DVD

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
DVD disko bat

DVD-a, hasieran “Bideo Disko Digitala” bataiaturik eta geroago “Disko Aldagarri Digitala” izendatu zuten. Digital Versatile Disc-a (DVD) 1995aren amaieran sortu zen informatiko eta ikus-entzuneko 10 bat enpresaren eskutik.

Elektronika eta informatika alorretako fabrikatzaileek eta zine eta musikako estudioek agerturiko interesari esker, egundaino azkarren sartu den produktu elektronikoa bilakatu da DVDa . DVD diskoa, berez, gaitasun handiko CDa da; izan ere, film bat ere kabitzen da bertan.


Funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

DVDa, datuak biltzeko sekulako ahalmena duen disko optikoa denez, euskarri egokiena da datu kopuru eskergak maneiatzeko, CD baino kalitate handiagoko audioa entzun edota zineko kalitatez bideoa ikusteko orduan. Itxuraz, CD-ROMen berdin-berdintsua (12 cm-tako diametroko eta 1.2 mm-ko sakonerako diskoa) delarik, euskailu horren 650 MB baino edukiera dezente handiagoa du. Hona DVDen alderdi erakargarrienetako bat: musikako CD eta CD-ROMekin elkargarria denez, horiek DVDen irakurgailuetan arazorik gabe erreproduzitu daitezke, alderantziz ez, ordea. CD-ROMaren ondorengo bihurtuko da eta, nola ez, VHS bideoarena ere bai, baina batez ere, pelikulak ikusterakoan. Era berean, CDen erreproduzitzailearen, “laserdisk” (binilo baten tamainako zilar koloreko disko haiek) eta bideo-jokoen kartutxoen ordezko izateko aukera handia du.

Zinemarekin identifikatu ohi da DVDa baina, izenak zehazki dioskunez, erabilera anitzeko diskoa da, era askotako datuak bil ditzakeen euskailua, alegia: programak, jokoak, musika, bideoa …

DVDaren edukiera handia dela medio, irudi “bizidunaren” (mugikorraren) eroale egokia da. Soilenek 4,7 GBraino grabatzen dute (hots, CD-ROM baten edukieraren 7,2 halako): espazio horretan aise sartzen da bi orduko bideoa, 5 + 1 kanaleko surround soinu-banda eta azpitituluak hainbat hizkuntzatan. Dena den, badira 17 GBren edukiera dutenak ere, datuak azkarrago irakurri eta idazteaz gainera.

Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

DVDentzako grabagailuek siglen saski-nahaskia ekarri dute gure artera, kontsumitzailearen kaltetan. Garrantzi handikoa da “aplikazio formatuak” (bideoa, audioa eta datuak, funtsez) eta “grabazio formatuak” (DVD-RAM, DVD-RW eta DVD+RW) bereizten jakitea.

Batez ere pelikulak grabatzeko baliatzen delarik, DVD-Bideoa dugu denetan ezagunena (izan ere, “DVD” soilik esan ohi zaio), eta DVD-Audio motakoak oraino ez dira biziki herritartu. DVD-ROM (datuak biltzekoa) dugu CD-ROMen ahaide nagusia, eta ordenagailuen irakurgailuetan bakarrik erreproduzi daiteke. Era askotako datuak gordetzen dituzte, noski, baita pelikulak ere. DVDak erreproduzitu ez ezik, grabatu ere egin daitezke... etxean bertan. Grabagailuen eskutik etorri da disko molde eta grabazio erei dagozkien siglen nahaste-borrastea.

Lehia benetan bortitza izaki, DVDak grabagailuen sailetik “bergrabagailuenera” jauzi egin dute zuzenean, hauetan datuak behin eta birritan ezabatu eta grabatzeko aukera baitago, higadurarik edo kalitate galerarik nozitzeke.

Sistema batekoak zein bestekoak izan, erabilera bakarreko diskoak erosteko arrazoia soila da: bestelakoak baino merkeago izateaz gainera, elkargarritasun alderditik arazo gutxiago izaten dituzte. Kontuak grabazio formatuak (elkarren artean elkartezinak) bereizten dituzten “+” eta “-” zeinuen artean aukeratu behar izatean agertzen dira.


DVD-ROM[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «DVD-ROM»

Compact Disc bat hobetuz sortutako euskarria da. Lehenengo bertsioa 1995 urtean azaldu zen informatika eta ikus-entzuneko kontsortzio baten eskutik, DVD Forum deitua.

CD bati egin zitzaizkion hobekuntzak multimedia ahalmena handitzeko bideratu zituzten. Hasteko, CD batean 86 cm2ko azalera erabiltzen da datuak gordetzeko DVD batean, aldiz, 87,6 cm2ra igotzen da. Honek, Megabyte batzuetako irabazia soilik ematen zuen. Benetako irabazia pit (putzuen) gutxieneko luzera txikituz (0,972 μmtik 0,4 μmra)eta pista bata bestetik gertuago jarriz lortzen da (0,74 μm 1,6 μm-ren aldean). Denera 7,5 aldiz datu gehiagoko ahalmena du CD batekiko (4,7 Gb 0,65 Gben aldean), kontuan hartuta alde batetik eta geruza batean gordeta dagoela.

Izan ere, DVD batean informazioa euskarriaren bi aldetan gorde daiteke eta alde bakoitzean bi geruzatan. Soilenak, eta erabilienak, alde bateko geruza bateko DVD-5 deituak dira, 4,7 GB-eko ahalmena dutelarik. Erabiltzen diren beste mota bat DVD-9 deituak dira, hauek informazioa alde batean baina bi geruzatan gordetzen dute, lehengoen ahalmena ia bikoiztuz (8,5 GB). Halaber, badaude bi aldetan idatz daitezkeen diskoak eta alde bakoitzean 2 geruza dituzten DVD-18 izenekoak. Baina, azken hauek ez dira erabiltzen, batez ere, ezin delako diskoaren alde bat erabili serigrafiatzeko eta laserrak diskoaren goi eta behealdean egon behar duelako, kostuak asko handituz.

DVD-RAM[aldatu | aldatu iturburu kodea]

DVD-RAM-ak erraz bereizten dira diskoaren gainealdean dituzten laukitxoengatik.


DVD-RAM diskoak aitzindari izatearen abantaila eta eragozpenak ditu. Zazpi urteko adina izateak esan nahi du, batetik, zuku guztiak erauzi zaizkiola eta, bestetik, gainditu egin dutela besteek: mantsoa eta erabilera zailekoa da, belaunaldi berrikoen aldean. Eta merkea den arren, ez da DVD irakurgailu konbentzionalekin elkargarri.

1998ko lehenengo bertsioek 2,6 GB-eko edukiera zuten eta hain ziren hauskorrak ezen estalki bat izan behar zuten urratuak eta marratuak ekiditeko. Urte bat geroago ahalmen bikoitza zuen bertsio bat atera zuten (4,7 GB), eta gainera, diskoa estalkitik atera zitekeen, beste irakurgailuetan sartu ahal izateko. Hala ere, geroago atera diren bertsioek jada ez dute estalkirik behar.

Datuen egiturak gordetzeko diskoko sustantziaz gain, eremu magnetikoak erabiltzen ditu. Irakurri nahiz idazteko garaian lenteak Z-CLV (Zone Constant Linear Velocity, Eskualdekako Abiadura Lineal Konstantea) teknologia erabiltzen du, honek diskoa lau eskualdetan banatzen duelarik. Eskualde bakoitzean abiadura konstantea da, baina ezberdina besteekiko.

DVD-RAM-ak 100.000 aldiz berridatzi daitezke eta datuek 30 urte iraunten dutela kalkulatzen da.


DVD-R/RW[aldatu | aldatu iturburu kodea]

DVD-R diskoa

DVD-RW-a telebista eta PCrako DVD irakurgailu konbentzional gehientsuekin elkargarri da, eta erabilera bakar (DVD-R) edo anitzeko (DVD-RW) diskoak grabatzeko aukera ematen du. DVD-RW bat grabatzeko, hasi baino lehenago diskoa formateatu behar da eta, amaitutakoan, “itxi” egin behar da: horrek guztiak prozesua mantsotu egiten du. Pioner etxeak garatu zuen disko mota hau lehengoz 1997. urtean.

CLV (Constant Linear Velocity, Abiadura Lineal Konstantea) erabiltzen du datuak bai irakurri bai idazteko. Honek argi uzten du diskoaren erdialdean biratze abiadura askoz handiagoa izan behar dela, datu kopuru berdina igaro ahal izateko denbora tarte berean.

DVD-RW-ak 1.000 aldiz berrerabil daitezke. Denbora luzera arazoak sor ditzake eta erroreak sortuko dira, diskoa erabilgaitz bihurtuz.

DVD+R/RW[aldatu | aldatu iturburu kodea]

DVD+RW, bere aldetik, DVD-RW baino 2,5 aldiz azkarrago da (ez da zertan diskoa hasieratu, ezta itxi ere), eta irakurgailuekiko elkargarritasun aldetik arazo gutxiago ematen du. Datuak 32 KB-eko paketetan gordetzen ditu, DVD-ROM eta DVD-Bideoetan bezala, alegia. Hauen edukiera berdina du, pistaren tamaina eta laserraren diametroa ere bera da. Grabazio soila egiteko, DVD+R sistema baliatzen du.

Philips etxe holandarrak garatu zuen formatua hau, Sony eta Hewlett-Packard-ekin batera. Lehen prototipoa 2000. urtean aurkeztu zuten eta salgai aurrenekoz 2001 urte bukaeran jarri zuten.

CAV (Constant Angular Velocity, Abiadura Angeluar Konstantea) errotazio sistema erabiltzen du informazio diskoan idazteko eta irakurtzeko. Beraz, diskoak buelta bat egiteko beti denbora berdina behar du. Ondorioz, diskoaren kanpoaldean dagoenean informazio gehiago jasotzen du, espazio gehiago igarotzen duelako tarte denbora berean. Hala eta guztiz ere, CLV moduan ere grabatu daitezke datuak, irakurketa sekuentziala nahi denerako, hala nola, bideo pelikula bat ikusi nahi denerako.

DVD-RW bat 1.000 aldiz berridatzi daiteke eta bertako informazioak 30 urte iraun ditzakeela kalkulatzen da.


Salneurria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006 urtean saltzen diren DVD gehienak alde bakarretik eta geruza bakarrean grabatu daitezke, hots, 4,7 GB-eko direla. DVD-ak CD-en antzerako formatuetan saltzen dira, baina batzuetan kaxa handiagoetan egoten dira. Hala ere, DVD grabagarri asko erosi nahi direnean merkeago ateratzen da bobina bat erostea, DVD bakoitzak bere kaxa izan beharrean. Bobina hauek 10, 25 edo 50 unitatekoak izaten dira. Adibide gisa, 25 unitateko DVD-R bobinak, Verbatim markakoak, 27,90 € balio ditu, disko bakoitza balioa 1,12 € delarik. Megabyte bakoitzaren balioa 0,00023 €-koa da (CD baten 0,00055 €/MB –aren erdia gutxi gorabehera). Beraz, CD batean baino informazio gehiago gorde daiteke eta modu merkeagoan, gainera.

DVD+RW-ak, ordea, zerbait garestiagoak dira. 10 unitateko bobinak 14,90 € balio ditu, hauek Verbatim markakoak ere bai, eta disko bakoitzaren balioa 1,49 € delarik. Ulertzekoa da, bertan aldi anitzetan gorde idatzi daitekeelako.

Abantailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

MB bakoitza gordetzeko modurik merkeena. Oso egokiak dira informazio kantitate handiak gorde nahi direnerako (batez ere, bideoak, bideojokoak, e.a.)

Eragozpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta asko aurreratu den, bateraezintasunak gerta litezke formatu ezberdinen artean. Ez dago erabat zabaldua eta jada ondorengoak ateratzen hasi dira.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: DVD Aldatu lotura Wikidatan