Wikipedia, Entziklopedia askea
Txikipedia:Izar iheskorra» orritik birbideratua)

Izar iheskor

Geminida

Izar iheskorra edo izar uxoa espaziotik Lurrera heltzen diren metal edo harri zati txiki batzuk dira. Meteorito mota bat dira. Harri zati edo partikula hauek atmosferara heltzen direnean, erre egiten dira eta, gauean, posible da ikustea zerua garbi dagoenean eta ez dagoenean ilargi beterik. Baina arretaz begiratu behar da! Zerua oso arin zeharkatzen duen argi-marra bat ikusi ohi da, baina oso denbora gutxi irauten du.

Beraz, izar iheskorrak ez dira izarrak benetan. Harri edo metal zatiak dira, ia beti tamaina txikikoak, batzuetan harri-koskor bat baino txikiagoak; argizagi handiagoek –asteroideek edo planetek– adibidez, haien artean talka egiten dutenean eta apurtzen direnean sortzen dira. Zati horiek oso arin mugitzen dira espaziotik: Lurraren atmosferan sartzen direnean, 72 km segundoko abiadura har dezakete. Abiadura hori dela eta, haizearekin higatzen edo gastatzen dira eta asko berotzen dira, azkenean su hartzen dutelarik; orduan, baldintza egokietan, Lurretik ikus daitezke, suntsitzen edo desegiten diren arte. Mugitzen diren bitartean, inguruko haizea ere berotzen dute eta, horregatik, segundo gutxi batzuk irauten dituen arrasto bat uzten dute zeruan.

Urteko egun batzuetan, Lurrak espazioko zenbait eremu igarotzen ditu non harri-zati hauetako asko dauden. Egun horietan, izar iheskor asko ikus daitezke zeruan. Ikusteko errazenak Perseida deiturikoak dira; abuztuko lehenengo bi asteetan ikus daitezke. Geminida izenekoak, berriz, abenduaren 13aren inguruan ikusten dira.

Bestalde, Lurrera heltzen den harri-zatia handiagoa denean, ez da izar iheskortzat hartzen. Meteoritorik handienak bolido deitzen dira eta, atmosferan sartzen direnean, su-bola handiak eratzen dituzte; haien distira handiagoa da eta izar iheskorrena baino gehiago irauten du. Gainera, askotan atmosferan eztanda egiten dute, zarata handiz. Baina batzuetan, ez dira guztiz desegiten eta gerta daiteke lurrera erortzea. Lurrera erortzen diren zatiak meteoritoak dira. Espazioan dauden bitartean aldiz, meteoroide edo asteroide izenak ematen dizkiete zientzialariek.