Jack Russell terrier

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jack Russell terrier
Txakur arraza
EspezieaCanis lupus familiaris
JatorriaErresuma Batua eta Australia
Altuera
25 cm gutxienekoa
: 30 cm gehienez
Masa
5 kg gutxienekoa
: 6 kg gehienez
Kumaldiaren tamaina4,4
Katalogo kodea345

Jack Russell Terrier txakur-arraza Erresuma Batukoa da jatorriz (Ingalaterrakoa), baina bere estandarra Australiako txakurzaleek ezarri zuten 20. mendean.[1] Funtsean zuria da, handia baino trinkoagoa, arina, eta, txikia izan arren, indar eta erresistentzia handia du. Lanerako alerta egon ohi da, eta izaera nekaezin eta independenteko terrierra da. Laguntza egiteko maskota bikaina pertsona aktiboentzat. Parson Russell terrier izeneko aldaera handiagoa bada.[2]

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txakur-arraza honek John «Jack» Russell apaizari zor dio izena. Ingalaterrako Darmouth-en jaio zen 1795ean, eta Devon konderriko Swymbridge parrokiako apaiza izan zen urte askoan. Terrierrak maite zituen, eta, Oxforden ikasten ari zela, mota horretako lehen txakurra erosi zuen: ile gogorreko eme zuri bat, «Trump» izenekoa, eta, haren deskribapena eta argazkia ikusita, Jack Russell terrierren egungo NFZ estandarraren nahiko antzekoa da.

Devon konderrian oso ohikoa zen azeria ehizatzea Russell apaizaren garaian, eta bera jarduera horren zale amorratua zen. Zaletasunak txakurrak haztera eraman zuen. Hala, ehiza-txakurrak gurutzatzen hasi zen, kolore eta kolore anitzeko arrazetako terrierrak, zehazki. Bere helburua aleen gaitasuna hobetzea zen, haien itxura fisikoa ez homogeneizatzea, eta horregatik, hiltzean ez zuen estandar jakin bat utzi. Gurutzatzeak eta arrazaren estandarizazio eza direla eta, desadostasunak sortu dira Jack Russell terrierren egungo itxuraren inguruan.

Nabarmentzekoa da Australiak lagundu zuela nazioartean arraza hori garatzen eta gero aintzatesten. Ez dago lehen Jack Russell terrierra Australiara iritsi zeneko datu zehatzik, baina badago opari gisa iritsi ziren eta arraza horretan eragin handia izan zuten aleei buruzko informaziorik.

Yolanda Barcina Iruñeko alkate zela, Esperanza Aguirre eta bere txakur Pecasekin, 2011.

1972an Jack Russell Terrier Club of Australia sortu zen ofizialki.[3] Klub espezializatu horrek erregistro sistema ulergarria ezarri zuen arrazarako estandar formal batekin batera. 2000ko urriaren 25ean, azkenik, Nazioarteko Federazio Zinologikoak ofizialki eta behin betiko onartu zuen Jack Russell terrier arraza, Australiatik zetorren estandarra erabiliz.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinarrizko kolorea eta kolore nagusia zuria izan behar du —gutxienez %51—, nahiz eta orbanak izan ditzakeen marroi, txigortu edo beltzez gorputzeko zenbait ataletan. Ehundura oneko eta mugikortasun handiko belarriak. Batez besteko altuera 25 eta 30 cm artekoa da, gurutzeraino. Gorputzak gurutzera eta bularrera egiten duen altuerak ukondoaren aurreko zangoak zorura duen luzeraren berdina izan behar du. Txakurra, oro har, luzeran gehiago da garaieran baino. Gutxi gorabehera 5-7 kiloko pisua du. 6 kume inguru izaten dituzte kumaldietan.

Txakur ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patron, Ukrainako Larrialdi Egoeren Zerbitzuko txakurra, 2022an lurreko mina baten aurrean.

Pecas izeneko Jack Russell terrier arrazako txakur arra Espainian famatua izan zen 2010eko hamarkadan, Esperanza Aguirre Alderdi Popularreko politikoaren maskota izan zelarik. Madrilgo Erkidegoko 2011ko hauteskunde-kanpainanTwitter kontu bat sortu zen Pecasentzat, Isabel Díaz Ayuso Aguirreren komunikazio-aholkulariaren ekimenez. Behin eta berriz esan izan zen Díaz Ayuso kontu horretako community manager izan zela, baina Díazek berak gezurtatu zuen hori, bera ere Madrilgo Erkidegoko presidente bilakatutakoan.[4]

Jack Russell terrier arrazako Patron txakurra, Ukrainaren inbasio errusiarrean 200 lurreko mina baino gehiago atzeman izanagatik ospetsu bihurtu zen, eta Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik kondekoratu zuen 2022ko maiatzean.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]