Wikipedia, Entziklopedia askea

Apolo

Eduki-taula

Apoloren estatua

Apolo antzinako Greziako mitologiako jainkorik garrantzitsuenetako bat zen. Argiaren, gaztetasunaren, edertasunaren, poesiaren eta musikaren jainkoa zen.

Olinpo mendian ospatzen ziren oturuntzetan, bere lira (harparen antzeko musika tresna bat) joz liluratzen zituen jainkoak. Osasunaren, uzten eta abere eta artaldeen zaindari bezala ere gurtzen zen. Beranduago, Heliosekin nahasten zutela eta, eguzkiaren jainkotzat hartua izatera iritsi zen.

Apolo profezien jainkoa ere bazen, eta Delfoseko bere orakuluaren bidez, etorkizuna adierazten zien gizakiei. Bere zilarrezko arkua eta urrezko geziak erabiltzen zituen urrutitik bere helburuak jotzeko. Zeusen borondatea jakinarazten zuen, eta lege erlijioso eta zibilen babesle nagusia zuen. Beste jainkoek ere beldurra ziotela esaten zen.

Apolo jainkoa Zeus eta Leto titanaren semea zen, eta Artemisa izeneko arreba biki bat zuen. Delos uhartean jaio zela esaten zen, Egeo itsasoan.

Apolo gaztea zenean, bere lehen ekintzetako bat Piton suge hilgarria hiltzea izan zen. Inor ez zen ausartzen piztiarengana hurbiltzera, Parnaso mendiaren magalean bizi baitzen, Grezia erdian. Apolok bere arkua eta geziak erabili zituen Piton hiltzeko.

Apolok sugea hil zuen tokiari Delfos izana eman zioten, eta, bertan, jainkoak, bere orakulurik ospetsuena ezarri zuen. Delfosen, bere orakuluak (azti moduko batek) etorkizuna jakinarazten zien galdetzen ziotenei. Apoloren inspiraziopean, argibideak ematen zizkien gaixotasunei, gerrari eta bakeri buruz eta kolonien eraikuntzari buruz. Horretarako, aztia trantzean sartzen zen, eta ahoskatzen zituen hitzak eta soinuak apaizek interpretatu egiten zituzten.

Apoloren inguruko beste mito bat Eros maitasunaren jainkoarekin izan zuen liskarra da. Eros Apolorekin haserretu egin zen bere arkulari gaitasunak zalantzan jarri zituelako. Mendeku hartzeko bere urrezko gezia jainko ederrari bota zion bat-bateko maitasuna eskainiz. Erosek desamodioaren gezia Dafneri bota zion. Apolok Dafne ikustean berataz maitemindu eta segika hasi zitzaion. Dafnek kontrako sentimendua zuenez ihesi joan zen. Dafnek korrika jarraitu zuen nekatu zen arte, eta bere aitari deitzea erabaki zuen. Bere aitak Dafne erramu bat bihurtzea erabaki zuen. Apolok Dafne aurkitu zuenean, erramu bilakatzen hasia zen. Geroztik, erramua landare sakratua zen Apolorentzat.

Antzinako erromatarrek batez ere sendatzearen jainkotzat hartzen zuten Apolo, K.a. 431. urtean jasan zuten izurrite baten ondoren bereziki. Geroago, Augusto enperadoreak Erromako jainko nagusietako bat bihurtu zuen. Enperadoreak bere jainko nagusia zela uste zuen, eta tenplu bikain bat eraikiarazi zuen haren omenez.

Antzinako artistek ile luzeko gazte eder bat bezala irudikatzen zuten Apolo, askotan koroa batekin eta bere lira eta arkuarekin. Estatuarik ospetsuena Apolo Belvedere deitzen dena da, brontzezko jatorrizko greziar baten kopia erromatar bat, gaur egun Erromako Vatikanoko Museoetan dagoena.