Atlas sentimentala

Wikipedia, Entziklopedia askea
Atlas sentimentala
Datuak
IdazleaPatxi Zubizarreta
Argitaratze-data1998
GeneroaEuskal haur eta gazte literatura
Jatorrizko izenburuaAtlas sentimentala
ArgitaletxeaAlberdania
HerrialdeaEuskal Herria
BildumaOstiral
FormatuaLiburua

Atlas sentimentala Patxi Zubizarreta Dorronsorok idatzitako eta J.M. Miguel Amoztegik irudiztatutako haur eta gazte literaturako euskarazko liburu bat da, 1998an Alberdania argitaletxeak plazaratua.[1]

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mattin protagonista nerabea Atlas mendikateko Toubkalmendia igotzera joan da gurasoekin. Mattinek orkatila bihurritzen du eta mendi magaleko Imi Oughlad marokoar herrixkan geratu behar izan du gurasoak mendira joan bitartean. Bertan, bereberren bizimodu eta ohiturekin bizi beharko du. Gainera, Said adinkidearekin harreman estua edukiko du, Naimaz maiteminduko da eta irakasle berezi bat ere ezagutuko du. Mattini mundu berri bat zabalduko zaio begien aurrean eta aurreiritzi asko aldatuko zaizkio.

Martinek, gainera, idazkeraz gain ilustrazioa darabil bere sentimenduak eta gertakariak azaltzerako, eta horren lekuko dira liburuan ageri diren irudi txiki ugari; errealistak eta testuaren osagarri direnak.[2]

Egitura eta estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburua zazpi ataletan egituratzen da. Atal bakoitza Mattinek Imi Oughlad herrixkan igarotako egun bakoitzari dagokio, zazpi guztira. Atal bakoitza mundu arabiarrari dagokion aipu batekin hasten da. Liburuak eguneroko baten tankera hartzen du, protagonistak bertan idazten duen bakoitzean zein ordutan idazten duen ere aipatzen zaigularik. Hortaz, lehen pertsonan kontatzen dira orainaldian narraturik dauden pasadizoak.

Hala ere, kontakizuna ez da eguneroko soil batera mugatzen eta testuartekotasunak sarritan darabiltza. Horietako batzuk dira: Protagonista irakurtzen ari den Eskua bete izar eleberriko pasarteak, lagunei idatzitako gutunak, Xerezaderen istorioak,... baita Patxi Zubizarreta beraren Eztia eta ozpina obrari dagokion aipamena ere. [2]

Idazkera estiloari dagokionez Patxi Zubizarretak oso berea duen poetika nabarmena da, konparazio eta metaforen erabilpena ugari dituelarik. Honez gain, arabiar kulturaren berri emateko sinestesiaren erabilpena gogoko du egileak.


Patxi Zubizarreta eta arabiar kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarritan jorratu izan ditu Patxi Zubizarretak arabiar munduari eta kulturari dagozkien gaiak bere obretan. Horien adibide dira Gutun harrigarri bat (1992), Eztia eta ozpina (1995), Atlas sentimentala (1998), Bakarrik eta Buztangabe (2002) eta Arroza eta tinta (2006). Gainera, gai hori berari buruzko itzulpenak eta egokitzapenak ere egin ditu: Ali Baba eta berrogei lapurrak (1993), Aladin (1995) eta Sinbad marinelaren historia (1996). Horrez gain, Nagib Mahfuz idazle egiptoarraren Mirarien kalezuloa (2006) eta Mila eta bat gauen gauak (2006) euskaratu zituen.

Kasu honetan Atlas sentimentalak arabiar kulturarekin duen atxikimendua erakusteko, egileak bi helburu nagusi biltzen ditu obra honen baitan. Alde batetik, arabiar mundua ezagutzera ematea, eta beste alde batetik, arabiar munduak iradokitzen duen sentsualitatea mendebaldeko irakurle gazteei transmititzea.[3].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lopez Gaseni, J.M.. (2011). «Patxi Zubizarreta: Atlas Sentimentala (1998)» Egungo euskal haur eta gazte literaturaren historia.
  2. a b Etxaniz Erle, Xabier. (1999). «Gazteen interesak» Behinola 1.
  3. Lopez Gaseni, J.M.. (2011). Patxi Zubizarreta: Atlas Sentimentala (1998). Egungo euskal haur eta gazte literaturaren historia. .

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]