Edukira joan

Emendiozko juntadura

Wikipedia, Entziklopedia askea
Elhuyar Fundazioa (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 11:09, 27 abendua 2011
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)

Emendiozko juntadura eta juntagailuaren bidez gauzatzen den juntadura-mota da.

Perpaus-juntadura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso erabilia da era honetako juntadura. Gorago esan bezala, ETA juntagailua erabiltzen da. Juntagailu horrek atal berdinak edo mota berekoak lotzen ditu. Lotura hori, gainera, gehiketazkoa dela esan daiteke: bigarren osagai bat eransten, gehitzen, zaio lehenbizikoari, eta bien artean mota bereko beste osagai bat osatzen dute. Batuketaren moduko zerbait egiten du emendiozko juntadurak. Adibidez, honako perpaus honetan, juntagailuak bi perpaus elkartzen ditu, mota berekoak, gainera:

  • Iñaki badator, eta Itziar badoa.

Juntatzen diren perpausak ezezka ere egon daitezke, edo bata ezezka eta bestea baiezka:

  • Ez zara garaiz etorri, eta ez dago zuretzat afaririk.
  • Aspaldian ez du euririk egin, eta iturriak agortu egin dira.

Galderazkoak ere izan daitezke:

  • Ikusi al duzu Iñaki eta eskatu al diozu autoa bihar Anoetara joateko?

Agintezko perpausak ere izan daitezke juntagai:

  • Joan zaitez etxera eta sar zaitez berehala ohean!

Baina nekez elkartu daitezke mota desberdineko perpausak, galde-perpaus bat eta aginte-perpaus bat, esaterako:

  • *Zoaz etxera eta ikusi al duzu emaztea?

Nolanahi ere, batetik, nolabaiteko gaikidetasuna edo, behar dute lotuak agertzen diren perpaus horiek. Adibidez, honako perpaus honetan:

  • *Goseak nago eta gizaki orori heltzen zaio bere ordua.

kidetasun semantikorik ez dago elkartutako bi perpaus horien artean, eta horregatik gertatzen da ez-gramatikala edo bitxia gutxienez perpaus elkartua.

Izen-sintagmen juntadura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpausak juntatu ahal izateko nolabaiteko kidetasuna izan behar duten bezala, izen-sintagmak juntatzeko ere mota berekoak izan behar dute. Adibidez, nekez juntatu ahalko dira kasu-marka edo postposizio desberdineko sintagmak:

  • *Mendian eta Joseba ikusi dut.

Baina atzizki desberdina izan arren, ona gerta daiteke juntadura, baldin eta aipatutako kidetasun hori gertatzen bada. Adibidez, adizlagunetan errazago gertatzen da:

  • (a) Zer egunetan eta norekin joango zara Ameriketara?

Hala ere, zalantzan jar daiteke (a) adibideko perpausean itxuraz juntaturik ageri diren bi osagai horiek egiazki juntatuak dauden; hau da, ea [zer egunetan eta norekin] osagaia ote den, ala honako perpaus honetan ageri den moduko perpausen juntadura den:

  • (b) Zer egunetan joango zara Ameriketara eta norekin (joango zara Ameriketara)?

Hala balitz, (a) perpausean bi perpaus juntatu izango lirateke, bat zeharo murriztua.

Izen-sintagmaren barneko osagaien juntadura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oraingoan ere, juntatu beharreko osagaiek mota eta maila berekoak izan behar dute. Baina kontuan izan behar da hor zenbait debeku izango direla.

a. Izenak junta daitezke:

  • [Pilota eta baloi] berriak ekarri dizkigute.

b. Izenondo edo adjektiboak:

  • Disko [zahar eta berri]ez aritu zen.

c. [Izena + izenondoa] egiturak ere izan daitezke juntagai:

  • Atzoko [arrautza frijitu eta urdaiazpiko gordin]ek kalte egin zioten.

d. Izenlagunak:

  • [Patxiren eta Mirenen] liburu berria bihar kaleratuko da.

Dena den, horrelakoetan sarritan gerta daitezke anbiguotasunak. Adibidez, honako sintagma hau bi modutara interpreta liteke, bakoitzak bere egitura berezia duela:

  • Atzoko eta gaurko arazoak.

Baldin badira atzo eta gaur izan diren arazoak, [atzoko eta gaurko] osagai bat izango litzateke, arazoak sintagma zehaztuko lukeena. Baina beste interpretazio hau ere izan dezake:

  • Atzoko arazoak eta gaurko arazoak.

Kasu horretan, bi izen-sintagmaren arteko juntadura izango litzateke, lehenbiziko izen-sintagmaren atal bat isilarazia.

Noiz da beharrezko sintagmen juntadura eta ezinezko bestelako osagaiena?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1) Sintagma osoak, beren kasu-marka edo postposizio eta guzti, juntatzea beti da zilegi.

2) Pertsona-izenordainak osagai direnean, kasu-marka eta guzti juntatu behar dira sintagmok nahitaez:

  • Zurekin eta nirekin (ez, *Zu eta nirekin.

3) Sintagmak singularrekoak direnean, joera nagusia sintagmak osorik juntatzekoa da:

  • a. Txoriari eta txakurrari.
  • b. *Txori eta txakurrari.

4) Sintagmak pluralak direnean, aukera osoa dago modu batera nahiz bestera jokatzeko:

  • a. Txoriei eta txakurrei.
  • b. Txori eta txakurrei.

5) Dena den, lehenbiziko juntagaiari ezin zaio atzizkia kendu eta mugatzailearekin utzi:

  • a. *Langileak eta ugazabei dei egin die arartekoak.
  • b. Langileei eta ugazabei dei egin die arartekoak.
  • c. Langile eta ugazabei dei egin die arartekoak.

6) Postposizioa duten sintagmak juntatzean, lehenbiziko juntagaiak postposizioak eskatzen duen kasu-marka eraman dezake. Hots: postposizioa behin bakarrik agertuko da zenbaitetan, nahiz eta beste batzuetan bi juntagaiek eraman dezaketen bakoitzak berea:

  • Batzuen eta besteen artean hondatu dute autoa. (ez, *batzuen artean eta besteen artean hondatu dute autoa).

baina:

  • Emaztearen eta seme-alabengan du jarria itxaropena.(= Emaztearengan eta seme-alabengan du itxaropena).

GATIK postposizioak, berriz, absolutiboa ere onartzen du:

  • Aita eta amagatik etorri naiz hona. (= aitaren eta amarengatik etorri naiz hona, nahiz aitarengatik eta amarengatik etorri naiz hona).

Juntadura eta aditz-komunztadura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ETAk emendiozko juntadura bideratzen badu eta emendioa nolabaiteko batuketa bada, bidezkoa da pentsatzea sintagma juntatuak pluralak izango direla komunztadurari begira:

  • Neska bat eta mutil bat etorri zitzaizkidan.

Hala ere, zenbait kasutan, sintagma juntatu hori ez du aditzak pluraltzat hartzen. Hori gertatzen da, adibidez, juntagaiak perpausak direnean:

  • Ona da futbolean egitea eta bainu bat hartzea (ez, *onak dira futbolean egitea eta bainu bat hartzea).

Ez da komunztadura plurala egiten juntagaiak sinonimoak edo hurbileko esanahia dutenak badira:

  • a. Jainkoak emango dizu epea eta astia.
  • b. Horretarako behar den arreta eta zehaztasuna ezin ahaztuzkoak dira.

Izen-sintagma abstraktuak juntatzen direnean ere gerta daiteke singularrean joatea aditza:

  • Ez da berdin jakin nahia eta jakintza.

Juntaduran gertatzen diren ezabaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorago azaldu da zein diren juntaduran parte har dezaketen osagaiak. Baina, sarritan, juntatzen diren osagai horiek zenbait ezabaketa jasaten dituzte.

a. Sintagma mailako juntaduran gertatzen diren ezabaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adibidez:

  • Donostiako jokalariak eta Irungoak elkartu dira Hondarribian.

Hor argi du euskaldunak Donostiako jokalariak eta Irungo jokalariak bildu direla. Hortaz, adibide horretako eko bigarren juntagaian, atal bat isilarazi da:

  • Donostiako jokalariak eta Irungo [Ø]ak elkartu dira Hondarribian.

Horrelako ezabaketak ugari izan ohi dira juntaduran. Hor ere, ekonomia nagusi, nonbait.

Beste honako honetan ere gauza bera:

  • Liburu merkeak eta garestiak, denetik saltzen dugu.

(= liburu merkeak eta [Ø] garestiak,...). Hor ere liburu merkeak eta liburu garestiak ulertzen da. Beraz, pentsatzekoa da bigarren ataleko [liburu] osagaia ezabatua gertatu dela. Honako honetan, berriz, izenlagun bakarra dagoela, ez da nahitaezkoa ezabaketa eskatzea:

  • Donostiako jokalariak eta arbitroak.

Interpretazio bat argia da:

  • Donostiako jokalariak eta (beste nonbaiteko) arbitroak.

Kasu horretan ez dago ezabaketa bila hasi beharrik. Baina arbitroak ere Donostiakoak izan daitezke goiko perpaus horretan. Kasu horretan ere, hortaz, ezabaketaren bidea proposa liteke:

  • [Donostiako jokalariak] eta [Donostiako arbitroak]

Sintagma juntatu honetan:

  • a. Gizon sendo eta indartsuak.

interpretaziorik normalena gizon multzo bakarra dagoela pentsatzea da. Gizon horiek sendoak eta indartsuak dira. Haren egitura honako hau litzateke:

  • [[gizon [sendo eta indartsu] ]ak]

Beraz, hor ez litzateke inongo ezabaketarik, bi adjektibo juntatuz sortutako egitura litzateke, besterik gabe. Baina sintagma hori interpreta liteke, beharbada, beste modu batera ere: bi gizon multzo direla, alegia. Bata gizon sendoena eta bestea gizon indartsuena. Interpretazio hori zilegi bada, orduan, honako egitura hau litzateke:

  • [ [gizon sendo] eta [ [Ø] indartsu]ak]

Interpretazio hori ez da normalena, hala ere. Badirudi, bi multzo aipatu nahi direnean, bidezkoena sintagmak juntatzea dela, ez izen-sintagma baino beheragoko atalak:

  • b. Gizon sendoak eta indartsuak.

Hor, jakina, bigarren izen-sintagmako buru litzatekeen izena isilarazia dago:

  • [Gizon sendoak ] eta [[Ø] indartsuak]

Nolanahi ere, (b) perpausak (a)-ri emandako interpretazio normala ere izan dezake.

b. Perpaus mailan gertatzen diren ezabaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juntatu direnak perpausak direnean, bi motatako osagaiak ezaba daitezke:

a. Alde batetik, aditzaren inguratzaile gisa agertzen den edozein sintagma. Sintagma bat aldez aurretik aipatua bada, sintagma hori isilarazteko joera nabarmena du hizkuntzak:

  • Jonek txakurrak gustuko ditu eta Mirenek gorrotatu egiten ditu.

Bigarren perpausean ez da txakurrik aipatzen. Hala ere, jakina da Jonek gustuko dituen txakur horiek gorrotatzen dituela Mirenek.

b. Bestalde, aditza bera ere ezaba daiteke, testuinguruaren arabera. Hots: beste juntagaian ematen den informazioaren arabera, aditza isilpean utz daiteke. Aditz osoa batzuetan, laguntzailea bakarrik beste batzuetan.

Aditz osoa isilpean:

  • Mendian, Mirenek sagardoa edaten du, eta nik, ura.

Haren azpian, berez, beste honako hau dago:

  • Mendian, Mirenek sagardoa edaten du, eta nik, ura edaten dut.

Bigarren perpauseko aditza ezkerrekoa bera delako, ezaba daiteke.

Horrenbestez, adibide horretako perpausaren egitura, berez, honako hau izango da:

  • Mendian, Mirenek sagardoa edaten du, eta nik, ura [Ø].

Kontrastean gertatzen diren osagaiak bakarrik gordetzen dira eskuineko perpaus juntatuan. Hori da joera nagusia. Baina ezkerreko perpauseko aditza ere isilpean gerta daiteke:

  • Ni Getxora eta Ander Bermeora joango da ikastera.

Alegia, pentsa daiteke perpaus horren azpian honako hau dagoela:

  • Ni Getxora joango naiz ikastera, eta Ander Bermeora joango da ikastera.

Hortaz, adibide horretako perpausa honako hau da:

  • Ni Getxora [Ø] eta Ander Bermeora joango da ikastera.

[Ø] osagai hori, hortaz, [joango naiz ikastera] atalaren ordez egongo litzateke. Adizki laguntzailea ere ezaba daiteke.

Honako perpaus honetatik:

  • a. Jonek liburuak kutxetatik ateratzen zituen, eta Karmelek apaletan jartzen zituen.

Beste honako hau sorraraz daiteke:

  • b. Jonek liburuak kutxetatik atera [Ø] eta Karmelek apaletan jartzen zituen.

Edo, ezkerreko perpauseko aditz laguntzailea isilarazi beharrean, eskuinekoan ere gerta daiteke isildua:

  • c. Jonek liburuak kutxetatik ateratzen zituen eta Karmelek apaletan jartzen [Ø].

Aditz laguntzailea ezkerreko juntagaian isilarazten denean, adizki nagusiak partizipioaren forma hartu ohi du: (a)-ko adibidean ateratzen-en ordez, atera gertatu da.

Eskuineko juntagaiko laguntzailea ezabatzen denean, berriz, joera nagusia aspektu-marka gordetzea izango da: (c) perpausean, horregatik, jartzen dago, eta ez jarri.

Bigarren juntagaia «zintzilik»

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarritan, bigarren juntagaia oso-osorik isilpean geratzen da:

  • a. Aita eta etorri ziren.
  • b. Logureak zegoela eta, etxera joan zen.
  • c. Afrikan eta ibilia zen gure aitona.

Halakoetan, «zintzilik» gelditzen da bigarren juntagaia. Horregatik, sarritan zehaztu nahi ez den pluraltasuna markatu ohi da: Afrikan eta X-n, aita eta beste X bat(zuk), etab. Ildo beretik, (b) moduko perpausek, funtsean, aipatutako egitura hori dute, baina, oraingoan, nolabaiteko kausa, arrazoia edo, nahi bada, aitzakia, adierazteko erabiltzen dira.

Juntagaien leku-trukea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpaus juntatuak, normalean, bi izaten dira, eta juntagailua bi juntagaien erdian kokatua egon ohi da. Hala ere, bi juntagaien lekuak truka daitezke. Juntagailua, orduan, juntaduraren azken muturrean gertatuko da:

  • a. Azkeneko eguna da ETA, goazen guztiok dantzara.
  • b. Goazen guztiok dantzara, azkeneko eguna da ETA.

(b) moduko esapideak oso arruntak dira, baina, halakoetan, juntadura soil eta neutroa barik, kausa-adiera duen bat lortzen da: [azkeneko eguna da eta] perpausean, juntagailua, benetan, atzizki bihurtua dago, eta, horrenbestez, perpaus txertatutik hurbil dagoen zerbait da.

Emendioarekin zerikusia duten zenbait elementu

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarritan, eta juntagailuarekin ERE elementua agertu ohi da. Perpaus lokabeetan ere ager daiteke, noski. Eta baita bestelako perpaus elkartuetan ere. ERE lokailu bat da. Lokailu guztiek bezala, ERE-k ere testuan edo solasean aurreko esaldiarekiko lotura bat markatzen du. Eta, testurik ez bada ere, sarritan aurkitzen da ERE:

  • a. Aitak ERE amari gona gorria ekarri dio.
  • b. Aitak amari ERE gona gorria ekarri dio.
  • c. Aitak amari gona gorria ERE ekarri dio.
  • d. Aitak amari gona gorria ekarri ERE (egin) dio.

eta abar. Bere ezkerreko osagaia «harrapatzen» du azpian ERE-k, eta haren erreferentzia-mundua zabaltzen. Hots: (a) esatean, jakintzat ematen da beste norbaitek ere amari gona gorria ekarri diola; (b) esatean, beste norbaiti ere aitak gona gorria ekarri diola, etab.

Beraz, ERE gabeko perpausak esango lukeena baino zerbait gehiago esaten du ERE-dun perpausak. Horregatik esaten da erreferentzia-mundua zabaltzea dela lokailu honen zeregina. <Eta... ere bai> ERE-ren zeregina hori bada, normala da juntaduran leku berezia izatea lokailu honek. Bereziki, bigarren juntagaian agertu ahalko da, lehenbiziko juntagaian esan dena nolabait «jasoz»:

  • a. Mirenek nobela bat idatzi du, eta Jonek ere bai.
  • b. Mirenek nobela bat idatzi du, eta ipuin bat ere bai.

ERE-ren lana garbiago ikusteko, aski da aurreko perpaus-parea beste honako honekin alderatzea:

  • a. *Mirenek nobela bat idatzi du, eta hamarretan ere bai.
  • b. *Mirenek nobela bat idatzi du, eta haurrentzat ere bai.

Sasiperpaus horiek ongi jarri nahi izanez gero, honelako zerbait beharko da, adibidez:

  • a. Mirenek bostetan idatzi du, eta hamarretan ere bai.
  • b. Mirenek helduentzat idatzi du, eta haurrentzat ere bai.

Adibide horietatik erraz ulertuko denez, <eta... ere bai> edo <eta... ere ez> agertzen denean, bai horrek edo ez horrek perpausaren zati bat ordezkatzen du. ERE BAI-ren ezkerretara doan elementua perpauseko edozein osagai izan daiteke: izen-sintagma, postposizio-sintagma, aditzondoa, perpaus osagarri bat, aditza,... Beti ere aurreko perpauseko pareko beste osagai batekin erlazionaturik:

  • a. Aitak ekarri zuen, ETA AMAK ERE BAI.
  • b. Niri esan zidan, ETA ZUEI ERE BAI.
  • c. Mendian izan nintzen, ETA HONDARTZAN ERE BAI.
  • d. Berandu dela esan du, ETA GURE ERRUA DELA ERE BAI.

Ekialdeko euskalkietan, bai gabe ere erabiltzen dira horrelakoak:

  • a. Aitak ekarri zuen, ETA AMAK ERE.
  • b. Niri esan zidan, ETA ZUEI ERE.
  • c. Mendian izan nintzen, ETA HONDARTZAN ERE.
  • d. Berandu dela esan du, ETA GURE ERRUA DELA ERE.

Jakina, perpausa ezezkoa denean, orduan EZ ezartzea nahitaezkoa da:

  • a. Aitak ez zuen ekarri, ETA AMAK ERE EZ.
  • b. Niri ez zidan esan, ETA ZUEI ERE EZ.
  • c. Mendian ez nintzen izan, ETA HONDARTZAN ERE EZ.
  • d. Ez zidan esan berandu zela ETA GURE ERRUA ZELA ERE EZ.

<Eta bai... ere / eta ez... ere>. Hori da ERE duten perpaus juntatuek izan dezaketen beste hurrenkera:

  • a. Aitak ekarri zuen, ETA BAI AMAK ERE.
  • b. Niri esan zidan, ETA BAI ZUEI ERE.
  • c. Mendian izan nintzen, ETA BAI HONDARTZAN ERE.
  • d. Berandu dela esan du ETA BAI GURE ERRUA DELA ERE.

<Bai eta... ere / ez eta... ere>. Hona hemen hirugarren modu bat ERE-ri dagokiona:

  • a. Aitak ekarri zuen, BAI ETA AMAK ERE.
  • b. Niri esan zidan, BAI ETA ZUEI ERE.
  • c. Mendian izan nintzen, BAI ETA HONDARTZAN ERE.
  • d. Berandu dela esan du BAI ETA GURE ERRUA DELA ERE.

<Baita ere, ezta ere>, dena segidan, agertuko da zenbaitetan:

  • a. Ez dakite zer den dotore jaztea, EZTA ERE txukun hitz egitea.
  • b. Ameriketara joanda bakean utziko gaituzu, BAITA ERE lasaiago.

EZ EZIK… ERE…

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dago argi zein gramatika kategoriatakoa den elementu hori. Nolanahi ere, badirudi ERE-rekin baduela nolabaiteko kidetasuna

Emendioarekin ere bai, nahiz eta eta juntagailua agertzen ez den.

  • a. Aitak EZ EZIK, amak ERE ekarri ditu sagarrak.
  • b. Unibertsitatean EZ EZIK, institutuan ERE ikas daiteke frantsesa.

Halakoetan, beti bi atal daude: lehenbizikoan, perpaus-osagai bat + EZ EZIK dago, eta, harekin parekaturik, aurreko osagaiak duen kasu-marka bereko beste osagai bat + ERE. Perpauseko gainerako elementuak, aditza, adibidez, normalean esamolde osoaren azken partean kokatzen dira .EZ EZIK-ek lotzen dituen elementuak, goian argiro ikus daitekeen bezala, mintzagai diren osagaiak izan ohi dira, ez perpausak. Horregatik hartzen du perpaus osoak hartzen duen taxua eta hurrenkera. Halako perpausetan, normalean, baieztapena egiten da. Aurreko adibideetako perpausetan, adibidez, bai aitak eta bai amak, biek ekarri dituzte sagarrak. Edo bai unibertsitatean, eta bai institutuan, bietan ikas daiteke frantsesa.

EZ BAKARRIK...

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badirudi, ez ezik... ere esapidearen pareko dela ez bakarrik...

  • a. Ez dizut lan bat bakarrik eskaintzen, soldata egokia ere eskaintzen dizut.
  • b. Urtetik urtera galduz joan zen, ez bakarrik osasuna, baita umorea ere.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]