Quark sorgindu

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Quark sorgindu deritzona (c quarka ere deitua, ingelesezko charm quark izenetik datorrena) quarken bigarren belaunaldiko funtsezko partikula bat da. Funtsezko kargaren +⅔eko karga elektrikoa eta ½ko espina du, ondorioz fermioi bat delarik eta Pauliren bazterketa printzipioa betetzen duelarik. Gainontzeko quarkek bezala quark sorginduak kolore karga du eta antiquark sorginduak antikolorezko karga du. Elkarreragin nuklear indartsua sentitzen dute.

Jatorrian, Murray Gell-Mannek eta George Zweigek 1964an quark eredua garatu zutenean goi, behe eta bitxi quarkak proposatu zituzten. 1970ean, Sheldon Glashowk, John Iliopoulosek eta Luciano Maianik quarkek bikoteka existitu behar zutela pentsatu zuten, leptoiekin gertatzen den bezala, honela quark sorginduaren existentzia iragarriz. Beranduago, 1974an J/ψ partikula aurkitu zen SLACean, quark sorginduz osatua zegoen lehena.

Quark sorginduak batez besteko bizitza laburra izan behar du, bigarren belaunaldiko leptoiek bezala. Ebidentzia bakarra berehala desegiten diren hadroiak eratzen dituela da, baina quarkaren beraren batez besteko bizitza neurtzea oso zaila da, konfinatua baitago.

Quark honek eratzen dituen hadroiei sorginkeria deritzon zenbaki kuantiko bat ematen die, eratzen duten quark sorginduen kopurua ken antiquark sorginduen kopurua bezala definitzen dena.

Quark sorginduak dituzten hadroiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Mesoiak
    • D mesoi mota guztiak quark edo antiquark sorgindu batez osatuak daude
    • J/ψ partikula quark sorginduak eta antiquark sorginduak eratutako egoera da. Sorginonio bezala ere ezagutzen da (charmonium ingelesez)
    • B mesoi sorginduak ere badu quark edo antiquark sorgindua
  • Barioiak
    • Lambda partikula sorginduak (Λ+c) eta omega partikula neutro sorginduak (Ω0c) bana dute.
    • Xi partikula sorginduak (Ξ+c eta Ξ0c) ere quark sorgindu batez osatuta daude.