Muga Zergei eta Merkataritzari Buruzko Akordio Orokorra

Wikipedia(e)tik
GATT» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Muga Zergei eta Merkataritzari Buruzko Akordio Orokorra[1] (ingelesez: General Agreement on Tarifs and Trade edo GATT) 1947 urtean Genevan 23 herrialdek izenpetu zuten hitzarmena da. Izenpetu zuten herrialdeen artean merkataritza erraztea zen hitzarmenaren helburu nagusia. Horretarako, oinarri hauek ezarri ziren: nazio mesedetuaren klausula multilateralizatzea, hau da, hitzarmena izenpetu zuten herrialde bati tarifa edo muga-zerga bat murriztuz gero, edo bestelako ezein merkataritza-abantaila emanez gero, besterik gabe, gaineratzeko sinatzaileei ere hedatzeko betebeharra; tratu-berdintasuna edo diskriminazio ezaren hastapena, alegia, herrialde jakin batera inportaturiko produktuek eta bertakoek tratu bera jasoko dutela ziurtatzea; eta tarifa edo muga-zergak ez diren bestelako oztopoak kentzea, hau da, lekuan lekuko industria muga-zergez baino ez babestea.

GATTen oinarrizko funtzionamendu-mekanismoa konferentziak ziren, eta horien hasieran ondasun eta zerbitzuen merkataritza arautuko zituzten klausulak negoziatzen ziren. Negoziazio-aldi horiei erronda esaten zitzaien. Lehenengo bost errondetan (1949, Annecy; 1951, Tourqay; 1956, 1960-1961 eta 1974, Geneva) produktu partikularren edo produktuz produktuko metodoa erabili zen, eta horrela, kontratukide bakoitzak gainontzeko herriei aurkezten zien, denei ez derrigorrean, berak esportatzen zuen lehentasunezko produkturen baten muga-zergak finkatzeko proposamena, trukean eskabidea jasotako herriei antzeko muga-zerga abantailak eskainita. Eskaera onartuz gero, nazio mesedetuenaren klausularen multilateralizazio hastapena zela bide, bi aldeok hitzarturiko emakidak beste herrietara ere heltzen ziren.

Metodo horren ahalbideak agortu egin ziren negoziazioak ekoizpen-sektore batzuk baino hartzen ez zituelako, eta horregatik, hurrengo negoziazio-errondetan (1964-1967, Geneva; 1973-1979, Tokio) muga-zergak murrizteko mekanismo lineala erabili zuten. Metodo horren bidez herri negoziatzaileek tarifa-eskubide guztiak halako ehuneko batean gutxitzeko hitza ematen zuten, abantailak multzoka, alegia, industria edo azpisektore bakoitzeko, ematen zirelarik. Tokioko erronda 1979. urtean amaitu zen, eta ordura arte GATTek izandako bilkurarik garrantzitsuena izan zen; baina guztiarekin ere, errondak ez zuen lortu aurreko urteetatik zetozen arazoak oneratzerik. Horretan, gainera, izugarri lagundu zuen laurogeiko hamarraldiaren erdialdeko ekonomia-atzeraldiak. Hala, 1986. urtean GATTek Uruguaiko erronda eratu zuen. Erronda 1990. urtearen amaieran bukatzekoa zen, baina hain izan ziren desberdinak herrialde kideen jarrerak eta hain ugariak partaideak, non 1993aren amaierara arte (azken akta orduan izenpetu zen) eta 1994ko apirilera arte (Marrakexko erronda sinatu zen) atzeratu baitzuten. Edonola ere, Uruguaiko errondan gertatu zen aldaketa nagusia, GATT-en ordez Munduko Merkataritza Erakundea sortzea izan zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Muga Zergei eta Merkataritzari Buruzko Akordio Orokorra Aldatu lotura Wikidatan