Ana Cleveskoa (1515–1557)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ana Cleveskoa, Hans Holbein Gazteak margotua, 1539

Ana Cleveskoa (alemanez, Anna von Jülich-Kleve-Berg; ingelesez, Anne of Cleves; Düsseldorf, 1515eko irailaren 22a - Hever, 1557ko uztailaren 16a) noble alemana eta Henrike VIII.a Ingalaterrakoaren laugarren emaztea izan zen; Ingalaterrako erregina izan zen 1540ko urtarrilaren 6tik urte bereko uztailaren 9ra arte. Bikoteak ez zituen ezkontza-eginbideak bete, eta ez zuten erregina ezkontide koroatu. Ezkontza baliogabetua izan ondoren, erregeak konponbide eskuzabala eman zion, eta ordutik aurrera Anaz hitz egitean, erregearen bihotzeko ahizpa esaten zuten.

Bizitza

Ana Düsseldorfetik gertu jaio zen, 1515ean, eta Joan III.a Cleveskoaren lau seme-alabetatik bigarrena zen. Joan III.ak Erasmo Rotterdamgoaren eragina izan zuen, eta Erreformaren barruan joera moderatua erakutsi zuen. Joan III.a hiltzean, 1538an, Anaren anaia Gilen Jülich-Cleves-Berg-eko duke bihurtu zen.

Ana Cleveskoaren sinadura

Hamabi urte zituela (1527), Ana Frantzisko I.a Lorrenakoarekin —honek ez zituen hamar urte besterik— ezkontzea hitzartu zen. Hitzarmena ofiziosoa zela kontsideratu zen, eta 1535ean bertan behera utzi zen.

Heriotza

Henrike VIII.a Ingalaterrakoak izan zituen sei emazteetatik hil zen azkena izan zen. Osasunez makaltzen hasi zenean, Maria I.a Ingalaterrakoak Chelsea Old Manor-en bizitzen utzi zion —hortxe bizi izan zen Henrike VIII.aren azken emaztea, Katalina Parr, ezkondu ondoren—. 1557an hil zen, 42 urte betetzear zituela. Azken egunetan, katolizismora bihurtu zen.

Henrike VIII.aren azken emaztea, Katalina Parr, baino bederatzi urte gehiago bizi izan zen, baina, ez zen urte gehien bizi izan zen emaztea izan, Katalina Aragoikoa 50 urterekin hil baitzen.

Kanpo-loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ana Cleveskoa (1515–1557) Aldatu lotura Wikidatan