Kochen postulatuak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Koch-en postulatuak Robert Koch zientzialari alemaniarrak 1890ean azaldutako arauak dira, mikrobiologia klinikoaren arloan garrantzi handia dutenak. Karbunkoaren bakterioarekin lanean ari zela, Koch-ek animalia gaixoen materiala sagu osasuntsuei sartu zien, eta ohartu zen azken hauek karbunko gaitza harrapatzen zutela. Horren haritik jarraitu zuen ikertzen, karbunkoaren bakterioa gaitz horren eragilea zela frogatu arte.

Gaur egun ere, mikrobio bat gaixotasun baten eragilea dela frogatzeko Koch-en lau postulatuak bete behar ditu. Alegia:

  • Mikrobio eragilea gaixotasun kasu guztietan agertu behar da, eta baita gaixo guztietan ere.
  • Mikrobioa gaixo horietatik kultura puruan isolatu eta hazi behar da.
  • Ostalari osasuntsu batean edo esperimentazio animalia batean mikrobioa sartuz gero, gaixotasuna edo antigorputz espezifikoen sorrera garatu behar da.
  • Mikrobio bera isolatu behar da ostalari edo animalia gaixo horretatik.

Bakterio patogeno ia guztiek postulatu horiek betetzen dituzte. Gutxi batzuek, ordea, ez dute bigarren araua betetzen, zaila baita horiek haziaraztea laborategiko hazkuntza-inguruetan.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]