Topic on Wikipedia:Txokoa

Theklan (eztabaidaekarpenak)

Eztabaidatzeko moduko proposamen batekin nator. Abisatzen ditut @Lainobeltz eta @Artegia, maiz aritzen direlako egun eta urteetako artikuluak hobetzen (eskerrik asko, bide batez, egiten duzuen lanagatik!).

Kontua da ingelesezko Wikipedian urteetako artikuluak nola dauden antolatuta aritu naizela ikusten, maiz @euwikipedia sare sozialak elikatu behar direlako. Bertan eskema zabalago bat dute, baimentzen duena urteetako artikuluetan efemeride garrantzitsuenak jartzea, eta gero efemeride "txikiago" batzuk mugitzen dituzte hilabeteetako artikuluetara.

Adibidez, 1924 artikulura bazoaz, badute artikulu hori (en:1924). Bertan daude efemeride nabarmenak (oso anglosaxoiak, hori logikoa da), urte horretan jaio eta hildakoak, eta ondoren badute 1924ko urtarrila bezalako artikulu bat (en:January 1924), non egunez eguneko gertakariak bildu daitezkeen. Gainera, badituzte ere espezifikoak (en:1924 in science, en:1924 in music...). Honek aukera ematen du zehatzagoak izateko, eta desberdintzeko efemeride txikiak handietatik, edo gaikako bilaketak egiteko.

Nire ustez eskema oso potentea da, eta saia gintezke azken mendekoak horrela sailkatzen, denborarekin. Soilik hilabetekoak eginda 1.200 artikulu berri izango lirateke azken mendean. Eta baditugu hortik ere XXXX musikan moduko artikuluak (1968ko musika, adibidez), eskema egiten lagundu dezaketenak. Denborarekin ere 1924 Euskal Herrian sortu beharko genuke, eta efemerideak bilatzen aritu (momentuz nahiko zaila da hori betetzea).

Beraz, nire proposamena da azken mendea hilabeteka ere zatitzea, momentuz, eta gai batzuk ere sortzea pentsatzea (musika edo zinema aukera onak izan daitezke, baditugulako elementu nahik).

Zer deritzozue?

Gotzon (eztabaidaekarpenak)

Ideia oso ona da; ahalegin handi bat eskatzen duena, egia da hori, baina astiro-astiro betetzen joan daitekeena.

Uste dut, ahal ere, aiseago egin daitekeela urratsez urrats ipinita helburuak; hau da, adibidez:

- 2024ko urtea bost bihilekotan banatu, udako uztail-abuztuak «opor» eginda.

- Bihileko bakoitzean, bi hamarkada urtetik > hilabeteetara egiteko helburua (edo, hobe, lehiaketa) ipini.

Horrela, bi hilabetez behin balantze moduko bat egin daiteke, helburuak betetzen ari ote garen ikusteko eta, behar izanez gero, prozedura edo epeak aldatzeko.

Iñaki LL (eztabaidaekarpenak)

Erraz eta laster esateko, oso potentea iruditzen zait hori egin ahal izatea. Hala ere, egun, urtekako soila (1924) ikusten badugu, eskasa da, eta egiteko asko. Potentzial handikoa, baita esfortzua ere.

Lainobeltz (eztabaidaekarpenak)

Nik neuk jaiotza eta heriotzen atalak hileka azpiataldu ditut behin horretarako edukia izan dutenean, Azpiatal gehiago sortzea ez dut ikusten, gero beteko ez badira. Urteen artikuluak eurak, jaiotza eta heriotza atalak kentzen badira, nahiko laburrak dira gehienak, eta ez dira asko editatzen. Uste dut hobe izango litzakeela, orain dauden atalak betetzen joatea, eta aurrerago, edukia dagoenean, orduan azpiataldu eta beharrezko bada banandu daitezke.

Zeren, lan handia eskatzen duen erronka hau, uste dut 1927ra heldu orduko, jendea beste lehiaketa/erronka batean mugildu, eta ahaztuta geldituko dela. Beraz, nik oraingo eskema mantenduz artikuluotan efemerideak txertatzearen aldekoa, eta, aurrerago, serio doala ikusten bada, begiratu daiteke...

Theklan (eztabaidaekarpenak)

Bai, akaso bete, eta ikusten badugu bat gehiegi hazten dela, orduan azpiartikuluak egin daitezke.

"Urtetatik hilabetetara" mezuari erantzun