Nerbio glosofaringeo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nerbio glosofaringeo
Xehetasunak
Identifikadoreak
Latineznervus glossopharyngeus
MeSHA08.800.800.120.290
TAA14.2.01.135
FMA50870
Terminologia anatomikoa

Nerbio glosofaringeoa edo IX. bikote kraniala entzefalo enborreko erraboiletik irteten den nerbio mistoa da. Bere jatorria erraboilaren oliba atzeko ildoa da eta burezurretik zulo jugularraren bidez ateratzen da X. eta XI. gara nerbioekin batera. Zulo jugularrean nerbio glosofaringeoaren beheko gongoila (Andersch gongoila) eta goiko gongoila (Ehrenritter gongoila) aurkitzen dira. Bertan, IX. gara nerbioaren osagai diren zuntz aferenteen somak kokatzen dira. Nerbio glosofaringeoa nerbio estilofaringeoarekin batera doa eta faringearen goiko eta erdiko gihar hertsatzaileen artetik igarotzen da orofaringera eta mihira heltzeko.

Faringearen nerbio-plexuan parte hartzen du. Horrez gain, aferentziak jasotzen ditu mihitik eta faringetik eta eferentziak bidaltzen ditu muskulu estilofaringeora eta parotida guruinera.

IX.bikote kraniala (gorriz markatuta) ikusten da, erraboilaren oliba atzeko ildotik ateratzen.

Nukleoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nukleo anbiguoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errai nukleo eragile berezia da. Zubiaren behealdean sortzen da eta erraboilean zehar luzatzen da. IX eta X gara nerbioen bitartez bideratuko ditu bere zuntzak, beraz, beren ibilbidea egingo dute.

III, IV eta VI poltsa faringeotik sortutako muskuluak inerbatuko ditu: glosofaringeotik doazen zuntzek III. poltsa faringeotik eratorritakoak eta bagotik doazen zuntzek IV-VI poltsa faringeoetakoak.

Garaldetik irteten diren zuntzak glosofaringeoaren bitartez bideratzen dira eta buztanalderagotik ateratakoak, ordea, bagoaren bitartez. Bi nerbioak zulo jugularretik ateratzen dira.

Kortexaren eragina bilaterala da.

Beheko listu nukleoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errai nukleo eragile orokorra da. Erraboilean kokatzen da, goiko listu nukleoa baino beherago.

Nukleo honetako zuntzak (presinaptikoak), IX. nerbio bikotearen bitartez bideratuko dira. Hala, gongoil aurreko zuntzak gongoil otikora iritsiko dira eta bertan sinaptatuko dute. Zuntz postsinaptikoak nerbio aurikulotenporalaren bidez parotida guruinera iritsiko dira hura inerbatzeko.

Nerbio glosofaringeoa (horiz), nukleo anbiguoa (gorriz), beheko listu nukleoa (urdinez) eta traktu bakartiaren nukleoa (morez) ikus daitezke.

Traktu bakartiaren nukleoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errai nukleo hartzaile bakarra da. Erraboilean kokatzen da eta informazio orokor zein berezia hartzen du. Bi atal ditu:

  • Goiko atala: sentikortasun berezia (dastamena) hartzen du tinpano korda, glosofaringeo eta nerbio bagoaren bitartez. Hala, dastamen informazioa traktu bakartiaren nukleoaren goialdera iritsiko da.
  • Beheko atala: errai informazioa heltzen da atal honetara, orokorra: faringe eta laringeko mukosarena, barohartzaileena, kimiohartzaileena, torax eta abdomeneko erraiena… Informazio hau glosofaringeo eta bagoaren bitartez heltzen da.

Gaixotasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1. https://www.ehu.eus/eu/web/anatorama/home 2. https://es.wikipedia.org/wiki/Nervio_glosofaríngeo 3. https://en.wikipedia.org/wiki/Glossopharyngeal_nerve

Irudi gehigarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]