Txantiloi:2010-44 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Lazarragaren eskuizkribua edo Joan Perez Lazarragakoren eskuizkribua arabar idazleak berak gutxi gorabehera 1567tik 1602ra bitartean idatzitako lanak biltzen dituen paper sorta da. XVI. mendetik iritsi zaizkigun euskarazko testu bakarretakoa dugu, eta Hego Euskal Herriko literatura idazlan zaharrena. Halaber, Euskal Herria (eusquel erria) izena dakarren lehen idazkia dugu Lazarragarena; hiru aldiz ageri da eskuizkribu osoan.

Artzain nobela batek eta 21 koplek osatzen dute eskuizkribua. Guztira 51 orri dira eskuizkribuan (111.000 karaktere inguru, 52 orrialde estandarren parekoa edo), gehienak euskaraz idatziak (% 88 inguru), eta gainerakoak gaztelaniaz idatziak; baina pleguak ez daude osorik, eta gutxienez beste hamasei orri galdu dira ezagutzen dugun zatian, gehi aurretik izan zitezkeenak, artzain eleberria in media res hasten baita.