Charles Rennie Mackintosh

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mackintosh, 1900 inguruan

Charles Rennie Mackintosh arkitekto, dekoratzaile eta diseinatzaile eskoziarra izan zen (Glasgow, 1868ko ekainaren 7a - Londres, 1928ko abenduaren 10a). Arrazionalismoaren bultzatzaile nagusietakoa, bere herriko modernismoak izan zuen artista nagusietakoa izan zen. The Four taldea osatu zuen beste hiru ikaskiderekin.

Hamasei urterekin, oinarrizko ikasketak amaituta, lanean hasi zen John Hutchinson arkitektoaren bulegoan, eta Glasgowko Arte Eskolan ikasten, gauez. 1889an Honeyman & Keppie eraikuntza-enpresan hasi zen lanean, marrazkilari gisa. Garai hartan zenbait sari irabazi zuen, eta atzerrira joateko diru-laguntza lortu zuen.

Lehendabiziko lan garrantzizkoan, The Glasgow Herald egunkariaren egoitzan (1894), akademizismoaren eta gainerako estiloen aginduak alde batera utzi zituen. 1897an Glasgowko Arte Eskolako eraikin berriak egiteko sariketan lehenengo saria atera zuen. Eskola adreiluzko eraikin xume bat da, fatxadak asimetrikoki banatuak, eta leiho handiak dituena. Bloke handi gotor baten itxurarik izan ez zezan, filigranazko apaingarriak jarri zizkion, burdinazko barrez eginak.

Windyhill

Garaitsu hartan etxeen apaintze-lanak egin zituen (1896-1898); Windyhill landetxea egin zuen Kilmacolm-en (1899-1901), eta Hill House etxea Helensburgh-en (1902-1903). Baina altzariak egiten eta barne-dekorazioan nabarmendu zen batez ere Mackintosh. Fritz Waerndorfer-ek Vienara deitu zuen, musika-areto baten apaintze-lanak egitera. 1902an Turingo Nazioarteko Erakustazokan Glasgowko etxe baterako egina zuen oholtza erakutsi zuen, eta Eskoziako pabilioia egin zuen. Haren azken lana Glasgowko Arteko Eskolako Liburutegiaren alde bat izan zen.

1913an Londresa joan zen, eta altzariak eta oihalak diseinatzen aritu zen buru-belarri. 1923az gero Portvendresen bizi izan zen, Frantzian, akuarelak margotzen.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Charles Rennie Mackintosh Aldatu lotura Wikidatan