Edukira joan

Txikipedia:Lamina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lamia baten eskultura, Arrasaten.

Lamia euskal mitologiako pertsonaia ezagunenetakoa da. Horrela ere deitzen zaio pertsonaia horri: lamina, lami, lamin, lamiña, lamiñaku, amilamia eta eilamia.

Uraren inguruan bizi dira, erreka eta ur-putzuen inguruan batez ere. Hala ere, lamiak ikusteko gaua da egokiena, gauez irteten baitira. Esaten denez, emakumearen gorputza dute baina haien oinak ahatearenak bezalakoak dira. Askotan, urrezko orraziarekin ilea orraztuz irudikatzen dira.

Gizakiengandik ihes egiten ahalegintzen badira ere, sarritan haien beharra izaten dute maitatzeko eta hiltzeko.

Lamien kondaira idatzi bat

Lamien kondairaren audioa

Barandiaranen kondairaren moldaketa bat:

≪Landaberro deitzen zaion etxalde batera, Armaiurko hiritxoan, lamia gauero etorri eta sutondoan jartzen zen. Berotu ondoren, etxeko andreari zartagin-zukua eskatzen zion. Zartaginean ogi papurrak txikituta egiten zen zuku hau. Etxeko andreak, gastuak ikusi eta beldurturik, senarrari gertatzen zitzaiona jakinarazi zion; eta honek, esan zion andreari:

-Gaur ni geldituko naiz.

Andrearen arropak jantzi, haria hartu eta orratza eskuan zuela, josten hasi zen. Lamina etorri eta hauxe esan zion:

-Nor zara zu? -Ni "Ni Neu" naiz- erantzun zion.

-Atzo piririn-piririn zebilen orratza eta gaur aldiz, purdukun-purdukun.- erantzun zion lamiak haserre.

Jostuna, zartaginean olioa jarri eta irakiten hasi zenean, aurpegira bota zion lamiari. Lamia aurpegia errerik, oihuka hasi zen. Lagunak etorri zitzaizkion eta esan:

-Nork egin dizu hau?

-Nik Neuk.

Erantzuna hori izanik, beste lamiek haserre alde egin zuten.≫

Irakaspena

Norbaitek lamiari iruzur egiten badio, haren zigorra jasoko du ordainetan.