Errauskine

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Errauskine oskia probatzen.

Errauskine, Mari Xor edo Mari Errauskin Europako hainbat herritako ipuin bat da, ahozko tradizioan zein idatzizko bertsioetan aldaera anitz dituena. Bertsio idatzi ezagunenak Charles Perrault idazlearena eta, geroagokoa, Grimm anaiena dira.

Charles Perraulten bertsioaren haria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizon zintzo bat emakume harro eta hantuste batekin ezkondu zen alargundu eta gero. Emakume honek bi alaba zituen aurretik, bera bezain harroak biak. Gizonak berriz alaba bat zuen, maitagarria guztiz, bere ama zena bezalakoa. Ezkondutakoan, amaordeak ezin zuen ikusi ere egin bere gizonaren alaba bere alaben gainetik izatea denetan, eta horrela etxeko lan gogorrenak agindu zizkion. Neskak etxeko ganbaran lo egin behar zuen, belar onduaren gainean, bere ahizpaordeak gela ederrenetan lo egiten zutelarik. Neke hauek sufritu arren, ez zitzaion aitari kexatzen, aita bere amaordearen mende ikusten zuelako. Bere eguneko lana egin eta gero, sukalde ondoko errautsetan esertzen zen eta hori dela eta, Errauskine ezizena jarri zioten. Hala ere, Errauskine bere ahizpaordeak baino mila aldiz ederragoa zen.

Erregearen semeak dantzaldi bat antolatu zuen eta erresumako pertsona nagusiak deitu zituen horretarako, Errauskineren bi ahizpaordeak barne. Errauskinerentzat, ordea, lan handiagoa besterik ez zen izan: dantzaldirako zer jantziko zuten etengabe eztabaidatzen ari zirela, Errauskinek bere alabaordeen jantziak garbitu eta lisatu behar zituen. Ilea apaindu ere egin zuten bi ahizpaordeek eta horretan ere Errauskineri bere iritzia eskatu zioten, jakin bazekitelako neska fina eta dotorea zela. Dantzaldira lagunduko ote zituen ere galdetzen zioten txantxetan. Berarekin gaizki jokatu arren ordea, Errauskinek ederki orraztu zituen. Bi egunetan mokadurik probatu ere egin gabe izan ziren argaltzearren bi ahizpak, baina hala ere, zinta anitz urratu ziren euren gerria estutu nahian.

Dantzaldi eguna heldu eta bi ahizpaordeak palaziorantz abiatutakoan, negarrari eman zion Errauskinek. Bere amabitxia, sorgina ere bazena, azaldu zen orduan eta, negarrez ikusi zuenez, dantzaldira joan nahi zuen galdetu zion Errauskineri. Errauskinek baietz erantzun zion malkotan eta orduan amabitxiak kalabaza bat ekartzeko esan zion. Halaxe egin zuen Errauskinek eta zulo bat eginda, kalabaza hustu bere makiltxoaz jo eta karroza distiratsu bat bihurtu zuen. Ondoren, sagu-zuloko saguak aterarazteko esan eta atera ahala bakoitza makiltxoaz jo eta horrela sei zaldi eder egin zituen. Ondoren, arratoi bat hartu eta gurtzain bihurtu zuen. Sei musker ere hartu eta zaltzain bihurtu zituen. Amabitxiak horrela dantzaldira joan ahalko zuela esan zion baina Errauskinek bere arropa zaharrak jantzita nola joango zen esan zion. Esan eta egin, amabitxiak, makiltxoaz jo eta Errauskine urrezko eta zilarrezko oihalezko soineko batez, kristalezko oski zoragarriekin batera, agertu baitzen. Karrozan abiatu baino lehen, amabitxiak gauerdi baino lehen itzultzeko, bestela karroza, zaldiak, gurtzaina eta zaltzainak lehengo kalabaza, sagu, arratoi eta musker izatera itzuliko bailirateke eta berak bere arropa zatarrekin geratuko baitzen.

Palaziora heldu zenerako, erregearen semea jakinarazita zegoen garrantzi handiko norbait zetorrela eta kanpora atera zen Errauskineri harrera ematera. Eskuaz lagundu zio karrozatik jaisten eta barruko salara sartzean denak isildu ziren, hain ederra zen. Emakume guztiek bere soinekoa eta orrazkera miresten zituzten. Erregearen semeak berehala eskatu zion dantzan eta hain ederki egiten zuen non gonbidatu guztiak liluraturik utzi zituen. Jateko eta edateko ugari zegoen arren, berak ezin izan zuen ezer hartu, erregearen semeak denbora guztian berarekin egoteko esaten baitzion. Bere ahizpaordeengana ere hurbildu zen, erregearen semeak emandako laranjak eta limoiak eskainiz. Ahizpaordeak harri eta zur geratu ziren eskaintza dela eta, ez baitzuten euren ahizpa ezagutu.

Gauerdia laurden gutxi jo zutenean, agur ohoretsu bat egin eta alde egin zuen. Etxera heldu zenean, dena kontatu zion amabitxiari, baita erregearen semeak biharamunean dantzaldira itzultzeko erregutu ziola ere, baina orduan ahizpaordeek atea jo zuten. Errauskinek atea ireki eta luzaroan euren zain egona zela esan zien, esnatu berria zelako itxurak eginez. Ahizpek dantzaldira printzesa eder bat joana zela esan zioten eta printzesa beraiekin ere arretatsu izan zela, laranjak eta limoiak ekarri baitzizkien. Errauskinek printzesaren izena galdetu zien, baina haiek ez zekitela eta erregearen semeak ere ez zekiela eta haren izena jakiteko edozer gauza emango lukeela esan zioten. Errauskinek printzesa ikusteko irrika zuela erantzun eta horretarako, soinekoa utziko ote zioten galdetu zien. Alperrik, ezezko borobila jaso baitzuen. Hobe horrela, ordea, Errauskinerentzat.

Biharamunean, bi ahizpak eta Errauskine dantzaldira joan ziren berriz ere, Errauskine bere aldetik noski eta lehenengo egunean baino ederrago. Erregearen semea berarekin izan zen denbora guztian, eta horrela Errauskine oso ongi pasatzen ari zela, denbora igaro zen baina halako batean, hamaikak jota gabe zirelakoan, gaueko hamabiak jotzen hasi ziren eta Errauskine laster batean alde egin behar izan zuen, amabitxiak esandakoa gogoratuz. Printzea bere atzetik joan zen baina ezin izan zuen harrapatu, Errauskineri erori zitzaion kristalezko oski bat, ordea, berak hartu zuen. Palazioko atezainei printzesa ikusi ote zuten galdetu zitzaien, baina arropa apalekin jantzitako neska bat bakarrik ikusi zutela esan zuten. Eta halaxe heldu zen Errauskine bere etxera, karroza eta zaldirik gabe.

Beste bi ahizpak heldu zirenean, Errauskinek dantzaldian gertatutakoa galdetu zien eta bezperan bezala, printzesa agertu zela esan zioten, baina gauerdirako lasterka joan zela, eroritako kristalezko oski bat bakarrik utzi zuela eta oski hari begira egon zela printzea dantzaldi osoan, printzesarekin maitemindurik.

Eta halaxe zen, handik egun gutxitara printzea kristalezko oskiaren jabearekin ezkonduko zela iragarri baitzen. Erresumako printzesek eta dukesek saiatu ziren oskia janzten baina alperrik. Bi ahizpen etxera ere heldu ziren eta nahiz eta indarrez saiatu ezin izan zuten oskia oinera egokitu. Errauskinek bera ere saiatuko ahal zen esan zuen eta orduan bi ahizpek barre egin zioten, baina palazioko gizonak, Errauskineren edertasuna ikusirik, saiatzeko esan zion. Eta orduan oskia ezin hobeki egokitu zen Errauskineren oinera. Bi ahizpak txunditurik geratu ziren eta areago, Errauskinek beste oskia atera eta janzten zuela ikusi zutenean. Orduan, amabitxia azaldu zen eta Errauskine soineko zoragarriez jantzi zuen.

Bi ahizpek ezagutu zuten orduan dantzaldiko printzesa eta barkatzeko esan zioten Errauskineri, lurrean makurtuta. Errauskinek altxarazi eta barkatu egiten ziela eta aurrerantzean elkar maitatzeko esan zien. Printzearengana eraman eta honek inoiz baino ederrago ikusi zuen, eta handik egun gutxira esposatu zuen. Errauskine bere bi ahizpak palaziora ekarri eta bertan, erresumako jaun handi banarekin ezkondu zituen.

Ipuina ikasbide birekin bukatzen da: lehenengoan, edertasuna baino zintzotasuna eta bihotz ontasuna goresten ditu; bigarrenean, berezko bertuteak aski izan ez, eta horietaz baliatzeko amabitxia edo aitabitxia ondoan izatea ere beharrezko dela. [1]

Ikus, baita[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Errauskine Aldatu lotura Wikidatan


  1. Charles Perraulten frantsesezko 1697. urteko jatorrizkotik harturik: (Frantsesez) Cendrillon. 2009-06-29.