Ameba
|
|
||||
|---|---|---|---|---|
Amoeba
|
||||
| Sailkapen zientifikoa | ||||
|
Ameba izena antzeko ezaugarriak partekatzen dituzten protistak izendatzeko erabiltzen da. Zehatza izanik, Amoeba izeneko generoaren bizidunak besterik ez dira amebak, baina hizkera arruntean aipatutako generoaz gain beste genero batzuk ere (Entamoeba, Chaos...) amebatzat jotzen dira. Ameba guztien ezaugarririk nabarmenena pseudopodoen bitartez burutzen duten higidura da. Izan ere, amebak mugikorrak dira, baina beste protozooen aldean ez dute ez zilio ez flagelorik, haien mugimendua zitoplasmaren barneko aldaketen ondorioz burutzen baita.
Berezko mugimendu honi ameboidea deritzo. Mugimendu honek itxura aldakorra ematen die amebei, eta zelula hormaren ezak ahalbidetzen du.
Protistak direnez, amebak eukarioto zelulabakarrak dira, protozoo guztien antzera.
Zelula horma ez dutenez, eta zelula mintza oso malgua denez, zitoplasmaren barneko korronteek mintza itxuraldatzen dute, pseudopodoak -zitoplasmaren luzapenak- agertuz. Higidurarentzat ez ezik, fagozitosi burutzeko ere baliagarriak dira pseudopodo horiek.
Amebak uretan eta lurzoruan bizi dira. Heterotrofoak direnez fagozitosi eta pinozitosiren bidez elikatzen dira.
Amoeba proteus Amoeba generoaren amebarik handiena da, 800 μm neurtzen baitu. Chaos eta Pelomyxa generoko amebek ehunka nukleo dituzte, Amoeba generokoek nukleo bakarra duten bitartean.
Ameba gehienak bizitza askeko saprofito ez-kaltegarriak dira. Gutxi batzuk, baina, patogenoak dira, aipagarriena disenteria eragiten duen Entamoeba histolytica izanik