Lankide:Martinegiguren/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Colpbola Juanjo Bendicho Gorputz Hezkuntzako irakasleak sortutako kirol-modalitate berri bat da, inbasiozko talde kirola hain zuzen, non 7 jokalariko bi talde misto elkarren aurka aritzen diren. Jokoaren helburua eskuekin kolpeak emanez baloia aurkariaren ate barruan sartzea da.

Era berean, colpbola kirol alternatibotzat har daiteke, goalballa bezala, izan ere, bere garapenean jokalariek erakusten dituzten balioei garrantzi handia ematen zaielako. Horren arrazoia bere sorkuntzan garrantzi handia eman zitzaiolako printzipio pedagogikoei izan zen, helburu nagusia, ikasle guztiek praktikatu ahal izatea izan baitzen.

Sustatzen dituen balioen artean honako hauek nabarmentzen dira: lankidetza, jokalariei pilota birritan ukitzeko aukerarik ez emanez lantzen da, honela pilota ahalik eta parte-hartzaile gehienetatik igarotzea sustatuz. Integrazioa, talde bakoitzeko kideen arteko lankidetzaren bidez garatzen dena; aurretik deskribatutako arauak gizarte-bazterketako arriskuan dauden ikasleek parte-hartze handiagoa izatea errazten du. Eta hezkidetza, taldekatze mistoen bidez ematen dena. Gainera, kirola sortu berria delako ez dago "estereotipatuta" eta horrek erraztu egiten du haurrek kirola baldintza berdinetan egitea. [1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Colpbol jaio berri den kirol bat da, Juanjo Bendicho heziketa fisikoko irakasleak 1997an sortua. Haren asmoa jolasaren oinarrizko helburu batzuk lantzea zen: hezkidetza, integrazioa, lankidetza, autoestimua, genero-berdintasuna eta ikasle guztien gozamena; hori guztia kirol-jardueraren bitartez, eta azken finean, egiazko hezkuntza-ikuspegi batetik. Honetarako, jokatzeko trebetasun tekniko espezifikorik ez izatea, eta, beraz, banakako desberdintasunak ahalik eta gehien murriztea bermatu zuen. Honen aurrean, denbora gutxian, Copbolaren jakin-mina piztu zen inguruko maisu/maistra eta gorputz hezkuntzako profesionalen artean.

Kirola pixkanaka, ikastetxe, herri eta hezkuntza-maila askotan zabaltzen hasi zen eta honela, 90eko hamarkadaren bukaeran, "Trobades de Colpbol" lehiaketak hainbat udalerritako ikastetxeen artean sortu ziren. [2] Horrekin batera, Araudi Ofiziala sortu zen, jokoaren elementu nagusiak arautu zituena: arauak, kideak, aurkariak, baloia, zelaiaren ezaugarriak… Gaur egun, hamar "trobade" baino gehiago egin dira, eta, urtez urte, ordezkatutako herrien kopurua handituz joan da, 24ra iritsi arte, baita parte-hartzaileen kopurua ere, 3000 baino gehiago izanik azken edizio batzuetan. Aldi berean, komunikabideak colpbolean interesa jartzen hasi ziren eta irrati telebistak eta aldizkari espezializatuak kirol-modalitate honen berri ematen hasi ziren penintsula guztian zehar.

Gerora, 2005. urtean Colpbolaren aurkezpen ofiziala izan zen; maisu eta gorputz hezkuntzako profesionalen, komunikabideen eta publikoaren aurrean. Valentziako Generalitatearen eta Valencia FC-ren  laguntza izan zuen. Hedabideetan agertu izana Valentziako erkidegoan jokoa zabaltzeko  bigarren bultzada izan zen. Ez dugu ahaztu behar Colpbolak valentziar konnotazioez beterik dagoela: Valentzian sortu, valentziar batek asmatu eta izena valentzieratik dator. Teknikak ere bertako jolas autoktono batekin, pilotarekin, lotura du. [3]

Gaur egun, colpbola Valentziako Erkidegoko hainbat ikastetxetan sartu da gorputz-hezkuntzaren eduki berri gisa eta kirol honen parte hartzaile kopuruak gorantz egiten jarraitzen du. Euskal Herrian ez du oihartzun handirik, baina eskoletan pixkanaka presentzia hartzen ari da, irakaslearentzat tresna egokia baita.

Jokoaren arauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Colpbolaren oinarrizko trebetasuna kolpatzea da. Pilota eskuekin, besoekin edo gorputzaren goiko aldearekin bakarrik joka daiteke. Gainera, jokalariak ezin du inoiz baloia bi aldiz jarraian jo (jokoaren oinarrizko araua).

Debekatuta dago:

  • Bi bider segidan jotzea.
  • Hanka edo oinekin baloia nahita jotzea.
  • Ukabila itxita baloia jotzea.
  • Baloia bi eskuz edo batez atxikitzea edo jaurtitzea.
  • Aurkaria heltzea edo bultzatzea.
  • Sakeetan distantzia ez errespetatzea.

Arau-hauste horien ondorioa falta da: falta egin den lekutik hurbilen dagoen alboko marratik egin beharko du sakea beste taldeak. Atezainak  baloia hankaz jo dezake, baldin eta gola saihesteko bada. Segidan eskuz bitan edota hankaz jotzeari buruzko  arau berezia: epaileak erabakiko du kasuan kasu nahita edo nahi gabe egin diren. Nahita eginak izanez gero falta adieraziko du; eta nahi gabe izan bada, epaileak “jarraitu” oihukatuko du.

Sakeak:

  • Faltak: alboko marratik aterako dira.
  • Baloia albotik ateratzen bada: alboko sakea.
  • Ate-eremuko marratik ateratzen bada: kornerra edo ateko sakea. Ateko sakea egitean, ateko eremuaren barnean gehienez atezaina eta jokalari bat egon daitezke.
  • Erdiko sakea: gola sartzen denean.
  • Epailearen sakea: norgehiagoka hastean, edo jokoa gelditu ondorenean.

Sake guztiak baloia joz  egiten dira, eta gainerako jokalari guztiak gutxienez hiru metrora kokatzen dira.

Beste arau batzuk:

  • Ez dago penaltirik. Ate eremuaren barnean egindako faltak alboko marratik aterako dira.
  • Zelaia: jokorako lekua hogei metro zabal eta berrogei metro luze duen zelaia da. Alde bakoitzean hiru zutoinek osatutako ate bat dago. Zelaia bi zatitan banatzen da eta ateen aurrean area  bana dago.
  • Baloia: baloia esferikoa da; plastikozkoa izan behar du eta gehienez 72 cm-ko zirkunferentzia bat izango du eta gutxienez  65 cm-koa.
  • Jokalari kopurua: zazpi jokalari (6 eta atezaina) zelai barruan. Taldeek mistoak izan behar dute. Taldea gehienez hamabi lagunek osatzen dute.
  • 18 urtetik gorakoentzat partidak 25minutuko bi denbora ditu, eta denboren artean 10 minutuko atsedenaldia dago. 13 eta 18 urte bitartekoentzat  20 minutuko bi denbora ditu. 8 eta 12 urte bitartean 12 minutuko bi denbora ditu. Azken bi kasu horietan 5 minutuko atsedena dago.
  • Alboko marrako sakeetan ezin da gola sartu. Aldiz, atezainak saketik zuzenean sar dezake gola.

Parte hartzea nahitaezkoa da. Gogotsu eta aktibo mantendu behar dugu jokoak irauten duen bitartean. Joko garbia erabiliko dugu beti, eta taldekideak, aurkakoak, epailea eta jokoaren arauak errespetatu. Indarkeriaren erabilera ez da onartzen.

Alderdi teknikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, alderdi tekniko nagusia eskuarekin jotzea da. Ez dago kopiatu beharreko eredu zorrotzik, eta ez dago nahi ez den eredurik. Edozein erantzun da baliagarria agertzen diren mugimen-egoeretarako.

Era askotako keinu eta ekintza teknikoak ahalbidetzen ditu, kolpatzean oinarrituta. Aireak eta zoruak baloiari eragin diezaiokete. Batez ere eskuekin egiten da, baina beste gorputz-atal batzuk ere erabil daitezke, hala nola besoak, burua, enborra eta gorputzaren goiko aldea.

Kirol honetan erabiltzen diren teknika askok Valentziako pilotarekin lotura teknikoa dute, bereziki raspall modalitatearekin; honekin, keinu tekniko eta kolpe bereizgarri ugari partekatzen dituzte:

  • Bolea
  • Esku-ahurrarekin jotzea
  • Arraspatua
  • Errematea
  • Pasea

Jokoaren oinarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Colpbolaren oinarrizko bi zutabeak lankidetza (kolpe bakarreko jokoa baita) eta hezkidetza (taldeak beti mistoak baitira) dira. Colpbolaren oinarriak honako hauek dira:

Talde-izaera nabarmentzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Colpbolak desberdintasunak leundu, eta talde-izaera indartzen du. Lankidetza bultzatzen du, eta beste kiroletako indibidualismoa apaltzen du.

Oinarrizko xede horretatik sortuko da Colpbola gainerako inbasio-kiroletatik bereizten duen araurik berezko eta funtsezkoena: pilota ezin da ez harrapatu ezta atxiki ere, jo egin daiteke soilik; eta, batez ere, jokalari batek ezin du pilota bi aldiz jarraian jo.

Horrela, jokalari batek ezin du berak bakarrik jokoa sortu, bere taldekideen laguntza behar du.

Hezkidetza eta genero-berdintasuna. Integrazioa. Kirola guztiontzat.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezkidetza Colpbolaren zutabeetako bat da. Taldeak, beti, neskez eta mutilez osatuko dira, beraz elkarketa hori modu naturalean emango da.

Horrekin batera, integrazioa bultzatzen du, jokalari guztiek parte hartu behar dutelako gaitasun maila kontutan izan gabe (jokalari bakar baten joko ona ez da nahiko irabazteko, taldekide guztien laguntza beharko du helburua lortzeko).

Estereotipoak gainditzea.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirol honetan estereotipoak gainditzen dira, bai teknikoak baita jarrerazkoak ere. Errendimenduzko kiroletan ez bezala, Colpbolean ez dago kopiatzeko eredurik (jarrera desegokiak, keinu tekniko okerrak...); horrela jokalariek sormena erabiliko dute sortzen zaizkien arazoen aurrean.

Aukera-berdintasuna.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirol berria denez, parte hartzaile guztiek zerotik abiatzen dira. Ezagunak diren kiroletan sortzen diren desberdintasunak (aurretik dituzten jakintza edo praktikengatik) Colpbolean ez dira gertatzen, denentzat berria baita.

Arrakasta eta autoestimua.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jokoan arrakasta motor asko izaten dira. Colpbola baloia jotzeko abilezian oinarritzen denez, eta abilezia hori denok berezkoa dugunez, ekintza arrakastatsuak ohikoak dira. Horrekin batera, arrakasta ez dute soilik gola sartzean lortzen, baizik eta, pase on bat egitean, defentsan baloia moztu edota aldentzean... Ekintza horiek guztiak modu egokian indartuz parte-hartzaileen autoestimua eta autokontzeptua handitzen da.

Bizitasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso dinamikoa da, jokalari guztien gozamena bermatu eta jarduera fisiko osoa eskaintzen die. Jokoaren dinamikan baloia ezin da atxiki edo gelditu, horrela intentsitate maila handitzen da eta. Oso motibagarria da eta normalean praktikatzen dutenek eskola eremutik harago ere aritzen dira.

Aberastasun motorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Motore aldetik oso kirol aberatsa da. Baloia airetik nahiz lurretik jotzeko aukera dagoenez, baloia jotzean oinarritutako keinu zein mugimendu tekniko askotarikoak ahalbidetzen ditu. Hori guztia, orokorrean, eskuekin egiten da, baina gorputzeko beste atalak  ere erabil daitezke, hala nola, besoak, burua edota gorputz-enborra. Beste oinarrizko trebetasun-motorrak ahaztu gabe: korrika egitea, jauziak, birak...

Erraztasuna. Aniztasunaren trataera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arautegi ulerterraza da colpbolaren beste oinarrietako bat. Horrela, ulermen aldetik sor daitezkeen gatazkak ekidin eta gaztetxoen nahiz gizarte-egoera ahuleko taldeei edo behar bereziak dituzten pertsonei parte hartzeko aukera ematen die.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Colpbol - Qué és el Colpbol?» www.colpbol.es (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  2. «MAKILARIAK: COLPBOL JOLASA SOINKETAN» MAKILARIAK 2018-02-15 (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  3. Paredes, David. (2013). Colpbol, un nuevo deporte de equipo. EFDeportes.