Edukietan oinarritutako hizkuntzen irakaskuntza

Wikipedia, Entziklopedia askea

Edukietan oinarritutako irakaskuntza (ingelesez: ''Content-based instruction, CBI'') hizkuntzen irakaskuntza alorreko ikuspegi esanguratsua da (Brinton, Snow, & Wesche, 1989). Bigarren hizkuntza ikasten ari diren ikasleei edukiei lotuta hizkuntzari buruzko irakaskuntza emateko diseinatua dagoen ikuspegi edo metodologia-multzo bat da. Edukietan oinarritutako hizkuntzen irakaskuntza ere esaten zaio; (Content-based language teaching; CBLT). CBIa ikuspegi ikasleentzat ahalduntzailetzat hartzen da, eta ikasleak hizkuntza bat ikastera bultzatzen ditu, eskolan lehen egunetik ikasi nahi duten komunikatzeko bitarteko erreal gisa erabiliz. Asmoa da ikasle independente bihurtzea, ikaskuntza jarrai dezaten, baita eskolatik kanpo ere.


Murgiltze ereduetan edukietan oinarritutako hizkuntzen irakaskuntza erabiltzen da.

Historikoki, eduki hitzak esanahia aldatu du bigarren hizkuntzaren irakaskuntzan. Edukiez hitz egiten zenean, ez zen gauza bera adierazten erabiltzen zen metodologia edo ikuspegiaren arabera. Horrela, gramatika-itzulpen metodoetan oinarritutako irakaskuntzan, metodologia audiolinguistikoan... Edukiak gramatika, aditz paradigma, deklinabidea, hiztegiari edo fonetika-fonologiari buruz hitz egiteko erabiltzen zen eduki hitza.

Azken hamarkadetan, ordea, hizkuntzen irakaskuntzan edukiaz hitz egiten denean, edozein irakasgai bigarren edo hirugarren hizkuntzan (hizkuntzan murgiltze ereduan) irakasteko/ikasteko bide gisa erabiltzeaz hitz egiten da. Hau da, hizkuntzak ikastea, biologia, historia, kimika, teknologia, gorputz heziketa edo beste edozein arlotako edukiekin lan egiten den bitartean, eta ez gramatika edukietatik abiatuz.

Metodologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edukietan oinarritutako irakaskuntza filosofia zabal bat da metodologia zehatz bat baino gehiago. Ez dago formula bakar bat ikasketa mota honetarako, baina badira Edukietan oinarritutako irakaskuntzako zenbait eredu, mundu osoan erabiltzen direnak atzerriko hizkuntzen ikaskuntzaren ikuspegi holistikoa eta globala lortzeko. Funtsean, Edukietan oinarritutako irakaskuntzak hizkuntzen ikaskuntza eta hainbat irakasgaitako edukien ikaskuntza integratzea eskatzen du, ez besterik. Horrela, Edukietan oinarritutako irakaskuntzako ikastaro batean, ikaskuntzaren erdigunea edo ardatza ez da hizkuntza isolatua ikastea, hizkuntzaren gramatika, hizkuntzaren tipologia, baizik eta hizkuntzaren ikaskuntza nolabait zeharka, irakasgai bat, edozein irakasgai, landu bitartean.

Edukietan oinarritutako irakaskuntzako curriculum bat irakasgai baten, edozein irakasgairen, jakintza multzo batean oinarritzen da. Benetako hizkuntza eta benetako testuak erabiltzen ditu, eta ikasleen beharren arabera gidatzen da, jakintza horretan aurrera egiteko behar dituen komunikazio beharren arabera. Hizkuntza curriculuma irakasgai jakin batean, edozein irakasgaitako jakintza esparru batean oinarritzen da, eta komunikazio-gaitasuna gai-arlo horretako zenbait gairen ikaskuntzaren testuinguruan lortzen dela.

Hizkuntzak ikasteko ikuspegi honetan beheranzko ikuspegia dago. Honek esan nahi du ikasleek lehenengo testuaren esanahi nagusiarekin kezkatu beharko direla lehen eta behin, eta gero, arreta jarriko diete testuaren hizkuntza-zehaztasun batzuei.

Gramatika-itzulpena metodologian, ordea, goranzko ikuspuntua zegoen. Ikasle batek testu baten esanahi orokorraz arduratu baino lehen,hizkuntzaren zehetasunez eta barne ezaugarriez arduratzen zen.

Onurak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ikasleek hizkuntza input ugari jasotzen dituzte eduki estimulatzaileen bidez. Ikasleek eduki interesgarriak aztertzen dituzte eta hizkuntzaren araberako jarduera egokietan parte hartzen dute. Hizkuntzak ez dira zuzenean ikasten, baizik eta "naturalki" edo automatikoki. Ikasleen arreta lortzen duten hainbat arlotako testuen bidez ikasten dute hizkuntza. Hizkuntza ikasten dute behar duten heinean.
  2. Edukietan oinarritutako irakaskuntzak testuinguruari lotutako ikaskuntza bultzatzen du; ikasleei hizkera erabilgarria irakasten zaie, diskurtso-testuinguruetan txertatzen dena, hizkuntzaren zati isolatu gisa aurkeztu beharrean. Beraz, ikasleek lotura handiagoak egiten dituzte hizkuntzarekin eta dakitenarekin.
  3. Informazio konplexua bizitza errealeko testuinguruen bidez ematen da, ikasleek erraz atzeman dezaten eta motibazio intrintsekoa lor dezaten.
  4. Edukietan oinarritutako irakaskuntzan, hizkuntza informazioa behin eta berriz ematen da. Hizkuntza informazioa estrategikoki une egokian ematen da, betiere ikasleen jakin-mina asetzeko.
  5. Malgutasun eta egokigarritasun handiagoa hedatu daiteke ikasketa-planetan, ikaslearen interesaren arabera. Ikasleen interesetatik askoz hurbilago lan egin daiteke. (Gramatika, deklinabidea, aditz paradigmak, sintaxi funtzionala, etab. ikasleen interesetatik oso hurbil ez ziren egoten).


Ikasleak motibatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasleak motibatuta eta interesatuta edukitzea funtsezkoa da. Motibazioa eta interesa funtsezkoak dira ikasleen arrakastari laguntzeko, arrakasta bultzatzen duten eta ikasleari trebetasun konplexuak ikasten laguntzen dioten erronka bat proposatzen duten jarduerak eginez (Grabe & Stoller, 1997). Informazioa, besterik gabe, jasotzea ez dirudi erronka handia. Ikasleak motibatuta daudenean eta ikasten ari diren materialean interesa dutenean, lotura handiagoa egiten dute gaien artean, ikasmaterialarekin egindako lanen artean, eta hobeto gogoratzen dute informazioa (Alexander, Kulikowich, & Jetton, 1994: Krapp, Hidi, & Renninger, 1992). Laburbilduz, ikasle bat berez motibatuta dagoenean, ikasleak gehiago lortzen du. Horrek, era berean, arrakastaren pertzepzioa dakar, atributu positiboak irabaztearen pertzepzioa, arrakastako eta intereseko ikaskuntza-eredu zirkular bati jarraituko diotenak. Krapp, Hidi eta Renningerren esanetan (1992), "ingurumen-faktoreek eragiten duten egoera-interesak interes iraunkor indibidualen garapena ekar dezake edo horretan lagun dezake" (18. or.). Edukietan oinarritutako irakaskuntzak ikaslea, hartzen duenez ardatz, bere helburuetako bat da ikasleak interesatuta eta motibatuta egotea, eduki- eta material-klase interesgarriak sortuz.

Eduki interesgarriei lor daitekeen motibazioa lortuz gero, bigarren hizkuntza eskuratzeko ere aldeko indar positibo handi bat lortzen da.

Ikasleen parte-hartze aktiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komunikazio-hizkuntzen irakaskuntzaren, Ikuspegi komunikatiboaren izenburu orokorrenaren barnean dagoenez, Edukietan oinarritutako irakaskuntza ikasleak erdigunean kokatzean oinarritzen da, ez irakaslea (Littlewood, 1981). Edukietan oinarritutako irakaskuntza gela horietan, ikasleek egiten ikasten dute, eta aktiboki parte hartzen dute ikaskuntza-prozesuan. Ez daude irakaslearen mende ikaskuntza prozesu osoa zuzentzeko. Irakasleak ez dira informazio guztiaren iturri. Edukietan oinarritutako irakaskuntzaren oinarrizko sinesmena zera da: ikaskuntza ez da soilik irakaslearen inputekiko esposizioaren bidez gertatzen, ikaskuntza gertatzen da parekoen edo paraleloengandik ere. Horren ondorioz, ikasleek rol aktibo eta sozialak hartzen dituzte ikasgelan, eta ikaskuntza elkarreragilea, negoziazioa, informazio-bilketa eta zentzua eraikitzea eskatzen dute (Lee & VanPatten, 1995).

Ondorioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako Batzordeak uste du hizkuntzen eta edukien irakaskuntzaren integrazioa "atzerriko hizkuntza batean aurrera egiteko modu bikaina" dela. Edukietan oinarritutako irakaskuntzak areagotu egiten du ikasleen bigarren hizkuntza maila, eta zenbait lanbidetan arrakasta izateko beharrezko trebetasunak irakasten dizkie. Edukietan oinarritutako irakaskuntzarekin, ikasleek gero eta kontrol handiagoa lortzen dute bigarren hizkuntzan, eta, horri esker, gero eta ingurune akademiko eta sozial konplexuagoan parte hartzen dute.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Matilde Sainz Osinaga (Koord.), Agurtzane Azpeitia Eizagirre, Eneritz Garro Larrañaga, Arantza Ozaeta Elorza eta Pili Sagasta Errasti (HUHEZI, Mondragon Unibertsitatea). NOLA ARTIKULATU JAKINTZA-ARLOA ETA HIZKUNTZA? Zenbait lanabes eskolan erabiltzeko. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua. 2011.
  • (Ingelesez) Brinton, D. (2003). "Content-based instruction". In D. Nunan (Ed.), Practical English Language Teaching (pp. 199–224). New York: McGraw Hill.
  • (Ingelesez) Brinton, D. M., Snow, M. A., & Wesche, M. B. (1989). Content-based second language instruction. New York: Newbury House.
  • (Ingelesez) Grabe, W., & Stoller, F. L. (1997). "Content-based instruction: Research foundations". In M. A. Snow, & D. M. Brinton (Eds.), The content-based classroom: Perspectives on integrating language and content (pp. 5–21). NY: Longman.
  • (Ingelesez) Littlewood, W. (1981). Communicative language teaching: An introduction. Cambridge University Press.
  • (Ingelesez) Snow, M.A.(2001). "Content-based and immersion models for second and foreign language teaching". In M. Celce-Murcia (Ed.), Teaching English as a Second or Foreign Language (3rd ed.) (pp. 303–318). Boston, MA: Heinle & Heinle.
  • (Ingelesez) Snow, M. A., & Brinton, D. M. (Eds.). (2017). The content-based classroom: New perspectives on integrating language and content (2nd ed.). Ann Arbor, MI: University of Michigan Press.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]