La Vie Claire (elastikoa)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mondrianen diseinua agerikoa da elastikoan.

La Vie Claire txirrindularitzako maillot edo elastikoa, izen bereko talde profesionalaren maillot bereizgarria izan zen, 1980ko hamarkadan Bernard Hinault eta beste zenbait txirrindulari ezagunek erabilitakoa. Batzuen iritziz, sekula egin den txirrindularitzako maillot adierazgarri eta ezaguterrazena da[1], Piet Mondrian margolariaren kolore oinarrizkoen diseinuan oinarritua ikusgarria suertatzen baita.

1984an sortu zen La Vie Claire txirrindularitza talde profesionala. Bere jabeak, Bernard Tapiek, izaera berezia eman nahi izan zion eta maillot berezi bat diseinatzeko enkargua eman zion diseinu enpresa bati[1]. Enpresa horrek eredu bat proposatu eta aurkezpen ekitaldia egin zuen Tapie eta taldeko arduradunekin (Hinault bera eta Paul Köchli kirol zuzendaria, txirrindulari ohia). Erakustaldia antiklimatikoa suertatu zen, proposatutako maillota beltza baitzen, errugbian Zeelanda Berriko All Blacks ereduan inspiratu baitziren diseinatzaileak. Köchlik berehala arbuiatu zuen ideia, txirrindulariak hainbat kolorez jantzi daitezkeelakoan, baina sekula ez beltzez. Bileran, ordea, diseinatzaileen taldean, praktiketako ikasle bat zegoen eta hark bota omen zuen ideia, "zergatik ez Mondrian bat?". Bertaratuek ontzat eman zuten ideia, eta praktikoa ere suertatzen zen, La Vie Claire izen nagusiaz gain, beste babesle batzuenak sartu behar baitziren elastikoan, eta Mondrianen lauki koloretsuek izen bakoitzarentzako espazio berezitu argi bat uzten zuen[2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) Diego. (2018-02-11). «La Vie Claire, posiblemente el maillot más reconocido de la historia» Swim, Bike, Write! (Noiz kontsultatua: 2021-03-26).
  2. Moore, Richard. (2012). Slaying the badger : Greg Lemond, Bernard Hinault, and the greatest Tour de France. Velo Press ISBN 1-937716-12-0. PMC 914190669. (Noiz kontsultatua: 2021-03-26).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]