Translazio izena ematen zaio halako mugimendu bati; zehazki, leku jakin batean kokatuta dagoen objektu bat beste leku batera eramaten edo mugitzen denean, haren puntu guztiak distantzia bera eginez eta norabide berean mugituz.
Lurraren translazio-mugimendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Astronomiaren esparruan, Lurrak egiten dituen mugimenduetako bat da translazioa; gure planetak Eguzkiaren inguruan osatzen duen mugimendua da, hain zuzen. Eguzki-sistemako beste planeta guztiek egiten dute, denek gainera norabide berean. Aldiz, jira oso bat egiteko denbora oso desberdina behar dute horretarako.
Lurrak, adibidez, 365 egun eta ia 6 ordu behar ditu, eta denbora-tarte horri urtea deitu diogu. Izan ere, urtea da Lurrak Eguzkiaren inguruan bira oso bat egiteko behar duen denbora. Denbora neurtzeko erabiltzen dugun moduaren eraginez, lau urte igarotzen direnean, 6 ordu horiek 24 bihurtzen dira; horregatik, lau urterik behin egun bat eransten diogu egutegiko urte bati, gehiegizko ordu horiek konpentsatzeko. Urte horri bisurtea deitzen diogu, eta 366 egun ditu.
Lurraren translazio-mugimendu hori ez da erabat zirkularra, eliptikoa edo obalatua (arrautza baten formakoa, gutxi gorabehera) baizik. Horren ondorioz, Lurretik Eguzkira dagoen distantzia ez da berdina izaten urtean zehar: batzuetan, distantzia hori laburragoa izaten da, eta beste batzuetan luzeagoa. Lurra eta Eguzkia elkarren arteko distantziarik laburrenean daudenean, 150 milioi km daude batetik bestera; eta distantziarik handienean daudenean, 155 milioi km.