Wikipedia, Entziklopedia askea

Bandalo

Eduki-taula

Bandaloen migrazioak.

Bandaloak antzinako Germaniako tribu bat izan ziren, V. mendean Erromatar Inperioa inbaditu zuena. Erdi Aro hasieran bandaloek elizei eraso eta eraikinak suntsitzen zituzten. Bandaloek eragindako txikizioak oso indar handiz geratu ziren jendearen oroimenean; horregatik, oraindik ere "bandalo" hitza erabiltzen da jabetzak hondatzen dituztenei deitzeko.

V. mendearen hasieran bandaloek beren Baltikoko jaioterria utzi eta hego-mendebalderantz jo zuten, Hunoak haiei segika zebiltzalako. Rhin ibaia pasatu ondoren, Galia inbaditu zuten, gaur egungo Frantzia. 409an frankoen aurkako bataila bat galdu zuten eta Pirinio mendiak zeharkatuta, Hispaniara ihes egin zuten. Bertan, 20 urte inguru igaro zituzten, Genseriko (Gaiseric) errege bihurtu zen arte.

Genseriko erregeak 429an Gibraltarko itsasartetik Afrikara gidatu zuen bere herria. Erromarekin haserre zegoen afrikar probintzia bateko gobernatzaile batek gonbidatu zuela pentsatzen da. 439an Genserikok Kartago konkistatu zuen, erromatarrek Afrikan zuten hiririk garrantzitsuena. Erreinu bandalo burujabea ezarri bertan. Genserikok bere itsasontziak iparraldera bidali eta Erroma hiria konkistatu zuen 455ean. Konkistatutako lurraldeetan agindu zuen, 477an hil zen arte.

Genserikoren ondorengoen garaian, erromatarrek bandaloen beldur egoten jarraitu zuten haien erasoengatik eta kristau ortodoxoen kontrako jazarpenagatik. Bandaloek arianismo izeneko kristautasunaren aldaera jarraitzen zuten. 533an Justiniano enperadore bizantziarrak Belisario bere jeneral bikainari bandaloak menderatzeko agindua eman zion. Borroka gogor ugariren ostean, Belisariok bere misioa bete zuen. Bandalo gizonen gehiengoa erromatarren esklabo bilakatu zituzten. Urte gutxiren buruan, bandaloak desagertu egin ziren.