Erakundeen psikologia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Lanaren psikologia, erakundeen psikologia nahiz psikologia industriala gizakia lan egoeretan aztertzen duen psikologiaren adarra da, banakako zein gizarteko dimentsioetan. Ikuspuntu aplikatu eta praktiko batetik, langileari sortzen zaizkion arazoak ulertzen eta soluzio bideak aurkitzea ere da bere zeregina.

Lanaren psikologiaren eremua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lanaren psikologiak banakoaren ezaugarrietan ezartzen du indarra, horiek jokabidearen determinatzailek direlakoan. Azken batean, banakoen arteko desberdintasunen psikologian oinarritzen delarik. Erakundeen psikologiak erakundearen ezaugarrietan ezarriko luke lehentasuna, erreferentzia teorikoak psikologia sozialetik eta soziologiatik jasoaz. Dena den, DRENTH-ek (1984, 3.or.) dioen bezala, bi ikuspuntu horiek estu loturik daudenez, beraiek banatzea ia ezinezkoa da.

Lanaren eta erakundeen psikologia izaera aplikatuko azpiespezialitatez osatua dago: Pertsonalaren Psikologia, Erakunde-jokabidea, Ingeniaritza-psikologia, Bokazio eta bilakaera aholkularitza, Erakunde-garapena eta Industria harremanak. Dena den, bere izaera zientifiko eta profesionala ere kontuan hartu behar dira.

Erakundeen psikologiaren gaia bertako gizabanakoen arteko harremanak eta ezberdintasunak dira. Era berean, langileen trebetasunak eta beharrak aztertzen ditu gizabanakoek lanean duten errendimendu maila hautatu, hezi eta hobetzen ditu. Zeregin horiek Lanaren eta Erakundeen Psikologian zaharrena da, eta berarekin hasi zen psikologiaren adar hau: hautaketa, etengabeko prestakuntza eta ebaluaketa, alegia.

Erakundearen jokabidea ikasketa esparru honetan alor berrienetakoa da. Lanean diharduen gizabanakoen jarrera zein jokabideengan erakundeen eraginaz arduratzen da; rol, jokabide, talde, komunikazio, lidergo eta kulturaz hain zuzen. Bere azterketa maila zenbaitetan garatzen da: maila pertsonala, taldearena, erakundearena eta soziala.

Ingeniaritza-psikologiak gizabanakoak eta makinak osatzen duten sisteman nola lan egiten den ezagutzearekin loturik dago. Era berean, ekoizpena nahiz langileriaren segurtasuna hobetzearren, makina eta taldeen diseinuan dihardu. Beste alde batetik, bokazio eta bilakaera aholkularitzak berma eta aholkua eskaintzen ditu hautapen profesionalean, batzuetan lanbidera zuzendu eta besteetan lantegi barruan banakoaren garapen egokienaren aukeraketan bermatuz. Azkenik, erakundearen garapena erakundeen psikologiaren ardura da: erakundeen efizientzia edo egokitasuna lortzearren beraien hobekuntzan eta eraldaketan saiatzen da.