István Szabó

Wikipedia, Entziklopedia askea
EnzaiBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 18:40, 28 apirila 2015
István Szabó, 2004an

István Szabó hungariar zinema-zuzendaria da (Budapest, 1938). Budapesteko Antzerki eta Zinema Akademian egin zituen ikasketak. 1960ko hamarraldian nazioarteko jaialdiz jaialdi ibili zen bere film laburrekin, eta lehenengoekin, adibidez Koncert (1961) filmarekin, sari asko irabazi zituen. Bere lehenengo film luzeek ere arrakasta handia izan zuten nazioarteko jaialdietan (Locarno, Mosku). Handik urteetara bere izena indar handiz entzun zen, ostera, Bizalom filma (1979) atzerritar film onenaren Oscar sarirako izendatu zutenean; filmak, gainera, zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza saria jaso zuen Berlingo Jaialdian. Hala ere, Mephisto (1981) filma, Klaus Maria Brandauer austriar antzezlearekin, izan zen kritikaren arreta ez ezik ikusleena ere erakarri zuena lehenengo aldiz. Lan horrekin atzerriko film onenaren Oscar saria jaso zuen, eta Cannesko Jaialdian gidoi onenaren saria irabazi zuen. Hurrengo bi filmetan ere Klaus Maria Brandauerrek jokatu zituen protagonista-paperak: Coronel Redl (1985, Austria-Hungariako gudarosteko buruzagi izatera iritsi zen jatorri apaleko soldadu baten biografia) eta Hanussen, aztia (1988).

1991n, film ingeles bat egin zuen Glenn Close protagonista zela: Hitzordua Venusekin (operaren aurkako satira bat, bel cantoaren alderdi guztiak aztertzen dituena, divo-izaerak, finantzak, nazionalismoak etab. desegiteko eta negozioaren atzean ezkutatzen dena azaltzeko). Hurrengo urtean, Emma eztia, Böbe maitea filmarengatik gidoi onenaren Europako Film Saria jaso zuen. Szabók maisutasunez elkartu ditu teknika-alorreko trebezia eta film bakoitzean kameraren aurrean lehenengo aldiz azaltzen denaren xalotasuna. Beste zenbait lan aipagarri: Álmodozások Kora (1964); Szerelmesfilm (1970); Ösbemutató (1974); Budapesti mesék (1976); Tegebuch des grüne vogel (1980); Offenbach titkai (1996); The Taste of Sunshine (1998).

2004an, Being Julia filma egin zuen, W. Somerset Maughamen nobela bat oinarri hartuta, eta Annette Bening aktore amerikarra protagonista zela.


Erreferentziak