Ermuko San Martin Azoka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ermuko San Martin Azoka
Motaazoka
Indarraldi1989 - 
HerrialdeaEuskal Herria
Plazako jai eremua.

Ermuko San Martin Azoka, herritarren artean euskararen erabilpena areagotzeko helburu nagusiarekin, azaroaren bigarren larunbatean egiten den nekazal eta abere azoka da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazal azoka bezala sortu zen 1989 urtean, Euskal Birusa Elkarte Kulturalaren ekimenez.[1] Taldea urte horretan bertan jaioa zen eta azaroan antolatu zuen bere lehen San Martin Azoka, 2020an COVID-19aren murrizketen ondorioz ez beste denetan etenik gabe ospatu dena.[2]

Azaroaren bigarren astean egitea erabaki zuten taldekideek, udazkena baserrietan uzta sasoi oparoa dela erreparatuta eta Untzamako San Martin ermitaren izena berreskuratzeko aitzakiarekin, XVI. mende hasieratik Urko mendiaren magalean kokatutakoa eta jada desagertuta zegoena.[3][4]

Herritarrengan euskararen susperketa eta erabilera areagotzeko helburu nagusiak, beste batzuk izan zituen lagun: inguruko baserritarrak eta beraien produktuak ezagutzera ematea, sortu berria zen Drogetenitturri, Ermuko eta Mallabiko hilabetekariarentzat diru-iturri izatea…

Talogintza.

Aurreneko urtean azoka egondako plaza (aurrerantzean herritarrek San Martin plaza bezala ezagutuko zutena) eta hura inguratzen duen arkupea txiki geratu ziren, eta ondorioz antolatzaileek Kardinal Orbe plazara lekualdatu zuten azoka gunea.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etengabe hazten eta eraberritzen joan da azoka, gauza xume izatetik jai erraldoi bihurtu arte: talo-postua, astobusa, saiheski errea, artisauak, abere eta hegaztien erakusketa, herri-kirolak, umeen gunea, ikastetxeen postuak, dantzak, euskal-jantzi lehiaketa, aintzinako ofizioen erakustaldia, kalabaza-porra, argazki lehiaketa…[5][6]

Erdialdeko hainbat gunek hartzen dituzte egunarekin lotutako ekintzak: Santiago eliza inguruan artisauak, Martxoaren 8a plazan abere eta hegazti erakusketa, San Martin plazan umeen jolas-gunea, Goiko plazan ikastetxeen saltokiak, Probalekun idi-parea, Komentukuan herri-kirolak eta Kardinal Orbe plaza nagusian dantzak, sari-banaketak, errifak, sahieski-errea, taloak, Txikuri taberna herrikoia...[7][8]

Ortuari eta frutak, gazta, ogia, eztia, sagardoa eta txakolina ekoizten duten baserritarrek salmentarako ekartzen dituzte beraien produktuak. Epaimahai aditu batek baloratzen du ekarritakoen kalitatea eta zaporea, produktu mota bakoitzeko sari bana edo bina banatuz. Azokaren hogeigarren ediziotik aurrera, inguruko baserrietako etxabereak ikusteko aukera dute ere bertaratzen diren ume eta helduek: idi-parea, zaldia eta behorrak, ardiak, ahuntzak, txerriak...[9][10]

Itsasti zanpantzar taldearen emanaldia plazan.

Urteen joan-etorriak ezinbesteko bihurtu ditu taloa jatea,Txikurixan batzea, baserritarrez janztea, txerriaren errifa erostea, kalabazaren porran parte hartzea, abereak ikustea, umeen jolasetan aritzea, lagun arteko babajana, iluntziko erromeria eta Larraindantza… jai giroa nagusi, ermuarren egutegian gorri biziz ondo azpimarratuta dagoen eguna da.

Abere erakusketa Valdespina jauregiaren ondoan.

Hainbat eta hainbat herritarren eta talderen laguntzaz gain, erakunde, enpresa, taberna eta denda ugariren babesa ere jasotzen du Euskal Birusa taldeak. Errifaren zozketa, talo eta saiheski salmenta zein Txikuri tabernen bidezko diru-etekinek, taldeak euskararen aldeko bere egitasmoak aurrera eramateko bermea suposatzen dute.[11][10]

Azokaren aurreko eta ondorengo asteetan herrian euskarazko hainbat ekitaldi kultural egiten dira ere, kolektibo eta erakunde desberdinak antolatuta: bertso saioa, Gaztañerre, antzezlanak, musika emanaldiak…[12]

Azokaren hasierako "San Martin, talua jan eta euskeraz eiñ" leloari, azken urteetan gehitu zaio "Ez da magia, herrilana da" esaera.

Azokako jai guneen mapa. 2023.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Elkartea, Euskal Birusa. (2018-10-31). «BADATOR SAN MARTIN !! - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2022-11-27).
  2. «Euskal Birusa elkartea» Euskaltzaleen Topagunea (Noiz kontsultatua: 2023-12-07).
  3. «Ermua - San Martín de Unzama» ermitasdevizcaya.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-07).
  4. «Unzamako Done Martie baseliza (San Martín). Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-07).
  5. (Gaztelaniaz) «Ermua celebra hoy la feria de San Martín | Ei! Berriak» eiberri.eus 2023-11-10 (Noiz kontsultatua: 2023-12-07).
  6. r01e00000ff26d4661aa470b88b07821bd8d58380, r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f. (2006-09-25). «Ermua» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-07).
  7. «Euskera - Feria agrícola de San Martín - Programación de San Martín» www.ermua.es (Noiz kontsultatua: 2022-11-27).
  8. Elkartea, Euskal Birusa. (2023-10-27). «Drogetenitturri, 326 zenbakia (2023ko urria) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2023-12-07).
  9. «Durangaldeko baserritarrek sari ugari lortu dute Ermuko San Martin azokan - Durangaldea» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-07).
  10. a b Elkartea, Euskal Birusa. (2023-11-28). «Drogetenitturri, 327 zenbakia (2023ko azaroa) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2023-12-07).
  11. Mugalari. (2019-10-26). «Euskal Birusak Ermuko XXX. San Martin azokaren jarduerak ezagutarazi ditu» MugaKultura (Noiz kontsultatua: 2023-12-07).
  12. (Gaztelaniaz) «Música, teatro, cursos, cine y actos gastronómicos, en el programa de San Martín» El Correo 2012-10-28 (Noiz kontsultatua: 2023-12-07).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]