Frog Design

Wikipedia, Entziklopedia askea

Frog Design diseinu-berrikuntzan eta estrategia globalizatuan jarduten duen enpresa bat da. 1960ko hamarkadan sortu zen Alemanian, baina gaur egun, San Frantziskon kokatua du bere bulego nagusia. Bertako langileek ideiak errealitate bihurtzeko grina sentitzen dutela diote.

Frog Design aurrerapena jomugatzat duen marka da. Etorkizunari aurrea hartzeko helburuaz ideia eta kontzeptuen formulazioa eta alderdi berrien esplorazioa lantzen ditu, horrela, mundu mailako merkatuan lehiakor izatea lortzen baitu. Gaur egun, industria sorta zabal batean lan egiten du. Lantzen dituen arloen artean honako hauek daude: kontsumora bideratutako elektronika, telekomunikazioak, osasuna, energia, hezkuntza, moda, finantzak, etab.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1969an, Hartmut Esslinger diseinatzaileak diseinu-enpresa bat sortu zuen Muntlanger-en (Alemania). Hasiera batean, enpresa honek Esslinger Design zuen izena. Enpresa hainbat alditan lekualdatu zuten. Lehenengo, Altensteig-era (Alemania) eraman zuten, eta ondoren, Palo Altora (Kalifornia). Azkenean, San Frantziskora eraman zuten, eta gaur egun bertan dago enpresaren egoitza. Enpresaren izenak ere aldaketak jasan izan ditu. Azkenean, 1982an, Frog Design izena jarri zioten, eta igel berde bat ezarri zuten logoan.

Frog Design jendearen eguneroko bizitza hobetzeko nahiarekin sortu zen. Horretarako, egunerokotasuneko funtzioei zuzenduta zeuden produktuei erantzun bat bilatzea zuten helburu. Hori dela eta, teknologia berriztatzaile eta ikuspegi estrategiko batekin lan egitea gustuko zuten.

Enpresaren lehen lanak WEGA elektronikako enpresarekin izan ziren, eta produktu ugari garatu zituzten elkarrekin. Diseinu horiei esker enpresa ezaguna egin zen. Berehala bezero berriak lortu zituzten: Hansgrohe, KaVo Dental Systems, Louis Vuitton, etab. 1973ean, Sony-rekin hasi ziren lanean, eta Sony Trinitron telebistaren diseinuan parte hartu zuten.

Urteak pasa ahala, Frog Design enpresak prestakuntza oneko gazte diseinatzaileak hartu zituen langile modura, Andreas Houg eta Gorge Spreng, besteak beste. 80ko hamarkadaren hasieran, Frog Design 12 langile izatera heldu zen.

Esslinger Design deituriko enpresaren produktuak interesgarri iruditu zitzaizkion Apple-ren sortzaileari, Steve Jobsi. Jobsek ikuspegi berri bat eman nahi zion ordenagailuei, merkatuan abantaila lortzeko. 1982an, Esslinger Design-ek eta Applek urteko bi miloi dolarreko kontratua sinatu zuten, “Apple computer”-en diseinu estrategiko berri bat sortzeko.

Orduan, “Edurne Zuri” diseinu-hizkuntza sortu zuten. Diseinu-hizkuntza hau 1984tik 1990era Apple produktuko-lerro guztietan ezarri zuten. Sortutako produktu famatuenak Macintosh eta Apple IIc izan ziren. Azken honen jatorrizkoa New York-eko Arteko Whitney museoan dago, eta Times aldizkariak urteko diseinu gisa kalifikatu zuen. 1990ean, Hartmut Esslingerrek Apple-ekin zuen kontratua apurtu zuen.

Apple IIc+

80 eta 90 hamarkada bitartean, diseinu industrialetik haratago hedatu zen beste sektoretako enpresekin lan eginez: Disney, Logitech, Olympus eta Sony besteak beste. 90eko hamarkadatik, beraien diseinuetan softwareak sartzen hasi ziren. Gainera, web-orriak eta mugikorrak diseinatzen hasi ziren.

Esparru hauetan arrakasta handia izan zuten. 2000n, Dell.com web-gunea diseinatu zuten, eta garai horretako elektronikako web-gune komertzial arrakastatsuena izatera heldu zen. 2001ean, Microsoft-en Windows XP-aren itxuraren eraketan parte hartu zuten. Ondoren, Microsoft eta Disney motatako erakundeekin eskala handi batean kolaboratzen hasi ziren, software, produktu eta mugikorretako aplikazio berriak sortzeko.

2005ean, enpresako partaidetzaren gehiengoa saltzearen ondorioz, Doreen Lorenzo presidente bilakatu zen, eta Mark Rolsten sormenezko zuzendari nagusia. 2014ean, Hans Neubert Sormenezko zuzendari nagusia bilakatu zen, eta 2015ean, Harry West zuzendari exekutiboa.

Gaur egun, Frog Design enpresaren igelak mundu osoko industriak aldatzen jarraitzen du.

Enpresaren sortzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hartmut Esslinger diseinatzaile eta injineru industrial ezaguna da, Frog Design enpresaren sortzailea eta honen zuzendaria izandakoa. Alemanian jaio zen 1944ko ekainaren 5ean, Altensteig hirian eta Stuttgarteko zientzia aplikatuen unibertsitatean ikasi zuen.

Eginiko lanei buruz liburu ugari argitaratu ditu, hauen artean "Keep it Simple", non laurogeiko hamarkadan Apple enpresarentzat eginiko lanetako batzuk erakusten dituen. Honetaz gain, Steve Jobsekin eginiko elkarlan batzuk ere azaltzen dira liburuan, baita enpresa honetarako proposatutako prototipo batzuk ere. Gaur egun, Applek diseinuari ematen dion garrantzia Esslingerren influentziaren ondorio dela uste da.

Diseinuaren inguruan, Hartmut Esslingerrek aholku bezala ematen dituen bost oinarri hauek errespetatzen ditu diseinatzerako orduan. Diseinu on bat egiteko beharrezkoa da:

  1. Norberarengan konfiantza izatea.
  2. Formak emozioei jarraitu behar die.
  3. Beharrezkoa da maketak, prototipoak, modeloak… eraikitzea.
  4. Ezaguna-ohikoa denetik at pentsatu.
  5. Beti gainetik eta haratago joan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • http://www.frogdesign.com/about/history.html, azken kontsulta: 2016-04-06.
  • Hartmut Esslinger, A Fine Line: How Design Strategies Are Shaping the Future of Business, John Wiley & Sons, 2009.
  • Luke Dormehl, The Apple Revolution: Steve Jobs, the counterculture and how the crazy ones took over the world, Random House, 2012.
  • David Bramston, Basics Product Design 01: Idea Searching, AVA Publishing, 2008.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]