Edukira joan

Begi-protesi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Erretinako minbizia (Erretinobalstoma) jasan duen umea. Begi-globoa kendu eta begi-protesia egokitu zioten.

Begi-protesiak, traumatismo edo gaixotasun larri baten ondorioz, begiaren falta total edo partzialaren ordezkapen estetikoak dira. Begiaren edo haren atal baten erauzketaren ondorioz begi-globoan hutsunea dagoenean erabiltzen dira. Azken finean, begi-protesiek hutsune hori betetzen dute. Gaur egun, begi-protesi gehienak polimetilmetakrilato (PMMA) material ezagunez eginak daude, eta gutxiengo bat erretxinaz. Hala ere, Alemaniako eta Austriako lantegietan begi-protesiak oraindik beirazkoak egiten dira. Estatu gehienetan modu artisau batean landuak daude okularista profesional baten bidez. Izan ere, okularistak begi-protesia pazientearen arabera egokiten du.

Lehen begi-protesia k.o. VII. mendean sortu zuten Grezian, Ecblefarón deritzona. Ecblefarón adabaki bat bezalakoa zen, zeinetan betazalak, begi-globoak... irudikatuta zeuden. Adabaki hau orbita anoftalmikoan kokatzen zen, zumitz metaliko bati lotuta. XVII. mendean, kristal eta urre/zilarrezko begiak egiten hasi ziren esmaltez inguratuta. Gaur egun, material sintetikoak erabiltzen dira, eta edozein begiren morfologia imitatu dezake.

Ameriketako Okularisten Elkarteak (ingelesez: American Society of Ocularists, ASO) definitzen duen bezala, okularista begi-protesien formakuntzan, pintaketan eta egokitzapenean aditua den teknikari-profesionalari deritzo. Protesi honen sorkuntzaz gain, okularistak pazienteari protesiaren zainketa eta erabilpena erakusten dio, eta azterketa periodikoen bidez, aldi luzeko zainketa ematen dio. Hortaz, okularistak begiprotesiak paziente bakoitzaren beharrizanen arabera egiten ditu, eta pazienteak behar dituen egokitzapenez arduratzen da.

Begi-protesiek zenbait funtzio bete behar dituzte:

  1. Aurpegiaren simetria zaharberritzea, begi-globoaren faltaren eta berorren narriaduraren ondoriozko efektuak desagerraraziz.
  2. Begi-txokoan malkoen jariatzea eta iraizketa fisiologikoa berreskuratzea.
  3. Traumaren ondorioz kaltetutako buru-osasuna berreskuratzea, norbanakoaren garapen psikiko eta intelektualari eusteko.
Pertsonak zer ezaugarri dituen eta zer beharrizan dituen, begi mota bat edo beste erabiltzen da.
Begi-protesi mota bat

Begi-protesien motari dagokionez, begi-protesiak integratuak eta integratugabeak izan daitezke:

Protesi integratuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Protesi integratuetan begiaren kanpoaldeko giharrak protesiari lotzen zaizkio, eta ehunen arteko loturak ezartzen dira. Inplante hauek, beraien ingurune porotsua dela eta, inplante guztian zehar hazkuntza fibrobaskularra onartzen dute. Beraz, larakoa sartzea ere onartzen du. Akoplamendu mekaniko hauek begi artifizialaren mugikortasuna eta higikortasuna hobetzen dute. Gaur egun, begi artifizialarekin zuzenean konektatuta dauden inplante integratuak garatzen ari dira ikerketaren bitartez.

Protesi integratugabeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Protesi integratugabeetan giharrek eta protesiek ez dute loturarik. Inplante ez-integratuek ez dute inolako gailurik begiaren kanpoko giharrekin lotzeko, eta ez dute onartzen ehun organikoen hazkuntza beren substantzia inorganikoan. Inplante hauek ez dute inolako konexio edo lotura zuzenik giharrekin.

Honako begi-protesi mota hauek ditugu:

  • Begi-protesi bikoitza edo sinplea:

Enukleazio kasuetan erabiltzen da, eta bere lodiera globo okularra erauztean gelditutako barrunbearen araberakoa. Horrez gain, protesiak lodiera bikoitza edo lodiera sinplea izan dezake. Begi-protesi hauetan, irisa eskuz marraztuta eta margotuta dago.

Oskol eskleral bat honela geldituko litzateke estetikoki.
  • Oskol esklerala:

Begi-protesi hau erabiltzen da kentze kasuetan eta gaixotasun kongenitoetan (Phishis bulbis edota mikroftalmina kongenitoa). Begiak ehun guztiak ditu, baina guztiz garatu gabe. Begi-protesi honek dituen abantailetako bat da aurretiko interbentzio kirurgiko beharrik ez egotea. Pazienteak bere begi-globoa kontserbatzen duen kasuetan erabiltzen da, begia uzkurtuta eta tamaina txikiagoa eduki arren. Begi-protesi bikoitzak edo sinpleak baino meheagoak dira eta kornearen lodiera 3 mm baino meheagoa da. Beraz, fabrikazio-teknika berezia behar du. Erabiltzen den materiala alginatoa da.

  • Begi-hutsunea egituratzeko protesiak:

Behin-behineko protesi zuriak edo kolorerik gabeak dira hauek. Erauzketa egin ondoren, gelditzen den hutsunea egituratzen dute, izenak dioen bezala, behin betiko piezak ordezkatu arte.

Biomaterialak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Inplante porotsuak. Protesi gehienak porotsuak diren materialez egiten dira

Biomaterial mota asko daude, ehunekin bat egin, eta begiari mugimendu handiagoa emateko eta infekzio-arriskua gutxitzeko duten gaitasuna kontuan hartuta. Begi-protesiak egiteko erabiltzen diren biomaterial guztiak ez dira biologikoak; beirazkoak edo polimerikoak ere izan daitezke. Gaur egun, oraindik ere metakrilato- eta silikona-protesiak erabiltzen dira. Begi-protesia integratua edo integratugabea izanik, honelako materialak erabiltzen dira:

Begi-protesi integratugabeak:
PMMA (Polimetilmetakrilatoa)
Silikona
Beirak
Begi-protesi integratuak:
Dentsitate handiko polietilenoa: medpor
Hidroxiapatita
Biozeramikoak (aluminiozko oxidoa)

Honako hauek dira gehien erabiltzen diren biomaterialen ezaugarriak:

  • Polimetil metakrilatoa edo beira akrilikoa (ingelesez: Polymethyl methacrylate, PMMA). Polimero biobateragarria da, termoplastikoa eta kolorerik gabekoa. Biomaterial hau altzairua bezain hauskaitza da, eta egitura aldetik, konpaktua. Gainazal hidrofiloa eta leuna dauka. Horrez gain, malgua denez, moldatu daiteke doikuntza txikiak egiteko. Distiratsua da, eta beraz, gure begietako malko-geruzaren oso antzekoa. Begi-protesi bezala erabil daiteke, eta begi barruko lente ordezkapenetan ere erabiltzen da, hala nola, katarata kasuetan. Giza ehunarekin konpatibilitate handia dauka,beirak baino handiagoa. Iraganean inplante ez-integratuak egiteko hainbat material erabili izan diren arren, gaur egun, PMMA da aukerarik onena.
  • Silikona. Gogortasun-maila txikia duen biomateriala da, ehunekin integratzen ez dena. Material hau talka eta hausturarekiko erresistentea bada ere, gainazal gogorretan eroriz gero, marratu egiten da. Hiru urtetik bost urtera bitarteko iraupena izan ohi du.
  • Polietileno porotsua (PE porotsua). Dentsitate handiko polietileno honek biobateragarritasun handia dauka. Moldagarria da eta erraz ebakitzen da. Biomaterial honek bat egiten du ehunekin, beraz, ehunen inbasio tisularra ahalbidetzen du. Pazientearen bizitza osoan ezarrita egon daiteke, eta behar izanez gero, bisturiarekin kendu daiteke.
  • Hidroxiapatita. Biomaterial natural eta porotsu honek biobateragarritasun handia dauka. Migrazioa eta estrusioa murrizten ditu [1]. Horrez gain, infekzioen aurrean erresistentea da. Aukera ematen du begi-protesia mugiarazteko begi normala bezala, begi-hutsuneko ehun eta giharrekin bat eginda.
  • Aluminiozko oxidoa[2] (biozeramika). % 99ko purutasuna duen material sintetiko honek igurzketa txikia dauka. Gaur egun, produktu berrien biobateragarritasuna ikertzeko erreferentziazko material gisa erabiltzen da.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]