier Euzkitze, besteak beste.

Elizkizuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hilkutxa elizatik ateratzean Eusko Gudariak abestuz omendu zuten

Felix Azurmendi herriko parrokoak eman zuen meza, eta hileta elizkizuna zuzenean jarraitu ahal izan zen elizaren kanpoko plazan, megafonia bidez. Meza osoa euskaraz izan zen, eta apaizak Arzalluzek haren bizia Euskadiri eskaini ziola adierazi zuen. Bere hitzaldian Arzalluzek Euskal Herria zein euskal gizartea hobetu zituela esan zuen, haren elkarrizketarako eta bakearen aldeko jarrera nabarmenduz. Mezaren amaieran Xabier Euzkitzek lau bertso eskaini zizkion, honakoa zioen azkenakː

Europa zale sutsu,
bezain azkoitiar,
herritarren eguzki
idaideen ipar
bakeleku berritik
emaiguzu indar,
lotien ernatzaile
epelenen txingar
bakeleku berritik
emaiguzu indar,
nahi zenuen herria
lor dezagun bihar.

Agurra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizkizuna amaitu ondoren hilkutxa elizatik atera zuten Jesusen Bihotz Agurgarri plazara, berriro ere ikurrina korridorean zehar, eta bertan bildu ziren ehunka herritarrek Eusko gudariak abestu zioten, bertaratutako askoren negar artean. Ondoren autoritateek zein bertaratutakoek familiari doluminak eskaintzeko aukera izan zuten, eta 20ː30ak aldera txalo artean agurtu zuten Arzalluzen gorpua. Hurrengo goizean senideek gorpua Galdakaon ehortzi zuten, Arzalluzen nahiari jarraiki, bere bizilekuan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «'Herri izaeraren perspektiba beti izan du presente'» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  2. EAJ-PNV. (2019T07:25). «Xabier Arzalluz zendu da. Pertsona, jeltzale eta abertzale aparta joan zaigu. Une latza eta gogorra bere senide, lagun eta alderdikide guztientzat. Goian Bego!pic.twitter.com/QMS1ctrSs5» @eajpnv (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  3. Urkullu, Iñigo. (2019T08:14). «Agur eta ohore Xabier Arzalluz abertzale handiari. Dena eman zuen gure Herriaren alde eta gaur gure aitormen sakonena eta zintzoena jasotzen du. Goian bego!pic.twitter.com/0vtzzP4aCP» @iurkullu (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  4. Barkos, Uxue. (2019T09:34). «Agurra Xabier Arzalluzi. Doluminak familiari ta EAJ/PNVri. Goian bego.» @uxuebarkos (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  5. Ibarretxe, Juan Jose. (2019T07:38). «Itzal handiko gizona... Xabier, Agur eta Ohore!pic.twitter.com/NlFXzgQor9» @LHKibarretxe (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  6. (Gaztelaniaz) patxilopez. (2019T09:09). «Un abrazo a los amigos y familiares de Xabier Arzalluz y a su familia política en este día triste para el @eajpnv» @patxilopez (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  7. Ardanza, Jose Antonio. (2019-03-02). Agur Xabier Arzalluz. Deia, 27 or..
  8. (Gaztelaniaz) Aburto, Juan Mari. (2019T09:06). [https://twitter.com/juanmariaburto/status/1101166774656122881 «Mis condolencias para la familia de Xabier Arzalluz, referente del nacionalismo moderno en general y de EAJ-PNV en particular. Deja un hueco enorme en nuestra reciente historia pero su importante legado permanecerá para siempre con nosotros. Goian bego Xabier.»] @juanmariaburto (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  9. Arrese, Markel Olano. (2019T08:43). «Frankismo ondoreneko hamarkadetan gure Herriaren lemazain, Xabier Arzalluz joan zaigu. Euskadi askea zuen helburu. Herrigintzan betirako eredu. Goian bego.pic.twitter.com/X1XPNbcRXr» @markelolano (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  10. (Gaztelaniaz) Goia, Eneko. (2019T11:34). «Xabier fue modelo y ejemplo para muchos de nosotros. Supo llevar la responsabilidad del partido y del país en momentos duros. Nos enseñó qué es el liderazgo y la audacia, siempre por Euskadi y por sus ciudadanos/as. Jeltzale eta abertzaleon bihotz eta buru, goian bego.pic.twitter.com/buPcV1f8J9» @EnekoGoia (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  11. Mendoza, Eider. (2019T08:11). «Liderra joan zaigu: Xabier Arzalluz. Eta nik ezin hitzekin asmatu nola eskerrak eman herri honen alde egindakoagatik. Irizpide egokiak markatzen zituena. Bidea egiten zekiena. Ilusioa pizten. Eta abertzaletasuna barruraino sartu ziguna. Herri askatuen egun haundirarte!pic.twitter.com/h6IqdtYWOn» @EiderMendoza2 (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  12. Zeberio, Imanol Lasa. (2019T09:06). «Hunkituta. Politikaria zen Arzalluz, hizki larriz. Karisma eta oratoria paregabekoa, ideiak garbi zituena, erabaki guneetan azkarra. Baina gizatasuna zuen ezaugarri nagusi. Beti kezkatzen zen premia handiena zutenekin. Pertsona gertukoa zen, guztiekin. Egun handira arte, Xabier.pic.twitter.com/4DGq2Tceo3» @imanollasa (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  13. Pla, Quim Torra i. (2019T07:41). «Doluminak adierazi nahi dizkiet Xabier Arzallusen senide, lagun eta @eajpnv-ko kideei. Goian bego.https://twitter.com/eajpnv/status/1101141426010755078 …» @QuimTorraiPla (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  14. (Katalanez) Puigdemont, Carles. (2019T07:38). «El meu condol a la seva família, a tota la família del @eajpnv i a Euskal Herria per la pèrdua d'un gran patriota. Descansi en pau.https://twitter.com/eajpnv/status/1101141441026363393 …» @KRLS (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  15. a b (Katalanez) Forn, Joaquim. (2019T11:39). «El meu condol i solidaritat per la mort de l’històric president del @eajpnv, personalitat decisiva en la historia d’Euskadi del darrer quart del segle passat; un patriota, i un exemple de fortalesa en les seves conviccions. Una abraçada a família i companys. Descansi en pau.https://twitter.com/eajpnv/status/1101141441026363393 …» @quimforn (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  16. a b (Katalanez) Negre, Jordi Turull i. (2019T12:34). «El meu sentit condol a la seva família i a tota la gent del @eajpnv @andoniortuzar pel traspàs de Xabier Arzalluz. Figura clau per Euskadi, polític en majúscules. Descansi en paupic.twitter.com/CJuAu2iids» @jorditurull (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  17. a b (Katalanez) Andreu  🎗, Josep Rull i. (2019T12:15). [https://twitter.com/joseprull/status/1101214212683169793 «Ens ha deixat Xabier Arzalluz. Vaig tenir ocasió de conèixer-lo, una persona de fermes conviccions, gran amic de Catalunya. El més sincer condol a la seva família i als amics d’@eajpnv i @euzkogaztedi @andoniortuzarpic.twitter.com/99IH46LrcL»] @joseprull (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  18. (Gaztelaniaz) Clavijo, Fernando. (2019T07:52). «Su marcha deja huérfano al nacionalismo en su tierra natal. Triste noticia. Mis condolencias a familiares, amigos y en especial a @andoniortuzar y a toda la familia del @eajpnv. Betira arte.https://twitter.com/eajpnv/status/1101141426010755078 …» @EquipoClavijo (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  19. Sánchez, Pedro. (2019T08:40). «Gaur Xabier Arzalluz hil da. EAJ-PNV-ren lehendakari ohia eta euskal politiko historikoa. Nire doluminak beraren familiarentzat eta jeltzale guztientzat. @eajpnv» @sanchezcastejon (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  20. Batzarra, Euzkadi Buru. «Jurista handia, politikari handia eta, batez ere, abertzale erraldoia joan zaigu» www.eaj-pnv.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  21. a b c d Batzarra, Euzkadi Buru. «Euzkadi Buru Batzarrak bere doluminak adierazi dizkio Xabier Arzalluz “abertzale eredugarriaren” familiari» www.eaj-pnv.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  22. Batzarra, Euzkadi Buru. «Aberri Batzarrak Xabier Arzalluz “EAJ-PNVren historian errepikatu ezin den gizasemearen” heriotza tamaldu du» www.eaj-pnv.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  23. ESTEBAN, AITOR. (2019T08:41). «Abertzale gartsua zendu da. Alderdia eta Euzkadiren aldeko lan bikaina egin ebana. Un referente fundamental en la historia del @eajpnv y el mejor orador que he conocido. Goian bego.https://twitter.com/eajpnv/status/1101141441026363393 …» @AITOR_ESTEBAN (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  24. Atutxa, Itxaso. (2019-03-02). «Jeltzaleon maisu, herriaren gidari, Nazioaren askatasunaren aldeko gudari. Betiko gogoan. #eajpnv #eajpnvbizkaiapic.twitter.com/NKJKmhyiaZ» @itxasoatutxa (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  25. Hualde, Unai. (2019T07:26). «Arzalluz EAJko lehendakari ohia joan zaigu gaur. Egun tristea abertzaleontzat. Agur eta ohore.» @UnaiHualde (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  26. «Euskadik merezitako gidaria - Uriola.eus» uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  27. Agirretxea, Joseba. (2019T08:43). «Gaur abertzale gyztiontzat egun tristea da , Xabier Arzalluz joan zaigu. Gidari zuzena, politikari azkarra, intelektual bikaiba eta euskaltzale eta abertzalea. Goian bego. Egun handirarte, Xabier» @jagirretxea (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  28. Bilbao, Izaskun. (2019T12:00). «Boliviatik Xabier Arzallusen familiari eta lagunei nire doluminak. Aitzindaria izan zen eta alderdiaren erreferentea. Mila esker danagatik Xabier. Goian bego. @eajpnv» @IzaskunBilbaoB (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  29. euzkogaztedi. (2019T08:00). [https://twitter.com/euzkogaztedi/status/1101150167141662723 «Xabier Arzalluz zendu da. Abertzale sutsua, demokrata eredugarria, politikari fina, gazteongan arreta handia jartzen zuena eta Euskadiren alde bizitza eman duen gudaria; funtsean, jeltzale aparta. Egun handira arte!pic.twitter.com/xa28vcEPYZ»] @euzkogaztedi (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  30. Landa, Imanol. (2019T11:34). «Izan zirelako gara.......gure aberriaren eta alderdiaren erreferente nagusien artean egongo da betirako. Agur eta ohore!pic.twitter.com/TBXMQmoURp» @imanollanda (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  31. (Gaztelaniaz) Bai, Geroa. (). «Nuestro más sentido pésame y condolencias por el fallecimiento de Xabier Arzalluz, brillante político y persona. Expresidente de @eajpnv, partido que forma parte de @geroabai. Gure atsekabea eta doluminak Xabierren heriotzean, politikari eta pertsona bikaina. Goian bego.» @geroabai (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  32. Bildu, E. H.. (2019T08:18). «Gure doluminak adierazi nahi dizkiogu Xabier Arzalluzen senideei, lagunei eta @eajpnv-ri, buruzagi jeltzale ohiaren heriotzaren aurrean. Desberdintasun politikoetatik harago, azpimarratu nahi dugu Arzalluzek herri honen eraikuntzari eta abertzaletasunari egindako ekarpena.» @ehbildu (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  33. Otegi, Arnaldo. (2019T09:40). «Ohorea izan da Xabier Arzalluz-en tamainako abertzalearekin adiskidetasuna eta ibilbidearen zati bat partekatzea. Doluminak senide eta lagunei, baita EAJko kideei ere. Agur eta ohore.pic.twitter.com/XA7TXlkLDI» @ArnaldoOtegi (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  34. Iriarte, Maddalen. (2019T13:08). «Kazetaritzan ezagutu nuen Xabier Arzalluz. Herrigintzan aritu ginen aldi bakanetan pertsonalki lagundu ninduen. @ehbildu ra etorri nintzenean zoriondu. Ezberdintasun ideologikoen gainetik errespetu handia genion elkarri. Besarkada familiartekoei eta @eajpnv ko kideei. Goian Bego!» @MaddalenIriarte (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  35. Larrion, Miren. (2019T09:03). [https://twitter.com/mirenlarrion/status/1101166080494653440 «Xabier Arzalluz hil da Doluminak senideei eta @eajpnv familiari ere Lagun batzuen irakaslea izan zen eta bere klaseak ahaztezinak omen ziren, politikan ere irakasgai edo beste eman zuen»] @mirenlarrion (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  36. Inarritu, Jon. (2019T07:41). «Goian bego!https://twitter.com/eajpnv/status/1101141426010755078 …» @JonInarritu (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  37. (Gaztelaniaz) Senado, EH Bildu Congreso-. (). ««Por encima de las percepciones que se pudieran tener sobre él o de las diferencias políticas, significa una parte importante de la historia política reciente de nuestro país». @OskarMatute muestra condolencias a la familia de Xabier Arzallus en @Lanoche_24h pic.twitter.com/V07RpUV8Gi» @ehbilducongreso (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  38. Mintegi, Laura. (2019T08:09). «Xabier Arzalluz joan izana zinez sentitzen dut. Osabak are gehiago, Alemaniako urteetatik lagun minak izan baitziren. Besarkada handia etxekoei eta doluminak jeltzale guztiei. #Arzalluz» @lauramintegi (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  39. Alkartasuna, Eusko. (). «Doluminak, Xabier Arzalluzen familia eta lagunei, baita @eajpnv ri ere. Desadostasun politikotik ere, Arzalluzek herriari egindako ekarpen politikoaren balioa aitortu du Eusko Alkartasunak, baita inoiz ahaztu ez zituen ideien alde egindako lana ere. http://www.euskoalkartasuna.eus/?p=118488» @ealkartasuna (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  40. Zabaleta, Patxi. (2019T12:17). «Xabier Arzalluzek berak sukaldatutako babarrunak jaters gonbidatu ninduen... poliki poliki eta, politikan bezala, behar duten denbora emanez egosiak... eta azarekin hobe, independentzia bezala! Ez zen inoiz zirikatzeko gogoaz jubilatu!» @zabaletapatxi (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  41. SORTU #HERRItmoaBIZItu. (). «Doluminak helarazi nahi dizkiegu Xabier Arzalluzen senideei, gertuko lagunei eta EAJren komunitate politiko osoari.@arkarodriguez: “Gure arteko ezberdintasun politikoak gorabehera, haren itzal handia eta herri honen historian utzitako oinatz sakona aitortu nahi ditugu”.» @sortuEH (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  42. (Gaztelaniaz) Vascos, Socialistas. (2019T08:49). «Transmitimos las condolencias de @socialistavasco a los allegados de Xabier Arzalluz y a toda la familia nacionalista por su fallecimiento @eajpnvhttps://twitter.com/idoiamendia/status/1101160793398280193 …» @socialistavasco (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  43. (Gaztelaniaz) Mendia, Idoia. (2019T08:42). «Quiero enviar mi pésame y el de los Socialistas Vascos a los familiares, amigos y compañeros en @EAJPNV de Xabier Arzalluz, un destacado protagonista de la historia política e institucional de Euskadi.https://twitter.com/eajpnv/status/1101141441026363393 …» @IdoiaMendia (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  44. (Gaztelaniaz) PSOE. (2019T08:30). «Lamentamos el fallecimiento de Xabier Arzalluz. Histórico dirigente del PNV, donde militó desde el franquismo (en clandestinidad), y figura política relevante del periodo democrático hasta su retirada en 2004. Nuestras condolencias a su familia y amigos.https://elpais.com/politica/2019/02/28/actualidad/1551366746_199233.html …» @PSOE (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  45. (Gaztelaniaz) Iglesias, Pablo. (2019T09:56). «Xabier Arzalluz no sólo ha sido una figura histórica clave para entender Euskadi y un dirigente de estatura política gigantesca. Además, era alguien que jamás dejó de decir cosas interesantes. Mis condolencias a sus familiares amigos y compañeros del PNV.» @Pablo_Iglesias_ (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  46. (Gaztelaniaz) «Alonso: "Lo mejor es no decir lo que nos sugiere la figura de Arzalluz". Deia, Noticias de Bizkaia» Deia (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  47. (Gaztelaniaz) Iturgaiz, Carlos. (2019-03-02). «Le digo al #lehendakari @iurkullu que el legado de #Arzallus fue mover el árbol para recoger las nueces, y hacer un país de nacionalistas y para nacionalistas incluidos los etarras que para él eran sus patriotas descarriados, y los españoles fuera. Ese legado es miserablepic.twitter.com/KGjwBJBaN8» @carlositurgaiz (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  48. (Gaztelaniaz) «'Aunque en aquella época había diferencias políticas, el entendimiento era posible'» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  49. Press, Europa. (2019-02-28). «Margallo recuerda a Arzalluz como "coautor" de la Transición sin conflicto civil» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  50. «Álvarez-Cascos visita la capilla ardiente de Arzalluz» La Vanguardia 2019-03-01 (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  51. (Gaztelaniaz) Euskadi, Cs. (2019T08:05). «Nuestras condolencias a los familiares, amigos y compañeros del @eajpnv. DEP. Goian begohttps://www.lavanguardia.com/politica/20190228/46755047770/muere-xabier-arzalluz.html?utm_campaign=botones_sociales_app&utm_source=whatsapp&utm_medium=social …» @Cs_Euskadi (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  52. (Gaztelaniaz) Girauta, Juan Carlos. (2019-03-02). «Preocupación en el Averno por la crisis nerviosa de Satanás al enterarse de la llegada de uno peor que él.» @GirautaOficial (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  53. (Gaztelaniaz) Abascal, Santiago. (2019-03-01). «"Unos agitan el árbol y otros recogen las nueces" La colaboración y el reparto de papeles entre el PNV y la banda terrorista ETA es un hecho incontestable.https://twitter.com/ehbildu/status/1101232005851820032 …» @Santi_ABASCAL (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  54. «Partit Demòcrata Europeu Català |» www.partitdemocrata.cat (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  55. (Katalanez) Bonvehí, David. (2019T10:02). «Ha mort Xabier Arzalluz. Polític de raça, ferm defensor del seu país i gran amic de Catalunya. En nom del Partit Demòcrata expresso el més sincer condol a la seva família i al seu partit, el @eajpnv» @davidbonvehi (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  56. (Katalanez) campuzano, carles. (2019T09:48). «Per a tots els que compartim els ideals del nacionalisme basc la mort de Xabier Arzallus ens ha impactat. Fou una veu sòlida i clara, que sabé com ningú combinar el pragmatisme més exigent amb l’ambició nacional per Euskadi més gran. Que descansi en paupic.twitter.com/wfntHgvvSv» @carlescampuzano (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  57. (Katalanez) Trias, Xavier. (2019T09:59). «Tot el meu afecte i solidaritat amb el @eajpnv i el poble basc davant el traspàs de Xabier Arzalluz, una personalitat decisiva en la història recent d’Euskadi, de profundes conviccions sobre la nació basca. Una abraçada a la seva família i tots els companys del seu partit.» @xaviertrias (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  58. (Katalanez) Bonell  🎗, Eduard Pujol. (2019T07:47). «La mort sempre m’impressiona, sempre. La mort provoca buit i absència. El meu sentit condol per la mort de Xavier Arzalluz (epd) a la seva família i a tots els companys/es del @eajpnv / @JuntsXCathttps://twitter.com/eajpnv/status/1101141441026363393 …» @PujolBonell (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  59. Press, Europa. (2019-02-28). «Joan Tardà destaca la "talla de estadista" de Arzalluz: Supo "transigir" y también "plantarse"» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  60. (Katalanez) Castellà #SÍ, Antoni. (2019T07:29). «Ens ha deixat Xavier Arzalluz, tot el condol i una forta abraçada als amics d’ @eajpnv . Descansi en pau. Gora Euskadi askatuta! @DemocratesCATpic.twitter.com/T585ojJSIL» @CastellaToni (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  61. (Gaztelaniaz) Espadaler, Ramon. (2019T15:03). «Desde @UnitsCat expresamos nuestro más sentido pésame a los familiares y amigos de Xabier Arzalluz, así como a la dirección y miembros del @eajpnv por la irreparable pérdida. DEP» @Ramon_Espadaler (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  62. (Portugesez) BNG. (2019T10:37). «Desde Galiza, o noso respecto e condolencias para a familia e para o @eajpnv polo falecemento do histórico dirixente jeltzale Xabier Arzalluz, que deixa unha fonda pegada na historia política do seu pobo.pic.twitter.com/puLGZY4UMz» @obloque (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  63. @Compromiso.gal. (2019T11:01). «Goian bego, Xabier.https://twitter.com/eajpnv/status/1101141441026363393 …» @Compromiso_gal (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  64. (Galizieraz) «Xosé Manuel Beiras asistirá ao funeral de Xabier Arzalluz» Anova (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  65. (Gaztelaniaz) Canaria, Coalición. (2019T08:04). «Coalición Canaria (@coalicion) lamenta el fallecimiento en el día de hoy del ex presidente del PNV Xabier Arzalluz. Trasladamos todo nuestro apoyo a los compañeros de @eajpnv y nuestro más sentido cariño y afecto para su familia y sus amigos en un día tan triste. Descanse en paz.pic.twitter.com/0xWBt6ukcy» @coalicion (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  66. (Gaztelaniaz) UGT. (2019-02-28). «UGT lamenta el fallecimiento de Xabier Arzalluz» UGT (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  67. Dago, Gure Esku. (2019T13:49). «Urte hauetan guztietan erabakiaren aldeko jostuna izan zaitugu. Zure hariaz ere eraikiko dugu etorkizuneko Euskal Herria. Agur eta ohore, Xabier.pic.twitter.com/6cvcbxbXqI» @GureEskuDago (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  68. (Gaztelaniaz) Ríos  🎗️, Paul. (2019T10:53). «Mis condolencias al @eajpnv y muy especialmente a @MirenArzalluz y su familia. Nos ha dejado una persona comprometida y honesta. Goian bego!» @Paulrios (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  69. (Gaztelaniaz) COVITE. (2019-03-01). «Tienes razón, @ArnaldoOtegi. Arzalluz siempre estuvo mucho más cerca de los asesinos que de las víctimas.https://twitter.com/ehbildu/status/1101232005851820032 …» @CovitePV (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  70. Knörr, Gorka. (2019T07:26). «Xabier Arzalluz hil da. Batzuen eta besteen iritzi ezberdinak gora behera, abertzaletasunaren irudi eta pertsona garrantzitsuenetako bat joan zaigu. Eta bizi garen egun hauetan, inoiz baino gaurkotasun gehiago daukan esaera baten egilea: “España erdipurdiko demokrazia da”.pic.twitter.com/rPwsLIS76y» @GorkaKB (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  71. (Gaztelaniaz) «La dimensión de Arzalluz. Deia, Noticias de Bizkaia» Deia (Noiz kontsultatua: 2019-03-05).
  72. Arzalluz, Miren. (). «Herriari eman zion bizitza, guri bihotza. Gugan, beti.pic.twitter.com/H8wBk0tVqb» @MirenArzalluz (Noiz kontsultatua: 2019-03-04).
  73. Berria.eus. «Aurkariek ere aitortu diote lidergoa» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-03-05).