Mikrobiologia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Bakterioen hazkuntza inguru solido batean, Petri plaka batean.

Mikrobiologia da mikrobio edo mikroorganismoak aztertzen dituen Biologiaren adarra, hauek eukariotok izan (onddoak eta protistak) edo prokariotoak (bakterioak). Birusak ere mikrobiologiaren ikergai dira. Medikuntzan, aplikazio nagusia gaixotasun kutsakorren arloan dauka.

Mikrobiologoek funtsezko ekarpenak egin dizkiete biologia eta medikuntzari, biokimika, genetika eta biologia zelularraren arloetan batez ere. Izan ere, bakterioak oso erabiliak izan dira ikerketa zientifikoetan, laborategiko jarduerarentzat egokiak eta baliagarriak diren ezaugarri bereziak dituztelako:

  • oso txikiak direnez hazkuntza erraza eta merkea dute
  • prokarioto guztiak erdibiditze prozesuaren bitartez ugaltzen direnez, ondorengo guztiak genetikoki berdinak dira
  • izoztuta gorde daitezke luzaro.

Mikroorganismoen (gehienbat bakterio eta birusen) dibertsitatea aztertzeaz gain, mikrobiologiak aplikazio praktiko ugari garatzen lagundu du. Mikrobioak ezagutu aurretik gizakiak bazekien prozesu mikrobiarrak erabiltzen bere onerako: ardoa eta beste edari alkoholiko batzuen ekoizpena, gaztarena, mamia edo jogurtena, ogiarena...aspalditik dira ezagunak, euren oinarri teorikoa (hartzidurarena) ezezaguna izan arren. Louis Pasteur-ek mikrobiologiaren oinarri teorikoak finkatuko ditu XIX. mendearen erdialdean, eta hortik abiatuta beste zientzialari batzuek (R. Koch, Martinus Beijerinck...) arlo zientifiko berria osatuko dute XIX. mendearen bukaeran. Mikrobiologiaren oinarri teoriko horretatik aplikazio praktiko asko garatu dira azken urteotan: nekazaritza arloan (bio-insektizidak), elikagaien eremuan (edari alkoholiko, esneki eta landare-hartzituen ekoizpena...), medikuntzan (txertoen ekoizpena, antibiotikoen sintesia...),farmazia industrian (bitaminak eta beste molekula organikoak lortzeko), ingeniaritza genetikoan, industria petrokimikoan (metanoaren ekoizpena, biodigestore anaerobioetan), industria ekologikoan (hondakin organikoak degradatzeko, ur zikinak arazteko...), meatzaritzan (mikrobiar meatzaritza), etab.

Mikrobiologiaren aurrerapenak XX. mendean zehar (batez ere mikrobiologia klinikoaren arloan, txerto eta antibiotikoen aurkikuntzarekin) zeharo aldatu du gizadiaren patua: 1900. urtean heriotza eragiten zuten hiru zigor nagusiak hauek ziren: gripea eta pneumonia, tuberkulosia eta gastroenteritisa. Ehun urte geroago (2000. urtean) bihotz-gaitzak, minbizia eta garun-gaitz baskularrak (garun-enboliak). Datu honek agerian uzten du gaixotasun infekziosoek eragiten zituzten kalteak nabarmen gutxitu direla denbora tarte horretan.

Mikrobiologiaren adarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Palinologia: polen eta esporak ikertzen ditu
  • Mikropaleontologia: mikrofosilak ikertzen ditu


Bestalde, ikertzen duen eremu praktikoaren arabera honako sailkapen hau egin daiteke:

  • Ingurugiro-mikrobiologia: mikroorganismoen ekologia aztertzen du, hots, haien habitat naturaletan mikrobioek burutzen duten zeregina.
  • Industria-mikrobiologia: hainbat industria-prozesutan mikrobioek jokatzen duten funtsezko eginkizuna ikertzen du. Mikrobioen erabilera industriala bultzatzen du, besteak beste, gai kimikoak, botikak edo elikagaiak lortzeko. Hartzidura-ontzi handietan erabiltzen dira bakterioak aipatutako prozesu industrialetan. Hondakin-urak arazteko mikrobioak ere erabiltzen dira araztegietan.
  • Elikagaien mikrobiologia: bakterioek eta onddoek elikagaien ekoizpenean eta haien hondamenean burutzen dituzten prozesuak aztertzen ditu.
  • Nekazal-mikrobiologia: mikroorganismoak erabiltzen ditu nekazaritzan, hauek onuragarriak izaten baitira uztak hobetzeko (nitrogenoaren finkapena egiterakoan, bio-insektiziden konposizioan parte hartzerakoan, e.a.)

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Mikrobiologia
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mikrobiologia Aldatu lotura Wikidatan